GAUR8 - mila leiho zabalik

«Bilduta Euskal Herria Irabazi Ahal Dugu»


Horrela formulatuta, izenburu hori irakurrita, printzipioz, eta baita funtsezko funtsean ere, ados, alde. Lagunartean bolo-bolo dabil herritar batasuneko hautagaitza baten proposamena. Astindu ditu bazterrak, uxatu ditu nagi intelektualak, inarrosi norbere “txikimunduko” konfort eta lubaki mentalak... Ez da gutxi. Ideia botopaper batean gauzatuko ote den ez dago aurreratzerik. Gaur-gaurkoz ezetz esango nuke. Ikuskizun dago ordea. Agian bai... agian. Zoritxarrez, baina, eskaskeria ez da falta kultura politikoan, irabazteko galtzen jakin behar dela kosta egiten da barneratzen eta arriskuak hartu behar direla errazagoa da esaten, arriskuan bizitzea baino. Errazagoa aldaketaren alde gaudela aldarrikatzea benetan aldatu nahi dugula demostratzea baino.

Astea politikoki baldintzatu duen proposamenak bide oparoa du aurretik. Espainiako hauteskundeetaraino eta askoz urrutirago, irismen luzea izan lezakeelako. Alderdi politikoen adostasuna beharko da, baina herritarren protagonismoa eta bultzada ditu ezinbesteko. Ilusioa piztea, jendearen berotasuna eta azkartasun taktiko handia. Beharko ditu oso sinpleak eta garapenerako aukeraz beterikoak diren puntu programatikoak, izen eta erabaki zehatzetan asmatzea, oraingoz, inoren, inongo alderdien esku ez diren soluzioetan asmatzea.

Herritar batasuneko hautagaitzaren ideia euskal politikaren plazara jalgi den unea ohiz kanpokoa da, larritasuna aitortzea merezi duen testuinguruan dator. Katalunian hamar aste bakarrik falta dira independentziaren gaineko hauteskunde plebiszitarioetarako, eta, gurean, gure bi lehendakarietako bat, Felipe erregearekin edo Pedro Sanchez PSOEko buruarekin, unionismoa goratzen den ekitaldietan. Oso irudi lotsagarria, Euskal Herritik Kataluniara igortzen den seinale tristea. Baina hori da dagoena. Bankuekin egin bezala, EAJk PSE erreskatatzea erabaki du, Euskal Herria kabitzen ez den normaltasun zahar-berri bat betikotu nahian. Marka da gero une zehatz honetan eta etorkizunerako iragan mendeko «Ardanza eredua» lehenestea!

Gure esku dago Euskal Herriko politikaren ibilbide zentrala EAJ-PSOE arrastotik ateratzea. Herritar batasun kandidatura batek bakarrik ez du hori lortuko baina bultzada emango lioke ahalegin horri. Jendearen umore politikoa piztuko luke, jendea ahaldundu eta konfiantza propioak indartuko lituzke. Independentista garenontzat, gainera, lur oparo bat ongarrituko luke, gure mapari erliebea emango lioke, goldaketa aro berri bati indarra. Eta hori guztia kalkulagailua hartzeko tentaziori eusteke: hamabi diputatu eta hamar senatariekin, lehen indarra.

Jokoa zabalduko luke, presoak askatzeko aukera berriak leudeke, independentismo serio bati begirako eztabaida erradikalari patxada eta horizonte sakonagoa erraztuko lioke. Hori guzti hori positibo pentsatzen jarrita, orotan panorama okerrenean jarrita eskuak burura eramateko arrazoiak faltan ez ditugula aitortuta. Baina bai, posible balitz, lagun asko bezala, ni ere, pozez txoratzen! Ametsaren ildoan, bete eta beteki. Begiak itxi eta Bizkaiko zerrendako azken postuan Gaizka Garitano imajinatzen dut, edo Gure Esku Dagoko Anjel Oiarbide edo Nafarroako Ahal Duguko Laura Perez bezalakoak. Julen Mendoza eta Ion Collarrek Errenterian eskaini ziguten besarkada eder hari berriak gehituz, Gasteizen sumatzen den elkarkidetza oparo horri segida emanez... Taktikoki azkarra eta estrategikoki palanka indartsua da.

Badakit ez dela erraza izango, horrek bakarrik ez dituela ezkerreko independentismoak dituen demontreak zuzenduko, ez dela bere baitan behar eta merezi dugun estrategia sendo eta serio bat eutsiko duen harri filosofala. Hamarkadetako borrokaren amortizazioa ez dut inondik ikusten, aitzitik, independentziaren bidea asko zabalduko duen errentabilizazioaren lagungarria dakusat oso.

Ezinezkoa dela? Saiatu beharrekoa baina ilusio handiegirik egiteke? Hor datza, baina, politikaren artea: gaur ezinezko dirudiena bihar saihestezin egitean. Eutsi horri bada, animo eta kurai on! •