2016 MAR. 19 Herriari entzutea, hain sinplea baina hain zaila Ramon Sola Kartzelatik atera ostean Arnaldo Otegik plazaratu dituen mezu guztietatik bat bakarra aukeratu beharko balitz, lerroburua idatzi alegia, honako hau izan liteke: «Fase honetan, hitz egitea baino, herriari entzutea tokatzen zaigu». Dena barnebiltzen du Belodromoan ahoskatutako esaldiak: autokritikatik badu, jakina, baina etorkizuneko bidea ere marrazten du eta garaipenak behar-beharrezko duen herri sostengua jartzen du ortzimugatzat. Herriari entzuteak gauza sinple-sinplea dirudi, baina zinez zaila, oso zaila, zaie alderdi edota erakundeei. Kontzeptualki, beraiengandik espero zena toki guztietan eta une oro hitz egitea dela barneratu dutelako, eta entzuteak juxtu kontrakoa eskatzen du: isiltasuna, umiltasuna, enpatia... Eta teknikoki ere, gauza korapilotsua delako. Izan ere, nola, nondik, non, noiz adierazten da herria deitzen dugun hori? Honelako trantzetan, talde politiko, sindikatu eta gizarte eragileekin bilera erronda luzea abiatzeko joera izan ohi du ezker abertzaleak. Baina herria deitzen dugun hori, horietan dago? Eragile horiek ordezkatzen al dute? Gero eta zalantzazkoagoa da erantzuna. Adibide ugari eman litezke. Esaterako, sindikatuen hemengo eta egungo aldarrikapen nagusietako bat jai egunetan dendarik ez irekitzearena da, baina hori al da benetan herriaren eskaera? Agian ez: batetik, bistan da langabetuek edota langile autonomo ugarik lan aukera ikusten dutela irekiera horretan, eta, bestetik, jai egunetan erosketak egin behar/ahal/nahi dutenak ere badira herritarrak. Beste adibide bat. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko bizi baldintzen berdintasuna lortzeko, hemengo eta gaurko arazorik zabalduena kontziliazioarena delakoan nago (etxeko egitekoen banaketa, seme-alaben eta aitona-amonen zaintza, lan ordutegien zoramena, eta abar), baina euskal eragile feministen agendan bestelako aldarrikapen, lehentasun eta kezkak nabarmentzen dira horren gainetik, askotan herritar horien egunerokoari batere eragiten ez diotenak. Hirugarrena eta azkena. Telebista bidez gure etxe guztietan sartzen den errefuxiatuen egoera lazgarria gure herriaren kezka ere badela sumatzen da, honelako lagundu-nahi-eta-ezina badabil kalean; eta guztientzako giza eskubideak aldarrikatzen dituen indar politikoa izanik, EH Bilduren eginbehar eta ikur ere izan beharko litzateke. Baina auziak ondoan dituen eragile internazionalisten agendan indar handirik ez duen neurrian, baliteke Siriako errefuxiatuena euskal herritarren arazoa ez dela ondorioztatzea. Azken urteotan harreman bitxia izan dute Sortuk edota EH Bilduk edota kudeatu dituzten erakundeek hainbat eragilerekin. Presio estrategia baliatu dute eragileok zenbaitetan, lobby gisa jokatuz eta helburu komunak lortu nahi badira tenkatze hori ezinbestekoa dela argudiatuz. Bidezko hautua da, noski. Baina beste norabidean ez da jarrera bera azaldu, ez da ustezko guztion onerako talka hori erabili; aldiz, gaizki ulertutako leialtasunaren izenean, askotan men egin dute egitura politikoek. Eta ondorioz, herriaren agenda aberats eta aberasgarria baino, askoz partikular eta murriztaileagoa den eragileen agenda bere egin dute. Desoreka hori konpontzeko, funtsezkoa da ulertzea hainbat eragile, herriaren ahotsa baino, eragilea bera osatzen duten pertsonen ahotsa direla gehienbat. Eta entzun behar zaie, noski, baina horrekin jada herriari entzuten ari zaiola pentsatzera iritsi gabe. Honek guztiak ez du konpontzen hasierako galdera: herriari entzutea bai, baina nola? Ez dirudi errezeta magikorik dagoenik, baina hainbat baliabide berri bai. Jende gehiagori eta ezberdinari aurrez aurre entzun beharko litzaioke, nola ez. Belarriak eta begiak zabalago ireki. Demoskopia ere aukera bat da. Teknologia berriek komunikazioa asko errazten dute, era positiboan erabiltzen direnean. Zaila da nola egin zehaztea eta zailagoa oraindik benetan gauzatzea, baina Otegik arrazoi osoa du: egin egin behar da, eta ongi egin, bidezidorrik gabe. • Arnaldo Otegik zentzu osoz proposatu duen herri agenda osatzeko orduan arrisku bat agertzen da: ohiko euskal eragileen agendara murriztea. Ez dira gauza bera, herria ez baita horien mugetan sartzen