2016 OTS. 06 IKUSMIRA Gatazkak eragozterik izan ez duen ezkontza kurdua Ainara Lertxundi Argazkian ageri den bikotearen ezkontza eguna da. Kurduak dira eta Diyarbakir hirian bizi dira. Erasoek eta etengabeko liskarrek sortutako keari begira daude. Soldadu turkiarren eta PPKren arteko borrokek sorturiko kea da. Egun horretan, urtarrilaren 27an, lau soldadu hil zituzten. Hori izango da beraien ezkontza eguna gogoaraziko dien argazkietariko bat. Maitasuna eta gatazka tartekatzen dituena. Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak, Zeid Raad al Husseinek, Turkiako Armadaren ekintzak iker daitezen eskatu du. Plazaratutako bideo batean, soldadu turkiarrak Cizre herri kurduko zibilen kontra tiroka ageri dira, nahiz eta eskuetan bandera zuria duten. «Irudiak benetan hunkigarriak dira», adierazi zuen. Urtarrilaren 20an gertatu zen. Zauritu batzuk lagundu nahian ari zen pertsona talde baten kontra egiten zuten. Bi hildako egon ziren, tartean zinegotzi bat, eta hamar zauritu. Hori da bikote honek eta, oro har, kurduek bizi duten errealitate gordina.