2016 URT. 09 BAI&BY-REN OSPAKIZUNA Euskarazko sistema adimenduna garatzen ari da, hezkuntza eta jendartea hobetzeko Duela 25 urte, oraindik ordenagailuek solas egiten ez zutenean, euskara ikasteko lehenbiziko softwarea sortu zuen euskaltzale talde batek. Gaur egun, euskara eta ingelesa barneratzeko sistema adimendun bakarra, Bai&by, garatzen dihardute. Krisiari aitzin egin eta fundazioaren proiektua burutu dutela ospatu dute besta batekin. Maider Iantzi Goienetxe Goizeko hiruretan amaitu zutela kontatzen dute, Bilboko Alde Zaharrean kantuak kantatzen, trikitiaren eta albokaren laguntzarekin. Jai bat izan zen, «bizitza honetan gauzak ondo doazenean ospatu egin behar direlako». Hala azaldu digu Entzi Zubirik, 1991n, Ilari eta Artur anaiekin batera, Didaktiker sortu zuen lagunak. Izenak adierazten duen gisan, didaktika ikertzea zen egitasmoaren xedea. Ikerketaren emaitza DDK System izeneko sistema adimenduna izan zen, baita euskara ikasteko lehenbiziko softwarea ere, Haberekin batera egina: Ikas-Txip. Geroxeago garapena ingelesa ikasteko moldatu zuten eta hala jaio zen EnglishExpert. Orain, organigrama zabal baten parte da Entzi Zubirik zuzentzen duen Didaktiker. Bai&by fundazioak barnebiltzen ditu Bai&by osoa eta bere sei adarrak: Estatua, Iruñea, Bilbo eta Areeta, Donostia, Gasteiz eta Didaktiker. 52 langile dira orotara. Bilbon bildu ziren 2015 bukaeran, krisiaren ondotik «suabe-suabe gorantz» hasi direla ospatzeko. Gainera, Bai&by fundazioa eratzeko proiektua ia burutua dago eta horrekin ere gustura daude. Ametsa harago joan da 1998tik Bai&by-ren kanpaina guztien aurpegia izan den Santi Ugalde aktoreak gidatu zuen ekitaldia. Ondoan izan zituen Andoni Egaña eta Arrate Illaro bertsolariak, Pernando Goñi marrazkilaria (aurkezpenari lagundu zion bere marrazkiekin) eta Andres Urrutia euskaltzainburua, bertzeak bertze. Ikasleak, enpresak, euskalduntze sektoreko kideak... Fundazioarekin lan egin duen jende ugari elkartu zen. Entzi Zubirik pozik azaldu digu duela 25 urte zuten ametsa baino «askoz ere harago» joan dela proiektua. Horren erakusgarri izan zen jaia. Adierazi duenez, ametsa harago joan da teknologia izugarri aldatu delako. Adibidez, azken proiektuan, Elhuyarrek aplikazio bat prestatu du euskara eta ingelesa linguistikoki etiketatzeko. Hala, edozein esapidetan ze hizkuntz elementu dauden jakin daiteke: ze aditz, ze denbora, ea erlatibozkoa den… «Iraultza izugarria da». «Didaktiker sortzean hau ikusi izan bagenu, zientzia fikzioa zela pentsatuko genuen. Baina hori ez zaigu guri bakarrik gertatu. Hori gertatzen ari da. Dauden aurrerapen teknologikoak erabiltzen asmatzen badugu, hainbat arlotan eta ikaskuntzan zehazki aurrerapen itzelak egiten ahalko ditugu. Izugarria da aurreratu dena eta aurreratzen ari garena», nabarmendu du. Bakarka ikasteko tresnak Aipatu bezala, orain dela 25 urte sortu zen sistema adimenduna. «Sustatu genuenok euskalgintzan geunden, eskolak ematen eta didaktikan, eta kezka bat geneukan: zergatik hainbat ikaslek ez zuen ikasten? Helduen ikaskuntzan hizkuntzekin oso ohikoa da hori, ez da euskararen bakarrik gertatzen. Hizkuntz eskolan jendea 3. mailara iristen da, baina 4. eta 5. mailetara oso gutxi. Diagnostiko bat geneukan: oinarri falta, ikasteko estrategia desegokia, blokeoak…», oroitu du Zubirik. Orduan, IKAn ikasleak bakarka ikasteko tresnen bila hasi ziren. Liburu berezi batzuk egin zituzten, soluzioak amaieran zituztenak, ikasleak bere kabuz landu ahal izateko, partitura bat ikasten den moduan. Paperean, orduko formatuan, ikasleei ikasten irakasteko ahalegina egin zuten. 1987an, paraleloki, Ilari Zubirik informatikak laguntza handia eman lezakeela pentsatu zuen. Hala jaio ziren, 1991n, Didaktiker eta Ikas-Txip. Hauen berezitasuna, beren sinpletasunean (orduan oraindik ordenagailuek ez zuten solas egiten), sistema aditu bat izatea zen, hau da, irakasle birtual bat. «Didaktikerren oso teknologia aurreratua geneukan, produkturik onena, baina oso zaila zen merkaturatzea. Orduan, erabaki genuen produktua beharrean zerbitzua saltzea. Hala sortu genuen Bai&by». Hiru zentro ireki zituzten lehenbizi, Bilbo, Gasteiz eta Arrasaten, eta 2000n bertze hiru, Getxo, Iruñea eta Donostian. Konpetentzia handia egon zen (BlaBla&Company, WStreet, Opening…), krisia ere bai. Gainera, Opening-ek ikasle guztiak kanpoan utzi zituen eta horrek sektore osoa ukitu zuen, jendea beldurtu egin zen. «Baina gu indartuta atera ginen». Ondasun soziala «Teknologian izugarri inbertitu dugu: 2000tik hona sei milioi baino gehiago, didaktikaren ikerkuntza lehentasuntzat hartuta. 2003an Internetez ikasteko lehenengo softwarea geneukan euskaraz. Ikusi genuen sortuta geneukan teknologia hori berezia zela, aukera itzelak zituela eta ondasun horrek ez zuela esku pribatuetan egon behar; ondasun soziala izan behar zuen», segitu du Zubirik azaltzen. Aukerak aztertu eta ondasuna babesteko erarik onena fundazioa zela erabaki zuten. 2007an jaio zen Bai&by fundazioa. Baina fundazioa «herren» gelditzen zitzaien eta barrenera begiratu zuten. «Kontraesan guztiekin, fundazioa ez delako perfektua, hitzarmen kolektiboa egin genuen. 2013an, urte batzuetako prozesuaren ondotik, lankide guztiekin adostuta, garatu genuen. Bertan, langileek parte hartzeko tresnak daude, jarraipen batzorde bat, erabaki estrategikoak hor aztertzen dira, langileek ahotsa eta botoa edukitzeko eskubidea jasotzen da, onura batzuk (amatasun bajan astebete gehiago, adibidez)…». Errate baterako, gehienezko soldata txikienaren halako 2,5 izan daiteke. Soldatak arrazionalizatzeko eta eztabaidatzeko mekanismoak daude. Halako tresnak sortu dituzte desberdinak izateko baita barrura begira ere. Iraultzak eta jendea Bai&by fundazioak 3 + 1 helburu ditu, eta +1 horixe da hitzarmen kolektiboa. Hiru xedeak honakoak dira: euskara eta euskal kultura bultzatzea; hezkuntza sistema adituak zabaltzea eta hezkuntza baliabideak sozializatzea, hezkuntza eskubidea errealitate izan dadin; eta garapen bidean dauden herriekiko elkartasuna. «Gure ustez, hezkuntzak, baita hizkuntzak ere, gizartea eraldatzeko ahalmena dauka. Ondo dago gobernuak aldatzea, baina historian ikusten dugu hori egitea oso zaila dela. Iraultzak egiten dira, baina jendearen funtzionamendua ez da aldatzen. Bietan egin behar da lana, baina aldaketa sendoena barrutik hasita egiten da, behetik gora. Egin dugun planteamendua da, gure txikitasunean, gure inguruan, lankideekin, harremanetan, beste entitateekin… horretan eragitea. Eta hor hezkuntzak eta sistema adituek ahalmen handia izan dezakete». Hainbat proiektu sustatu dituzte orain arte. Adibidez, Seaskari lagundu diote, Garabide elkartearekin Bai&by plataforma kitxuara moldatzeko proiektua egin dute eta ingelesa euskaratik ikasteko programa garatu dute. Ingelesa euskaratik ikastea «Azken hau ibilbide handiko proiektua da. Frogatuta dago ingelesa euskaratik ikasteak euskara bera indartuko lukeela. Euskaldunok ohituta gaude gaztelaniaz edo behar den moduan eskuratzen teknologiak, hizkuntzak… Orduan, ez dakit bezero asko egingo ditugun, baina fundazioaren helburuekin bat dator, eta, gainera, gure ustez, oso tresna interesgarria izan daiteke gazteei begira», adierazi du Didaktikerren zuzendariak. Sopelako Ander Deuna ikastolarekin eskuz esku ari dira lanean eta bertze ikastola eta gazte batzuengana zabaltzeko asmoa ere badute, euskaratik ingelesa eskura dezaten. Bertze egitasmo bat Elhuyarrekin eta BCBL zentroarekin egiten ari diren elkarlana da. Kognizioaren, burmuinaren eta hizkuntzaren ikerketarako diziplina arteko nazioarteko ikerketa-zentroa da BCBL, eta Donostian kokatu dago. LangMind da egitasmoaren izena. Euskararen eskurapena nola egiten den eta horretan sistema adituak zer zerikusi izan dezakeen aztertzen ari dira. Hego Euskal Herriko 50 bat ikaslek parte hartu dute. Egun osoko probak egin dituzte. Probak amaitzear daude. Gero emaitzak alderatu eta ondorioak aterako dituzte. «Oso itxaropentsu gaude. Oso egitasmo polita da. Aurkeztuko dizuegu emaitzak dauzkagunean». Bai&by-n ikasleek programarekin ikasten ematen dute denborarik gehiena eta eskolak ere jasotzen dituzte “hegaldi librea” egiteko. Hegaldi librea hizkuntz simulatzaile bat da, trebatzeko baliagarria. «Lurreratu egiten zara eta nahiz eta krak egin ez dago arazorik, abiadura mantsotzen duzu, angelua egokitu…». Irakasle birtuala Irakasle birtual bat dago ordenagailuan. Ikaslearen ezaugarriak antzematen ditu. Lehenengo bere epe ertain eta luzerako oroimena neurtzen du, hori baita hizkuntzak ikasteko balio duena. Eta asimilazio gaitasuna eta bertze hainbat parametro kontuan hartuz, estrategia bat diseinatzen du hezur-haragizko irakasle batek egiten duen bezalaxe. Ikaslea gidatzen du. «Neurolinguistika oso argi frogatzen ari da enpirikoki aspaldi genekiena, alegia, informazioaren berreskurapena egin behar dela ikasteko», agertu du Zubirik. Adibidez, honako esaldia: “Ez dut uste etorriko denik”. Didaktikerren zuzendariaren arabera, melodia bat bezala sentitu behar da ikasteko. Unitate bat izan behar du, akorde bat. Hala, “ez dut uste etorriko dela” entzutean tonua galtzen duela konturatuko gara. Gramatikak erraten digu ezezkoa dela eta beraz “-ik” amaiera behar duela, baina «ezin da hitz egin beti gramatikatik tiraka. Gauzak ikasi behar dira musika ikasten den bezala». Irakasle birtualari esker, ez soilik ingelesarekin, euskararekin ere estatu mailan multinazionalekin lehiatzen dabiltza. Euskarara iraultzen dute –ingelesera ere bai, merkatuaren %70 baino gehiago baita oraindik– teknologian egiten duten aurrerapen guztia. Hainbat jendek eskatzen die frantsesa edo beste hizkuntzaren bat ikasteko aukera. Baina horrek inbertsio handia eskatzen du. Etorkizunean badute ideia gauza gehiago egiteko, baina pixkanaka-pixkanaka. Malgutasuna eta metodologia pertsonalizatua eskaintzen ditu sistemak, era dibertigarri eta dinamikoan, jarduera ugarirekin: jolasak, bideoak, ahoskera, lexikoa, idazlanak... BCBL zentroarekin egitasmo batean lanean ari dira euskara nola eskuratzen den eta horretan sistema adituak zer zerikusi duen jakiteko. 50 ikaslek parte hartu dute