2015 AZA. 14 IKUSMIRA LAGUNARTEAN GOZATZEKO KIROL BATEN AHALIK ETA ANTZEKOENA Juan Carlos Ruiz /Argazki Press Amagoia Mujika Telleria Bada dena libre den toki bat. Buila egitea, muturreraino haserretzea edo pozez lehertzea baimenduta dagoen toki bat. Harmailetatik zelaira goitik behera begiratzen zaie oinetako fosforitoak eta tupe perfektuak luzitzen dituzten kromoetako pertsonaiei. Harmailetatik zelaira bai, baina behetik gora begiratzen zaie, puntaren puntara iristea lortzen duten gutxi horien artean daudelako. «Futbolean jolastea lan bat da?», galdetu zenuen behin. «Gutxi batzuentzat bakarrik, oso zaila da, ia inork ez du lortzen...», saiatu ginen zuri hanketatik beherantz tira egiten lurra uki zenezan. Segitu beharko dugu kromoetan agertzen ez direnak famatzen, idolo propioak sortzen eta indartzen, kontraborrokan, futbola lagunartean jokatzeko edota gozatzeko kirol zirraragarri baten ahalik eta antzekoena izan dadin.