2015 AZA. 14 Zoriontasuna sare sozialetan Iratxe Esnaola Informatika ingeniaria Snapchat sare sozialak Facebook berak baino zoriontsuago egiten omen zaitu; hala dio behintzat Michiganeko Unibertsitateko ikerketa batek (http://ns.umich.edu/new/releases/23223-snap-decisions-more-happiness-gained-by-using-snapchat-than-facebook). 154 ikaslek inkesta bat bete zuten, euren smartphonearen bitartez testu formatuko mezuak bidaliz. Galderetako batzuek euren azken interakzio sozialaren gaineko informazioaz galdetzen zuten: norekin izan zen, zein kanal erabiliz eta zer sentitu zuten une hartan. Hortik atera dute ondorio nagusia: Snapchat erabiltzean sentitu emozioak positiboagoak dira Facebookekin sentituak baino. Horren atzean, azterketaren autore den Joseph Bayer ikertzailearen hitzetan, Snapchat erabiltzaileek sentitzen duten askatasuna dago. Askatasun hori Snapchaten ezaugarri bereizgarriak eskaintzen du: bidaltzen duzuna, segundo batzuetan, desagertu egiten da. Berdin da testu bat edo argazki bat den; desagertu egingo da (guztiz, esango nuke ezetz, baina gure mezuaren hartzaileek ez dute euren mugikorrean gordeta izango). Are, Bayerren aburuz, Facebook une garrantzitsuak partekatzeko gune bilakatu da, ondo pentsatu eta landutako sarrerak argitaratuz. Eta Snapchatek lapurtu dio, antza, une txikiak eta landu gabeko argazki eta edukiak bidaltzeko kanalaren izaera. Hortaz, Snapchatek egunerokotasunari gehiago erantzuten diola dio, erlaxatuago agertzen garela tresna honen aurrean. Finean, autentikoagoa dela. Mahai gainean jarri du, era berean, ea Snapchat erabiltzaileek pribatutasunaren kontzientzia handiagoa ote duten. Nik nire zalantzak ditut (edukia desagertu egiten dela sineste hutsak, pribatutasunaren gaineko kontzientzia lausotzen du nire ustez). Eta hori gutxi balitz, beste ikerketa batek Instagram sare sozialaren gorakada azpimarratzen du, Facebooken jaitsieraren ondoan http://www.piperjaffray.com/private/pdf/Taking_Stock_Teach-In_Spring_2014.pdf). Asko dira, zoriontasuna eta sare sozialen gaineko azterketak. Beste batean, Facebooken euren harremana publiko egiten duten bikoteen eta publiko egiten ez dutenen arteko aldea ikertu da (http://www.newswise.com/articles/are-lovey-dovey-facebook-couples-all-they-seem). Diotenez, bikote harremanaren hasiera eta bilakaera Facebooken argitaratzen duten bikoteak zoriontsuagoak omen dira. Beste era batera esanda, euren harremana publiko egiten duten bikotean kasuan, euren harremanarekiko duten asebetetze-maila handiagoa omen da. Aurkako norabidean, erabiltzaileotako batzuek Facebook bikotekidea kontrolatua mantentzeko erabiltzen dutela ematen du aditzera azterketak. Inkesta, noski, Facebook erabiltzaileei bidali zitzaien, betiere hilabete eta 30 urte bitarteko bikote harreman batean bazeuden. Euren asebetetze-maila neurtzeaz gain, zein argazki argitaratzen dituzten eta bikoteari zenbat mezu publiko bidaltzen dizkieten aztertu nahi zuten. Kasu honetan ere, zoriontasunaren autentikotasunaz mintzo dira. Eta autentikoagoa omen da euren harremana publiko egiten duten bikoteen zoriontasuna. Hitz handiak dira gero. Mugimendu handia dago sare sozialen munduan. Aspaldi esan ziguten gelditzeko sortu zirela. Ez zirela desagertuko. Baina oso dinamikoa da teknologiaren mundua eta egiten diren ikerketetan nabaritzen da. Horregatik, ziur aski, gero eta arruntagoak dira sare sozialen abandonu-tasa neurtzen duten ikerketak. Eta horregatik ere, Facebookek “Desatsegit” botoia sortzeko aukeraz hitz egin du eta Twitter berak faboritoen ordez bihotz bat jarri du. Aldaketak ematen ari dira, erabiltzaileen beharretara egokitu nahian. Sare sozialen munduan, hein handi batean, erabiltzaileek definitzen baitute, inkontzienteki baina naturalki era berean, tresna baten etorkizuna. •