2016 MAI. 28 Lodifobia Amaia Nausia Pimoulier Asteon irakurri dut Facebookek Tess Holiday taila handiko modeloaren argazki bat debekatu duela loditasunaren apologia eginez bere osasun politikaren kontra egiten duela argudiatuz. Tess bikini batekin jantzita agertzen den argazkia “Cherche le Femme” talde feministak erabili zuen feminismoaren eta loditasunaren inguruko jardunaldiak sustatzeko. “Cherche le Femme” eta beste talde feminista batzuk egindako kritiken ondoren Facebokek bere erabakia atzera bota du. Egia esateko, inoiz ez dut ikusi Facebook ez beste sare sozial bat argazki bat debekatzen bertan agertzen den modeloa argalegia izateagatik. Arroparen industriak ez al du egiten emakume eredu ez osasungarri baten alde? Argi dago gizarte lodifobiko batean bizi garela, batez ere emakumeei dagokionez. Ia emakume guztiok argaltasunaren diktaduraren zama sentitu izan dugu noizbait. Emakume baten bizitzan bere gorputzaren inguruan jasotako komentarioak zenbatzen hasiko bagina ez genuke inoiz amaituko. Nik, nire aldetik, ariketa hau egin dut. Saiatu naiz gogoratzen zein izan zen txikitan jaso nuen lehenengo iraina eta nire gorputzarekin harremana izan zuela gogoratu dut: lodi deitu zidaten, «puta gorda», zehatzak izateko. 6 urte izanen nituen, nire klaseko mutiko batek bota zidan nirekin haserre zegoelako eta berehala irainak bilatzen zuen eragina izan zuen; nire gorputzarekin gaizki sentitzen hasi nintzen, lodiegia ote nengoen galdezka. Eta eragin hori nerabezaroraino luzatu zen; ispiluak itzultzen zidan irudia gorroto nuela gogoratzen dut, ez nintzen nire lagunak bezain argala, txikia, arina, polita. Nire itxura ez zetorren bat iragarkietan eta pelikuletan aurkitzen nituen emakumeen ereduekin. Gaur garai horretako argazkiak begiratzen ditudanean nire burmuinak gorde duen irudiarekin ez dutela bat egiten konturatzen naiz. Hau da, haurra nintzeneko argazkiak ikusita neska lodia ez nintzela ohartzen naiz, agian nire adinerako handia, baina besterik ez. Baina nerabezaroko argazkiak ikusten ditudanean kamiseta handiak, galtza handiak, nire ustezko “loditasun” hori estaltzeko arropa erabiltzen nuela ikusten dut. Mezuak niregan eragin handia izan zuen. Konplexu horiek nirekin urteetan bidaiatu dute. Nire gorputzarekin bakeak egitea kostatu egin zait. Ziurrenik ere, konplexu horiek hor daude oraindik, azken finean 6 urterekin jasotako “LODI” horrek asko pisatzen du. Ez zen bakarra izan eta ez naiz bere gorputzaren itxuragatik irainak jaso dituen emakume bakarra, ez orain, ez historian. Ez dut gauza berririk esaten emakumeok zentzu honetan jasaten dugun presioa salatzen dudanean. Gure gizarte honetan emakumearen izatearen arrazoi nagusienetariko bat desiratua izatea da, hobeto esanda, gizonengatik desiratua izatea. Tess Holidayren argazkia begiratu dut berriro ere, nik neuk ere horren barneratuta ditudan aurreiritziak baztertu nahian: esate baterako, pertsona lodiak onartzea loditasunaren apologia egitea dela, hots, osasunaren kontra doan eredua aldarrikatzea. Orduan ohartu naiz badela garaia saldu didaten emakumearen eredu kultural bakar horri uko egitekoa, gure gorputzekiko amorrua sentiarazten digun eredu hori baztertzekoa, hainbeste aldiz entzun dugun esaldi hori errealitate bihurtzekoa: gure gorputza den bezala onartu behar dugu, gure burua onartzeko, aske eta zoriontsu izateko. Askok ezagutzen duzuen sekretu bat kontatuko dizuet: triste nahi gaituzte, konplexuz beteta, gure barne hutsunea dietak, arropa eta kremak erosiz beteko dugulako ustean. Eta hausnarketa honekin pozik eta nire mamuak kaleratzeagatik zertxobait askeagoa, nire testua GAUR8ren erredakziora bidali behar nuenean Whatsappeko mezu bat jaso dut iragarki batekin! Pavofrioren iragarki ospetsua agertu zait, badakizue, jatetxe batean emakume talde bat elkartzen den hori, «deliciosa calma». Bai aizue, horren ezaguna egin dena, emakumearen askapenaren alde hainbeste egin duelako, berdintasunaren borrokaren alde denok bat egitea beharrezkoa dela esaten duen iragarki hori.... Bai, badakizue, emakume eredu guztiak onak eta baliotsuak direla esaten digun hori... baldin eta argala bazara. • Askok ezagutzen duzuen sekretu bat kontatuko dizuet: triste nahi gaituzte, konplexuz beteta, gure barne hutsunea dietak, arropa eta kremak erosiz beteko dugulako ustean