2015 ABEN. 05 IKUSMIRA DEBEKATUTAKO GAIRIK EZ ZUEN EMAKUMEA RABATEN ITZALI DA Jose Angel Oria Gaur egungo Maroko ezagutzen duten irakurle gazteei sinestezina egingo zaie astelehenean zendu zen Fatima Mernissi bezalako emakume bat herrialde horretan sortu izana. Izan ere, Fez hiriko harem batean 1940an jaiotako idazle, soziologo eta irakaslearen lanak emakumeen eskubideak aldarrikatu izan ditu beti, era arrakastatsuan gainera, Mendebaldean zein herrialde musulmanetan, komunikaziorako zuen gaitasun apartari esker. Bere testuetan defenditu izan du islama ez dela berez emakumearen aurkako erlijio bat; eta egun leku askotan nagusitzen ari den misoginia, emakumezkoenganako ezinikusia, boteretsuek ezarritako islamaren irakurketak eragindakoa dela, Angeles Ramirez Madrileko Unibertsitate Autonomoko adituak nabarmendu duenez. Gainera, Mernissik askotan salatu du emakumeak herrialde musulmanetan egin dituen ekarpenak ezkutatu egiten direla. Bere ustez, Mendebaldeko emakumeak ere bere esklabotza propioak jasaten ditu.