GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

LAU URTEZ HAIZEAREN KONTRA, ZAIN BAINA EZ EGONEAN


Lau urtez egiaren eta justiziaren zain. Baina ez egonean. Kalean, bulegoetan, herri erakundeen egoitzen aurrean. Pankarta atzean. Erakunde horiek herriarenak direla erakusteko zain. Lau urtez erakunde publikoek euren lehentasuna herria babestea dela erakuts dezaten esperoan, euren beharrizana ez dela herritarrei erasotzen dietenak babestea erakuts dezaten esperoan. Lau urtez herritarrei egindako erasoak argitu eta lehenbailehen justizia egin, aitorpena eta erreparazioa ematea gutxieneko eskubidea dela gogorarazten, erasotzaileak erakunde horien ardurapekoak izanda ere. Batez ere. Lau urtez bidegabekeria handi batengatik barrenak irakiten, hutsune handi batek barrena eztarriraino beteta. Tristezia aurpegian, baina adorea bihotzean eta erabakitasuna buruan. Zain baina ez etsita. Zain baina ez egonean. Instituzioek ordezkatzen omen duten herriak babestuta. Lau urtez haizearen kontra, egiaren alde.