2015 ABEN. 12 Youtuberrak Iratxe Esnaola - @puntues Informatika ingeniaria Urte bukaeran, ohikoa izan ohi da urtearen errepasoa egitea. Twitter sare sozialak egin du berea eta identifikatu ditu eragin handiena izan duten txioak, gehien bertxiotu direnak, kontu bat ireki duten pertsona ezagunak eta egin du 2015eko tendentzien ranking bat ere. Youtube atariak ere egin du. Tira, Google etxeak, berea baita Youtube: munduko hirugarren webgune bisitatuena. Kuriosoa da emaitza. 2015ean ikusiena izan den bideoaren protagonista 5 urteko haur bat da, Heaven King. Bere ama da bideoak igotzen dituena, alaba koreografiak dantzatzen dagoen bitartean. Youtube atarian bere alabaren dantzari ibilbidea proiektatzen du. Eta bide batez, sustatzen saiatu (berak dioenez). Estiloak eta estiloak daude. Bigarrena iragarki bat da, Clash of Clans jokoarena, Liam Neeson aktorea protagonista duena. Eta bada hirugarren bat. Eta arlo musikalean ere beste ranking bat egin dute. Eta baita estatuka banatu ere. Sarean dago, erraz aurkitzeko moduan: #YoutubeRewind2105 deitu diote. Baina zentra gaitezen lehenengoan. Gisa horretako bideoak igotzen dituztenei youtuber deitzen zaie: Youtube atarian kanal propioa duten erabiltzaileak dira. Dio, Youtube berak, lehen hiru youtuberren urteko diru-sarrerek milioi bat euro baino gehiagoko batura ematen dutela. Eta uneko musikari famatuenak baino ezagunagoak direla. Batzuk lanbide gisa ulertzera iritsi dira. Eta ez da gutxiagorako. Minutu bakoitzeko, 300 bideo ordu baino gehiago igotzen dira Youtubera. Bigarren bilatzaile nagusia da, Google beraren atzetik. Zalantzarik gabe, multimedia edukiak partekatu eta kontsumitzeko modua aldatu du. Eta horregatik, batzuek, lanbide gisa ulertzen dute. Eta horretatik bizi dira: bideoak ekoitzi eta partekatzetik. Hori da Melo Moreno bideoblogariaren kasua. 26 urte ditu eta bost urteko epean milioi erdi jarraitzaile lortu ditu. Eta berak baieztatzen du, bere kanalak ematen diola jaten. Bere kanala gai arrunten gaineko umorean oinarritzen da. Eta zenbaki arruntak dira hauek. Badira bi ordutan bi milioi aldiz ikustera iristen diren bideoak, youtuber batek partekatuak. Bi eta bederatzi dolar artean ordaintzen omen ditu Youtubek mila aldiz ikusten den bideoko. Eta, hortaz, kanal horretatik bizitzeko, bisita asko behar dira. Hala dio Dani Feixas kataluniarrak, “Cómo triunfar en Youtube” liburuaren egilekideak. Youtuberren bideoak, normalean, gaztetxoei zuzendutakoak izaten dira, 13 eta 24 urte bitarteko gazteei. Bideo horien arrakastaren giltza, Feixasen ustetan, lau hitzetan defini daiteke: talentua, sormena, gozamena eta ahalegina. Munduko youtuberren rankinean, lehendabizikoak 25 urte ditu eta suitzarra da (Pewdiepie, 34 milioi jarraitzailerekin). Hilean 400 milioi aldiz baino gehiagotan ikusten dira bere bideoak eta 77.000 euro irabazten ditu. Bigarrenak, 24 urte ditu eta txiletarra da (Holasoygerman, 21 milioi jarraitzailerekin). Hilean ia 64 milioi ikustaldi lortu eta 10.400 euro irabazten ditu gutxienez. Hirugarrenak 27 urte ditu eta estatubatuarra da (Smosh, 20 milioi jarraitzailerekin). Hilean 88 milioi ikustaldi eta 16.700 euro. Lehen bostetan zaharrenak 28 urte ditu. Gazteak dira eta gazteei zuzentzen zaizkie. Eta dituzten diru-sarrerak asaldatzekoak dira. Baina sortzaileak izan dira, eta ekintzaileak. Ideia bat garatu dute, berria. Eta bidea egin ahala, eurekiko espektatibak eta itxaropenak ere sortu dituzte eta erantzun egin behar dute. Sormen lan handia dago atzean, eta konstantea izatea bideoak partekatzerakoan. Horrela lortu dute milioiak eta milioiak sortzen dituen webgune baten filial txiki izatea. Mini-youtube bat. Bakoitzaren estilo eta neurrikoa. Duela urte gutxi arte nekez irudika zitekeen hau. •