2015 IRA. 26 IKUSMIRA GALDERAK HARRESI DIRENEAN ERREFUXIATU OLDEAREN AURKA Dabid LAZKANOITURBURU Greziako Lesbos uhartera iritsi da. Dozena erdi kilometrora dagoen Turkiako lurraldetik egin duen bidaiatik onik atera da –beste batzuek ez dute zorte hori izan– baina uraren ertzean sakabanatuta dauden txaluparen arrastoetan sumatzen da bizitako arriskua. Hondakinetan eta bizkarrez begiratuta ere antzematen zaizkion malkoetan. Ondoan duen boluntarioa haren tristura sakona arintzen saiatzen da. Baina nor da? Ze aurpegi du? Arabiarra da ala Asiako begi kizkurrak ditu? Siriarra al da? Norengandik ihesi? Ez da ISIS edota Al-Nosra talde jihadistekin borrokan aritutakoa izango gero... Edota, agian, egungo jende-oldearen krisia aprobetxatuz Europa aberatsaren ateak zabalik ikusi dituen traidorea (bere aberriarekiko, noski). Zein demontre da? Galdera ugari, bai, baina erantzunen bila egiten ez diren galderak, norberaren iritziak edota, are okerrago, politika diskriminatzaileak justifikatzeko baizik. Zer gara gu, europarrok? Horra hor galdera.