2016 MAR. 05 Generoa eta denboraren erabilera Etxeko lanak eta zaintza, parekidetasuna neurtzeko termometroa Genero identitatea etengabe eraikitzen eta deseraikitzen den zerbait da; pertsonen arteko harreman moduekin, jarrerekin eta jokaerekin. Genero-rolen sustraiak oso luzeak eta sendoak dira, gure baitara sendo lotuak daudelako. Eguneroko jardunean denbora banatzeko eta erabiltzeko moduetan ere igartzen da hori, Eustatek oraintsu mahai gainean jarri duen ikerketa batek datu zehatzekin kontatzen duenez. Azken eguneraketa: 2016 MAR. 07 - 13:31h amagoia.mujika@gaur8.info Eustat Euskal Estatistika Erakundeak duela aste batzuk egin du publiko “Bi hamarkadako gizarte-aldaketa Euskal AEn denboraren erabileraren bitartez. Denbora Aurrekontuen Inkesta, 1993-2013” izeneko ikerketa. Bertan datuen gainean jasotzen du azken hogei urteotan nola aldatu den denboraren erabilera egunerokoan. Ikerketaren baitan kapitulu propioa eman diote “Generoa eta denboraren erabilera” gaiari, hain zuzen ere Marina Sagastizabal eta Marta Luxan soziologoen gidaritzapean. Izan ere, gizonezkoek eta emakumezkoek desberdin banatzen eta erabiltzen dute denbora, horretan ere genero rolen garroak uste baino sakonago sartuta baitaude. Etxeko eremua eta zaintza esparru oso esanguratsuak dira genero eraikuntza edo deseraikuntza aztertzeko. Hartara, azken hogei urteotan ikusi da aldaketarik, nahiz eta ez diren izan desberdintasunak erabat desagertzeko adinakoak. Kapitulu horren egileen arabera, genero identitatea gure eguneroko interakzioetan eta ekintzetan eraiki edo deseraiki daitekeen eraikuntza kulturala da. Hartara, beti gaude «generoa egiten», gure portaera orok generoaz hitz egiten baitu. Etxeko lanen eta zaintzaren eremua genero eraikuntzarako esparru pribilegiatua dela ulertzen dute Sagastizabalek eta Luxanek, «emakumeak eremu honetan gehiago inplikatzea eta gizonak gutxiago bata eta besteari asignatutako generoen ‘esentziarekin’ bat datorrelako». Beraz, denboraren erabilera ereduek generoa «egitearen» edo «desegitearen» inguruko pistak ematen dituztela ulertuta, pista horien atzetik osatu dute txostena. Parekidetasunaren termometroa Etxeko lanena generoaren eraikuntzaren muinean kokatzen den gaia da zenbait autoreren ustez, eta bikotekideen arteko parekidetasuna neurtzeko oso baliagarria dela nabarmentzen dute. «Bikotearen funtzionamendurako termometro bat da, eta, era berean, bikotearen parekidetasuna ezartzen du. Hau da, etxeko lanen eta zaintza lanen esparruan erabakitzen, konfiguratzen eta gauzatzen da, hein handi batean, bikote harremanen eredua. Lanon banaketa eta antolaketari begiratzeak genero harremanak nolakoak izango diren ulertzen laguntzen du», jaso dute ikerlariak egindako lanean. 1993tik 2013ra bitartean aldaketarik nabarienak jaso dituen jarduera da etxeko lanena. Aldeak txikitu egin dira, baina oraindik handiak dira, bai kopuruan eta baita nolakotasunean ere. Etxeko lanen esparruan, ohiko eta ezohiko jarduerak banatzen ditu Eustaten inkestak. Ohiko lanetan sartzen ditu jana, barruko etxeko lanak (garbiketa) eta jantziak eta etxeko arropak. Ezohikoetan, berriz, bestelako konponketak, erosketak, kudeaketak eta erdi-aisiak, haurrekin parkera joatea kasu. «Emakumeei erreparatuz gero, nahiz eta jarduera mota biei eskainitako denbora murrizten den, ohiko etxeko jarduerekiko lotura ezohiko jarduerekikoa baino intentsuagoa da aztertutako epealdian zehar: 1993an ohiko jarduerei lotuta 3 ordu eta 15 minutu pasatzen zituzten emakumeek eta ezohikoei ordubete; 2013an, aldiz, 2 ordu eta 25 minutuko eta 44 minutuko dedikazioak dituzte. Gizonen portaerak kontrako bilakaera izan du, hau da, gero eta denbora gehiago eskaintzen diete orokorrean etxeko lanei eta, gainera, 2008tik aurrera ohiko jarduerei ezohikoei baino denbora gehiago eskaintzen diete. Baina aldaketak aldaketa, egun emakumeek ohiko jarduerei eskaintzen dieten denbora gizonezkoek dedikatzen diotena bider 2,6 dugu, hots, batere parekidea ez den banaketa baten aurrean gaude oraindik». Zenbait autorek nabarmentzen dutenez, «garrantzitsua da eginkizunen tempoa haien eduki eta balore sozialarekin lotuta dagoela azpimarratzea». Beraz, etxeko lanak banatzeko moduak zer pentsa eman beharko liguke. Lan ordaindua eta ez ordaindua «DAIko (Denboraren Aurrekontu Inkesta) datuak genero-ikuspegitik aztertzen badira, oro har, hautematen da aztertutako aldian aurrerapen nabarmenak egin direla emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko helburuan. Hala ere, generoaren araberako ohiko rolek jarraitu egiten dute herritarrek denbora egunero erabiltzen eta banatzen duten moduetan. Lanaren sexu-banaketak oraindik ere baldintzatu egiten du emakumeek eta gizonek beren denbora kudeatzeko duten modua», dio txostenak. Datuetara etorrita, emakumeek duela hogei urte baino denbora gehiago ematen dute orain lan-merkatuan, eta denbora gutxiago etxeko lanetan eta zaintza lanetan. Gizonek, berriz, denbora gutxiago ematen dute lan ordainduan (krisiak ere izan du partea honetan) eta denbora gehiago etxeko eta familiako lanetan. Aldaketa horiek eman dira, nahiz eta zenbakiek erakutsi oraindik parekidetasuna urrun dagoela. Hogei urteko joanean, emakumeek 34 minutu gehiago eman dute lan ordainduan; eta ordubete eta 18 minutu gutxiago etxeko eta zaintza lanetan. Gizonek, berriz, 59 minutu gutxiago lan ordainduan eta 18 minutu gehiago etxeko eta familiako lanetan. Zaintzan, aldaketa lausoagoa Genero-haustura txikiagotu egin da lan ordainduan eta etxeko eta zaintza lanetan, baina oraindik desberdintasunen gainean eraikitzen da denboraren banaketa. 1993an gizonek baino lau aldiz denbora gehiago ematen zuten emakumeek etxeko lanetan; eta 2013an, ordea, denbora-kopuru bikoitza. Etxeko pertsonak zaintzeari dagokionez, aldaketa dezente mantsoagoa eta lausoagoa da. 1998an txikiagotu egin zen genero-haustura, baina, 2003tik aurrera, handitu. Eta ikerlariek nabarmendu dutenez, zaintzaren zama oraindik ere emakumearen gainean erortzen da nagusiki. Eremu horretan, beraz, parekidetasunerako pausoak ez dira hain sendoak izan. Lan ordainduari dagokionez, sendoxeagoak izan dira urratsak; 1993. urtean gizonek ematen zuten denboraren erdia ematen zuten emakumeek lan ordainduan. Hogei urteren buruan, aldea ez da heren batera iristen. Erabateko Lan Zama Erabateko Lan Zama izan da aztertu duten beste adierazle bat; lan ordaindua, ordaindu gabea, etxeko eta familiako lanak eta borondatezko lanak bere baitan hartzen dituena. Datu osatu hori kontuan hartuta, ikusten da emakumeek gizonek baino lan zama handiagoa hartzen dutela. Hala zen 1993. urtean eta hala izaten segitzen du, nahiz eta aldeak murriztu egin diren. Zehazki: 1993an, emakumeek 6 ordu eta 13 minutu hartzen zuten beren gain, eta gizonek 5 ordu eta 6 minutu (beraz, emakumeek ordubete eta 7 minutu gehiago); 2013an, emakumeek 5 ordu eta 39 minutu hartzen zuten beren gain, eta gizonek 4 ordu eta 48 minutu (beraz, emakumeak 51 minutu gehiago). Nork bere burua zaintzea Nork bere burua zaintzeko gordetzen duen denborari dagokionez, gizonezkoek baino denbora gutxiago hartzen dute emakumeek, ikasketa maila eta adina alde batera utzita. Dena den, nabarmentzekoa da honako aldaketa hau: 1993an emakumeen ikasketa maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora propio gehiago hartzen zuten; azken urteotan, aldiz, bai emakumeen bai gizonen kasuan, ikasketa maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta denbora propio gutxiago hartzen dute. Adinari dagokionez, txostenak jasotzen duenez, «35 eta 59 urte bitarteko emakumeek egindako lanordu bakoitzeko ordu erdi baino gutxiago hartu dute erabilera askeko denbora gisa, beharbada, lan merkatuan parte hartze handiagoa izan arren, etxeko eta familiako lanak ere gain hartzen jarraitu dutelako. Egoera horrek ondorioak izaten ditu eguneroko bizitzaren beste arlo batzuetan, hala nola, gizarte bizitzan, aisian edo joan-etorrietan». Gizarte bizitzan denbora gutxiago Orokorrean euskal herritarrek gero eta denbora gutxiago eskaintzen diote gizarte bizitzari, berdin emakumeek zein gizonek. Baina batzuek eta besteek parte hartze soziopolitikoan eta borondatezko lanetan hartzen dituzten jarreretan igartzen da genero-rolen araberako banaketa. Gizonek parte hartze handiagoa dute erakundeetan, onginahi hutsezko jardueretan eta lanetan; eta emakumeen parte hartzea handiagoa da erakundeen bitartezko onginahi hutseko lanetan. «Gizonek onginahi hutsez egiten dituzten jarduerak, besteak beste, honako hauek dira: alderdi politikoetako kide izatea, sindikatuetako kide izatea, mitinetan parte hartzea, eta abar; bai eta enpresako eta beste erakunde batzuetako kontseiluetan parte hartzea ere. Bestalde, erakundeetan egiten duten lana kudeaketarekin lotuta dago (kudeaketa lana, adibidez). Bestalde, emakumeek onginahi hutsez egiten duten lana erakundeen bitartezkoa da, eta asistentziarekin lotuta dago. Hein handi batean, beste pertsona batzuez arduratzen dira, eta pertsona horiek zaintzen dituzte; beraz, lan horrek lotura handiagoa du emakumeei esleitu ohi zaien zaintzaile-rolarekin». Aisialdi aktiboak gora egin du Aisialdiari dagokionez, inkestak agertu du bai emakumeek bai gizonek handitu egin dutela aisialdi aktiboari eskainitako denbora; batez ere informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilerarekin lotutako denborak egin du gora (gizonek gehiago erabiltzen dituzte). Aisialdi pasiboari dagokionez, emakumeen tasa handitu egin da, eta gizonena txikiagotu. Joan-etorrietan denbora gehiago ematen dute emakumeek eta gizonek. Hala ere, adinari erreparatzen badiogu, oraindik ere desberdintasunak daude, eta adindun emakumeak dira joan-etorrietan denbora gutxien ematen dutenak. Deseraikuntza txikia Datuei begira autoreek nabarmendu dutenez, «gizonen inplikazioaren handitzea etxeko eremuan nolabait euren maskulinitatearen deseraikuntza baten seinale izan daitekeelakoan gaude, nahiz eta deseraikuntza hori oraindik txikia izan. Aldiz, gizonen artean gauzatutako joera aldaketa horrek ez du emakumeengan eragin handirik izan, Etxeko Lanaren Nolakotasun Indizeak erakutsi duen moduan, emakumeen artean ohiko etxeko jardueren karga gizonezkoen artean baino askoz ere handiagoa baita. Horrenbestez, esan genezake genero deseraikuntzarako joera lausoa dela oso eta ezberdina generoaren arabera, hau da, maskulinitatean gertatzen ari diren balizko aldaketak ez dira feminitatearen eraikuntzan eragin handirik izaten ari. Laburbilduz, 1993tik 2013ra Euskal Autonomia Erkidegoan, beste toki askotan bezala, emakumeek nabarmen handitu dute euren parte hartzea lan merkatuan eta gizonek, nahiz eta etxeko eremuan gehiago inplikatu, esan genezake ez dutela neurri berdinean egin». «35 eta 59 urte bitarteko emakumeek lanordu bakoitzeko ordu erdi baino gutxiago hartzen dute erabilera askerako, lan merkatuko zama eta etxekoa beren gain hartzen dituztelako» «Etxeko lanen eta zaintzaren banaketa bikotearen funtzionamendurako termometro bat da, eta, era berean, bikotearen parekidetasuna ezartzen du» «Etxeko eremuan gizonen inplikazioa handitzea euren maskulinitatearen deseraikuntza baten seinale izan daiteke, nahiz eta deseraikuntza hori oraindik txikia izan» «Murriztu arren, oraindik aldeak daude; 1993an gizonek baino lau aldiz denbora gehiago ematen zuten emakumeek etxeko lanetan; eta 2013an, ordea, denbora-kopuru bikoitza»