GAUR8 - mila leiho zabalik

Bideo bidez nahi duzuna ikasi!

Teknologia

Amonaren bexamela errezeta, kontaktuak Androidetik iPhonera eramaten, integralen garapenean trebatzen, lehenengo urratsak balkoietako barazkigintzan, «responsive» webgune erakargarriak sortzen (maila aurreratua), mendiko orientazioan eta GPS erabilpenean hastapen ikastaroa… orotariko bideoak topa ditzakegu egun Interneten. Horietariko asko gure ezagutza beharrak asetzeko iturri amaigabe izanik, zergatik ez diegu etekin maximoa ateratzen?

Azken hamarkada honetan Internet sarearen hedapena deigarria izan da. Batetik, metatutako informazioaren bolumenak eta formatuek aldaketa handia jasan dituzte: hasiera bateko hipertestu orri soilen sareetatik ahalmen handiko argazkiak, musika, bideoak edota zerbitzuak eskaintzen dituzten biltegi espezializatuak konektatzen dituzten amarauna osatzeraino doa eboluzioa. Hala eta guztiz ere, sareetara konektaturiko gailu digitalen zabaltze esponentziala izan da transformazio honetako beste giltzarria. Kable nahiz wifi bidezko estalduren hobekuntzak, softwarearen garapenarekin batera, materialen hodeiratze prozesuak nabarmen erraztu dituzte. Esate baterako, 2014an Youtubek aditzera eman zuen euren webgunean minuturo 300 ordu bideo berriri ematen zitzaiela ostatu, aurreko urteko hirukoitza; eta gaur egun 1.000 milioi erabiltzaile baino gehiago dituela. Kontuak atera!

Bideoen erabilpenak abantaila ugari ditu prestakuntza arautuan nahiz arautu gabekoan. Nagusiena, egunero 24 orduz eskuragai daudela; gure ezagutza beharrak asetzeko, egoera kritikoetan lagun gaitzakeen informazioa errazteko edota gure aisialdia betetzeko. Nahi izanez gero, hurbileko adibide zehatz bat hizkuntzen ikasketa da. Arlo honetan ahozko ulermena, ahoskera eta komunikazio-gaitasunak jorratzeko baliagarriak dira bideoak. Gainera, geroztik gerora, bideo gehiagok azpitituluak dituzte, abiadura desberdinetan erreproduzi litezke, eten edota bideo zatiak nahi adina aldiz erreproduzitu, horiek izanik bideotutorialetan eta prozesuetan eskertzekoak diren ezaugarriak. Horrela, Interneten bistaratze tipikoak dira honakoak: “Nola sinkronizatu agendak gailu digitalen artean”, “Nola prestatu autoa bidaia luze baterako”, “Nola prestatu eskura ditudan perretxikoak”... Bideo horiek pilula didaktikoak kontsidera litezke, minutu batzuk besterik ez dirauten arren.

Haatik, doako ezagutza iturri horiek agudo identifikatu dituzte zibernautek. Eta sortzaile batzuek, igoeren ikusketa kopuru gogoangarriak animatuta, euren arloan beste bideo pilula gehiago ekoitzi dituzte bai eta webguneak txukundu ere, bideo kanaletan antolatuz entregak eta arreta lerroa edota postontzia integratuz. Hori horrela, batzuk benetako lerroko akademia bihurtu dira. Horren adibide dira, besteak beste, Julioprofe, Quimitube, Unicoos, ThinkWell. Eta, ezin aipatu gabe utzi TED talks, zientzia eta ideien zabalkunderako gunea, nahiz beste liga batean jolasten duen honek.

Bistan denez, hezkuntza arloko negozio-eredu berriak bideo digitalen ahalmen handiaz jabetu dira, eta baliabide pedagogiko hori beste batzuekin uztartu dute jada hain berriak ez diren ikaskuntza metodologiatan, hala nola, lerroko ikasketetan (elearning, mooc), lerroko eta presentziazko jarduerak konbinatzen dituzten ikasketetan (blending learning) eta bideo jokoetan oinarritutako ikasketetan (video game-based learning).

Eskaintza oso zabala da, oinarrizko kontzeptuak jorratzen dituzten ikastaroetatik profesionaletaraino. Gehienbat praktikotasunean sakontzen dute, jardueren zuzenketak ere egiten dira eta tutoretza-laguntza lerroa integratua dute. Hainbatek betekizunak gainditu izanaren agiri homologatuak ematen dituzte, batez ere unibertsitate, antolatzaile edota babesle publikoek sustatutakoak badira. Azken kasu horretan, ikastaroetako programen, ikasmaterialen eta ongi egitearen bermatzaileak ere badira entitate horiek. Hortaz, ezagutza berrien edota gaitasunak lortzeko bidea arintzen diote ikasleari, sareko amaraunean nora ezean ibil ez dadin, hori bai, gehienetan, diru truk. Hemen ere erabiltzaileentzat aukerak amaigabeak dira, adibidez: EHUko, UNEDeko edo beste unibertsitateetako on line ikastaroak, MiriadaX, Coursera, EdX, Udacity, … .

Gustu, behar eta poltsikoetarako aukera hauek guztiak klik batera edukiz, nolatan alboratu? Ziur behar duzuen argipen hori jada norbaitek igoa duela hodeira, etekina atera iezaiozue orduan! Erabili hala, onurak barneratuta, ziur aurrerago bideoz osatutako autoikaskuntzako ikastaro batean ere parte hartuko duzuela. Eta nork daki, zuetariko norbait akaso bideoak egiten ere hasiko da! •