GAUR8 - mila leiho zabalik
infraganti

IRUNE ALFONSO

Sudurrean aro bat darama, ile beltza dauka eta gizena da. Irune Alfonsoren hiru ezaugarri fisiko besterik ez ditut aipatu, beste asko baditu-eta. Horrez gain, ikus-entzunezko komunikazioko ikaslea, 1997. urtean jaioa, Villabonakoa eta Irmo talde feministako kidea da. «Lodiaktibista» da eta edertasun kanonen aurka borrokatzen du egunero.


Pertsona bat argala denean ez dugu arazorik ikusten, baina gizena bada konnotazio txar bat dago. Niretzat berdina da beltzarana naizela, begi berdeak ditudala edo gizena naizela esatea, gauzarik normalena da, ezaugarri fisikoak besterik ez dira. Beraz, ez nazatela deitu ‘potxolita’; gizena naiz eta kito». Horrela hasi zuen hizketaldia Irune Alfonsok, eufemismoak ez dituela gustuko argi utziz.

19 urte besterik ez ditu baina ez du buruan txoririk. Duela bi urte feminismoa ezagutu zuen eta horrek bere burua maitatzeko tresnak eman zizkion. Egun, «lodiaktibista» gisa definitzen du bere burua, «lodifobiaren kontra egunero borrokatzen duen lodiaktibista». Orain bere gorputzarekin pozik dago, nabari zaio irribarre egiteko moduan, kaletik ibiltzeko moduan, gauzak inolako lotsarik gabe hitz egiteko moduan, baina gaizki pasa du. «Nik ahizpa bizkia dut. Ez dugu antzik, bera beti izan da argalagoa. Amak kontatu izan dit hilabete batzuk besterik ez genituela, haur kotxearekin irtetean, jendeak ‘zein polita den hau, beste hau lodiagoa da’ esaten zuela».

Jada 10 urterekin, Irune berak ondo baino hobeto gogoratzen duen pasadizo bat gertatu zitzaion. Aitonarekin paseatzen zela, auto batek kolpe suabe bat eman zion. Gidariak, barkamena eskatu beharrean, errua berari bota zion esanez lodi zegoela eta arreta gehiagorekin ibili beharra zuela.

Ikastolan bullying edo eskola jazarpena jasan zuen, eta ezezagunen aldetik ere jasan ditu mespretxuak. Adibidez, behin lagunekin parrandan zegoela, pertsona bat gerturatu zitzaion eta bera ez omen zen atsegina izan. «Zu ixo, ez zarela ezer esateko aproposena», esan zioten. «Zergatik? Gizen nagoelako? Gizenak ederrak ez garenez jatorrak izan behar al dugu?», bota zuen gertatutakoa amorruz gogoratzen duen Irunek.

Kaletik ere gauzak esaten dizkiote. Hitzorduaren egunean bertan, kaletik zihoala buila egin zioten auto batetik. Bere ustez, emakumea delako gertatu zen. «Emakumeoi jaiotzen garenetik esaten zaigu ederrak izan behar dugula. Gizonezkoen kasuan ere ematen da lodifobia, baina ezin da konparatu. Agian ez dituzte abdominalak izango, baina ez diete kaletik ezer esango. Emakumeak iraindu egiten gaituzte, zerbait jateagatik kritikatu…», aipatu zuen.

Bere iritziz lodifobiak pertsona guztiei eragiten die, ez bakarrik gizenei. «Edertasun kanon batzuk daude eta horietan sartzen direnek beldurra izango diote gizentzeari. Presio asko izango dute, ispiluari begira biziko dira gizentzen badira badakitelako zer datorren», esan zuen horren ondorioz elikadurarekin arazoak sortzen direla gehituz. Edertasun kanon horiek etengabe errepikatzen dira telebistan, publizitatean eta modan.

«Zenbat maniki daude nire eskumuturrak baino hanka meheagoak dituztenak?». Tailak ere gero eta txikiagoak egiten dituzte, eta, gainera, taila batetik aurrera denda berezietara jo behar izaten da. Honela «bereziak» direla esaten zaie gizenei. Sexuan ere berdina gertatzen da. Pornografia webgunek aztertzen baditugu, esaterako, atal fetitxistak daude, «gustu berezientzako» atalak. Bertan adinekoak, transexualak edo gizenak ageri dira, arruntetik irteten diren pertsonak bailiran tratatuz. «Nire bikotekideari pertsona gizenak gustatzen zaizkio, baina beti esan izan dit ez dela fetitxista, argalduko banintz berdin izango nintzela bere gustuko, nire osotasunak erakartzen duela».

Gizenen kontrako argudio nagusiena osasuna da. Aurreiritzi asko daude eta uste da lodiak beti jaten daudela, ez dutela kirolik egiten, gaixotzeko arriskua dutela. Iruneren esanetan, ez du zerikusirik, badaudelako gizenak kirola egiten dutenak eta ondo elikatzen direnak. «Nik orain arte ez dut osasun arazorik izan», baieztatu zuen. Osasunaren argudioa erabiltzen dutenentzako galdera bat dauka: «Gaixotzen banaiz beraiek zainduko al naute? Ez, ezta? Ba orduan utzi bakean!». Era berean, uste du medikuntzan lodifobia asko dagoela: «Esaten digute altuera eta adinaren arabera ‘X’ kilo izan behar ditugula. Baina niri 5 kilo gehiago edo gutxiago izateak ez dit minik emango».

Kanonak errotik apurtu

Iruneri, pertsona gizen askori bezala, maiz esaten diote aurpegiz polita dela, pena bat dela «galtzera ematen» ari delako, ez duelako bere edertasuna aprobetxatzen. «Aurreneko gauza, nik ez badut nahi nire edertasuna aprobetxatu, zer? Eta bi, zergatik ari naiz desaprobetxatzen? Ni nire kilo guztiekin ere ederra naiz. Ni ez naiz ederra nire aurpegiarengatik: ni ederra naiz nire izter puska hauengatik, nire ipurdi handi honegatik eta nire titi hauengatik. Ni ederra naiz ni neu naizelako».

Edertasuna eta argal izatea lotuta daude gizartean. Interneten belleza hitza idaztera animatzen gaitu (euskaraz “ederra” jarrita emaitza bestelakoa da). «Ez zaizu aterako paisai polit bat, ez. Beti emakume argal, zuri eta gazteak aterako dira», aipatu zuen. Bonita hitza jarriz gero ere edertasun kanon ezagunari erantzuten dioten emakumeak agertzen dira. Bonito jarriz gero, ordea, atuna.

Azken urteetan edertasun kanon hori zertxobait aldatzen ari da. Gordibuenas edo fofisanos gaztelerazko hitzekin hain argal ez dauden pertsonak deskribatzen dira. Irunerentzat eman den pauso hori ez da positiboa. «Edertasun kanonak suntsitu egin behar dira, eta deskribapen horiekin esparrua zabaltzen ari dira, besterik gabe. Emakume eta gizon konkretu batzuk onartzen dituzte orain, baina muga bateraino soilik. Eta horietatik kanpo daudenek ez dute balio. Pixka bat potxolita zaude, baina beno, polita zarenez eta ez zarenez edertasun kanon horietatik gehiegi ateratzen, bada, orduan, onargarria zara. Arazoa suntsitu beharrean arazoa zabaldu egiten da horrela. Sinplista iruditzen zait, beraientzat posizio eroso bat. Kanonak errotik apurtu behar dira, auzia aztertuz eta horren aurka borrokatuz», azpimarratu zuen.

Horretarako, uste du komunikabideetan zabaltzen diren mezuak zaindu egin behar direla, eta, era berean, hezkuntzan ere gaia landu behar dela. «Askotan galdetzen diot nire buruari, zein mundutan bizi garen gure gorputza maitatzen irakatsi beharrean gorrotatzen irakasten digutela kontuan izanik. Hori aldatu behar dugu, gorputzak anitzak direlako, ez daudelako bi berdin».

Irunek ikasi du azkenean bere burua maitatzen, baina kosta egin zaio. Feminismoak lagundu dio, eta bertatik joz topatu zuen lodiaktibismoa, zeinek gorputz aniztasuna defendatzen duen. Berdin du altua, gizena, zimurduna edo elbarria izatea, gorputz guztiek balio berdina dute. Ideia horri helduz, bere buruari argazkiak ateratzen hasi zen eta ispilu aurrean biluzik jartzen. Bere gorputza ederra dela esaten hasi zen, bere burua maite zuela. «Hasieran tontakeria bat zela iruditzen zitzaidan, baina azkenean asko lagundu dit. Lehen ez nuen nire burua maite», kontatu zuen. Zoriontsua da orain. Hala ere, noizean behin egun txarrak ere badituela aitortu zuen.

Orain bera da gainontzekoei laguntzen diena. Gaztea da baina badu eskarmentua. Stop Gordofobia Twitter eta Facebook-eko taldean dabil administrari, eta bere barrenak usteko erabiltzen duen blog bat ere badu, “Adicta a mi cuerpo” deiturikoa. «Besteek nire hitzek laguntzen dietela esaten didatenean oso pozik jartzen naiz», esan zuen. •