2015 ABEN. 26 Ai ama, oporretara noa eta... Ana Arruarte EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria Ai ama, oporretara noa eta tren-txartela baino ez daukat! Eta argazki-kamera bat erosi nahi nuen joan aurretik. Eta hotela ere, aldez aurretik erreserbatzea litzateke egokiena. Baina zer kamera erosi? Eta zer hotel erreserbatu? Zein zonaldetan? Zenbat izarretakoa? Eta, erosiko al dut libururen bat trenean irakurtzeko? Zer generotakoa? Edo, film bat erosiko dut tabletan ikusteko? Drama, akzioa…? Galdera gehiegi, zalantza gehiegi kuadrilako lagunekin pote bat, edo bi, edo hiru hartzen ditugun bitartean argitzen laguntzeko. Izen ere, gaia ezagutuko al dute? Eta ezagututa ere, nitaz kokoteraino bukatuko dute. Baina, une honetan, nahi eta nahi ez, aholkuen beharrean nago. Lagun eta ezagunak alde batera utzi eta badago, ordea, beste aukera bat. Internetez baliatuko naiz hau guztia lortzeko. Gaur egun, gero eta hedatuago daude Amazon edo Booking, edo, gurera etorrita, Elkar bezalako negozioak, argazki-kamera merkea, hotel txukuna, edo liburu eta film entretenigarriak bilatzeko. Erabiltzaileari Interneten interesgarri duen eduki bat modu eraginkorrean bilatzea ahalbidetzen dion teknologiari gomendio-sistemak deritzogu. Sistema hauen helburu nagusia da, Interneten dabilen informazio andanaren artean, erabiltzailearentzat egokia den edukia topatzea; haren nahiak asetzen dituen produktu edo eduki hori. Hiru dira, nagusiki, gomendio-sistemek kudeatzen dituzten elementuak: itemak edo produktuak, erabiltzaileak eta transakzioak. Itemak gomendatzen diren edukiak dira; adibidez, kamerak edo filmak. Transakzioak, berriz, erabiltzaile eta itemen arteko erlazioak dira, pertsona-ordenagailu interakzioan sortu eta jasotzen direnak; adibidez, klik bat eginez zer argazki-kamera erosi adierazten dudanean (balorazio inplizitua), edo eta filma ikusi ostean ematen diodan puntuazioa zuzenean ordenagailuan idazten dudanean (balorazio esplizitua). Transakzioetan jasotako datu guztiak, inplizitu zein esplizitu, dira gomendio-sistemek erabiltzaileei zer gomendatu erabakitzeko erabiliko duten datu-iturri nagusia. Sailkatzen hasita, esan genezake gomendio-sistemak bi multzo nagusitan banatzen direla: gomendio-sistema ez-pertsonalizatuak eta gomendio-sistema pertsonalizatuak. Lehenek, item berberak gomendatuko dizkiete erabiltzaile guztiei. Erabiltzaileek argazki-kamera bat erosi nahi dutela adierazi eta sistemak argazki-kamera multzo bera erakutsiko die jakin gabe, adibidez, 12 urteko neskato batekin ari diren edo 50 urteko enpresaburu batekin, edo argazkigintzan eskarmentua daukan batekin ari diren ala ez. Gomendio-sistema pertsonalizatuak, aldiz, gai dira aurrean daukaten erabiltzailearen hainbat ezaugarri kontuan hartzeko, kamera multzo bat edo beste gomendatzeko. Horretarako, noski, erabiltzailearen hainbat ezaugarri ezagutzea ezinbestekoa da sistemarentzat, eta hurrengo batean ezagutza hori berrerabili ahal izateko sistema datu horiek gordetzeko gai bada, are eta hobeto. Gomendio-sistema batzuk itemen analisian oinarritzen dira gomendio bat egiteko orduan. Liburu bat erosi eta irakurri ostean gustuko nuela adierazi banuen sisteman, hurrengo liburua erostera joaten naizenean aurrekoaren ezaugarri antzekoak dituen liburuak gomendatuko dizkit, betiere ezaugarri berriak adierazi ezean. Beste batzuek, berriz, erabiltzaileen analisia dute oinarri. Item bat gomendatuko didate baldin eta nire antzeko ezaugarriak dituen erabiltzaile batek gustuko izan bazuen edo erosi bazuen. Nire antzeko ezaugarriak dituzten bezero gehienek “Loreak” filma gustuko izan zutenez, hori gomendatuko dit sistemak hurrena film bat erostera sartzen naizenean. Badirudi 90eko hamarkadan sortutako ideia teknologia bilakatu eta, merkataritza-munduan sartzearekin batera izan duen arrakasta ikusita, gure artean geratzeko etorria dela. Oporrak antolatzeko, gaurkoan, gomendio-sistemek hartu dute lagunen tokia. Nork daki, hemendik aurrera, ez ote ditudan erabiliko sistema horiek seme-alaben ikaste-modulua, unibertsitate-gradua edo masterra aukeratzeko, gimnasioan zer musika entzun aukeratzen laguntzeko, gai bati lotutako zer berri irakurri jakiteko, aitona-amonen urrezko ezteietara eramango ditudan zapatak erosteko edo, auskalo, auskalo zertarako! •