GAUR8 - mila leiho zabalik

Ardi latx elektrikoekin edo gaitasun digitalekin egiten dugu amets?


Duela lau aste Olatz Arbelaitz azaroaren 12ko Informatikari Euskaldunen Bilkuraz aritu zen. Eta lau aste beranduago, ekitaldia pasa eta gero, ezin aipatu gabe utzi.

Robotikan, hiru hitzaldi gonbidaturen bidez murgildu ginen. Horri buruz ezer gutxi dakigunontzat, harrigarria izan zen ikustea zer-nolako ikerketak egiten ari diren munduan. Philip K. Dickek irudikatu zituen androideak, itxuraz gizakiengandik desberdintzeko zailak direnak, oraindik ez dira existitzen. Dena den, badira saiakerak gizakion formak eta ekintzak kopiatu nahi dituztenak, baina oraindik urruti omen gaude sentimenduei dagokienez. Robotak ez dira sentimenduak adierazten zein antzematen trebeak. Ez dira, oraindik behintzat, enpatikoak!

Enpresa gazteak ere baditugu munduan asko zabaltzen ari den droneen merkatuan. Haiek garatutako robotentzako burmuinak deritzotenak aurkeztu zizkiguten, sarearekin izan ziren arazoak gorabehera. Eta niretzako ikaragarriena, ebakuntzak egiteko beso robotikoa izan zen. Mahats ale bat zuritu zuen mamia ezertarako ukitu gabe! Oso-oso garestiak omen dira robotok, eta euskal enpresa bat diseinu merkeago baten atzetik dabil. Agian, ebakuntzak egiteaz gain, Urtezahar gaueko mahatsei azala kentzeko erabiliz gero, bigarren etekin bat atera dakieke. Kar, kar, kar.

Ondoren komunikazioak izan genituen. Ziur gauza askoz gehiago aurkezteko aukera bazegoela, baina hauek izan genituen: tresna informatikoetan euskararen presentzia zabaltzeko lanean dihardutenak; itzulpen automatikoak hobetzen dihardutenak; euskara zuzentzeko tresnak eskaintzen dituztenak; eta euskara idatzia ez ezik, web orrietan dagoena ere euskaraz entzuteko aukera ematen dutenak. Herritarren partaidetza sustatzen dutenak ere aurkeztu zizkiguten.

Roboten presentzia minimoa izan zen komunikazio irekiotan, baina azaldu, azaldu ziren, eta, gainera, hezkuntzaren mundutik. Ikusi ahal izan genuen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek nola lor dezaketen arduino plaka baten bidez zaharren egoitza bateko bizitza geldoa animatzea eta adineko pertsonen buruak aktibatzea.

Horrekin, hiri laborategi irekiekin, lanbide heziketarako euskarazko material elektronikoarekin eta ikas arloetan konpetentzia digitalen uztarketarekin, «Informatikaren irakaskuntza Lehen eta Bigarren Hezkuntzan» izenburudun arratsaldeko mahai inguruari ireki genion atea. Teknologiaren erabilera eta teknologiaren sorkuntza balantzaren bi aldeetan jarri ziren; Europa mailan definitu diren konpetentzia digitalak azaldu ziren mahai gainean.

Nik gaitasun digitala alfabetatze orokorrarekin konparatu nahiko nuke. Irakurtzen ikasteak ate asko zabaltzen dizkigu, baina ez da nahikoa irakurtzen jakitearekin, irakurtzen duguna aztertzeko gaitasuna ere landu beharra dago; pertsona ezberdinek idatzi dutenarekin puzzleak egin ditzakegu eta testu berriak sortuko genituzke horrela. Dena den, benetako alfabetatzea ez da iristen idazten ikasten dugun arte. Izan ere, gure ideia propioak garatzeko aukera ematen digu idazketak. Noski, umeei idazten irakasten zaienean ez da espero ume horiek guztiak milaka lagunek irakurriko dituzten eleberriak idaztea, baina, aldiz, horretara iristeko bideak zabaltzen zaizkie. Gaur egun alfabetatze digitalaren bila bagoaz, mundu digital horretan sortzen ere irakatsi beharko genieke umeei, programatzen, beren sormen teknologikoa gara dezaten. Jakin badakigu ume guztiek ez dituztela garatuko milioika lagunek erabiliko dituzten aplikazioak, baina horretara iristeko bideak zabaldu beharko genizkieke.

Akaso eztabaida pixka bat falta izan zen. Badirudi ez ditugula txapela buruan artaldean ibiliko diren ardi latx elektrikoak hezi nahi, baizik eta etorkizunean androideei enpatia eman, droneekin urruti bizi direnen bizitza erraztu, kirurgiarako robot merkeagoak garatuko dituzten pertsonak sortu. Hori lortzeko bideak nondik hasi behar duen da dirudienez eztabaidagaia. Irakasleek hartu behar al dute ardura? Geldi behintzat, ezin dugu geratu! Etorkizunean esan ahal izango dugu Informatikari Euskaldunen Bilkurak bide hori ere ireki duela? •