GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Abortua eta aldaketa

Osasunbidean abortatzeko aukera bermatzea izan beharko litzateke Nafarroako aldaketaren oinarrietako bat, horrela jasotzen baita espresuki akordio programatikoan. Halere, mediku eta agintariak egitasmo hori oztopatzen ari dira.


Nafarroan martxan den aldaketan badira oinarrizkoak diren osagaiak. Euskara da horietako bat, legeek ezartzen duten bazterketa gainditzeko helburuarekin. Neurri sozialak dira beste bat, murrizketak gainditzeko.

Zerrenda luzea izango litzateke guztiak aipatuz gero. Izan ere, Nafarroako Gobernua (eta aldaketa) sostengatzen duten lau alderdiek (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra) sinatu zuten akordio programatikoak 74 orrialde ditu, adostutako neurri guzti-guztiak jasotzen dituzten 74 orrialde. Nolabait, aldaketa soilik politikoa ez izateko eta alor sozialean ere eragina izateko hartu beharreko neurriak dira. Bada, Nafarroako Gobernuak, guztiak aplikatzeko konpromisoa du. Neurrietako batzuk urtebeteren bueltan aplikatu behar dira. Beste batzuek, aplikatzeko zailagoak direlako, lau urteko agintaldia dute epe.

Zalantzarik gabe, abortuaren gaia da Nafarroan benetako aldaketa emateko neurriak hartzea eskatzen duen funtsezko gai horietako bat. Ezin da ahaztu Nafarroako emakumeek salbuespen egoera bizi dutela alor honetan. Abortua da arazorik larriena, baina zaintza ginekologiko orokorrean dira beharrezkoak aldaketak. Erregimenaz hitz egiten da Nafarroak bizi duen egoera azaltzeko. Gobernu aldaketa lortu da, baina jendartea kontrolatzen duten aparatu ugari betikoen esku daude oraindik: finantza arloa, komunikabideak, administrazioa bera... Baita osasun sistema ere.

Opus Dei talde ultrakatolikoak Nafarroan lobby lana egiten duela esaten badugu, ez dugu ezer berririk esango. Eta lobby horren jokalekuetako bat osasungintza dela esaten badugu, ezta ere. Logikotzat jo daiteke Opus Deik zuzentzen duen Klinika Unibertsitarioan aborturik ez egitea. Baina ez da hain logikoa Nafarroako osasungintza publikoko sisteman, Osasunbidean, aborturik ez egitea.

Eta hori da egoera Nafarroan. 1986an saiatu ziren abortuak sare publikoan egiten. Eta egin egin zituzten. Baina izugarrizko jazarpena pairatu zuten medikuek eta 1990ean epailearen aurrera ere eraman zituzten. Auzitegia Sarasate pasealekuan zegoen orduan, egun Parlamentua dagoen egoitzan bertan. Eta epaitegien aurrean bi mobilizazio jendetsu eman ziren, bata bestearen alboan. Alde batetik, abortatzeko eskubidea eta auziperatutako hiru medikuak sostengatzen zituztenak. Ondoan, medikuak kriminalizatu zituztenak, “bizitza” defendatzen zutela aldarrikatzen zutenak, gehienak Opus Deiko Unibertsitateko ikasleak.

Egoera izugarria pairatu behar izan zuten medikuek. Presio psikologiko handia eta eraso etengabeak komunikabideetan. Epaileek ez zituzten zigortu –1985ean onartutako legeak bermatzen zuena baino ez zuten egin–, baina salaketa ipini zuen Accion Familiar taldeak helburua bete zuela esan genezake. Izan ere, ordutik hona ez da aborturik egin Nafarroako osasun sare publikoan. Hogeita hamar urte pasa dira jada eta 1986an egindako saiakera hori izan zen azkena.

Eta 30 urteotan zer pasa da? Ba Nafarroako Gobernua zurikeriaz aritu dela. Beste herrialdeetako emakumeek bezala nafarrek ere abortatu dute ordutik, noski. Baina ez zuten Nafarroan abortatzen. Gobernuaren “konponbidea” legeak bermatzen zituen abortu horiek inguruko herrialdeetan, batez ere Gipuzkoan eta Zaragozan, egitea zen. 2011n Bizkaiko Jose Miguel Gurrea ginekologoak klinika pribatu bat zabaldu zuen Antsoainen abortuak egiteko. Gobernuarentzat gauzak erraztu ziren, jada emakumeak Nafarroatik kanpo ez zituelako eraman behar. Baina sare publikotik kanpo egin dira ordutik abortuak, emakumeen eskubidea urratuz. 900 abortu egin izan dira Nafarroan, batez beste, azken urteotan.

Akordio programatikoan

Egoera ikusita, ulergarria da abortuak sare publikoan egiteko eskubidea gauzatzea aldaketaren oinarri den akordio programatikoan azaltzea, urte hauetako guztietako aldarrikapena izan baita. 22. orrialdean dago jasota: «Haurdunaldien Borondatezko Eteteak Osasunbidean bermatzea: Lehen neurri bezala etete farmakologikoekin hasiko da berehala eta agintaldiak aurrera egin ahala beste motak ere eskainiko dira».

Gauzak horrela, azkenik, abortuaren gaian Nafarroan aurrerapausoak emango zirela espero zen. Are gehiago kontuan izanda hamalau haurdunaldi aste baino lehenago interbentzioetan abortuak pilula baten bidez egiten direla, hau da, ez da kirurgiarik behar. Horrelakoak dira Nafarroan (eta gainontzeko tokietan) egiten diren abortuen gehiengoa.

Horregatik, irailaren 23an Parlamentuan Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia eta Obstetrizia Saileko buru Ricardo Ezcurrak bota zituenak hautsak harrotu zituen. «Gaur egun ezinezkoa zaigu haurdunaldiak eteteko interbentzioak eskaintzeko beharrezkoa den antolakuntza prestatzea, oso konplexua da», esan zuen EH Bilduk eskatu zuen agerraldian.

Abortuaren auzia aipatu zuen Ezcurrak, baina ez hori bakarrik: ezkondu gabeko emakumezkoei edo lesbianei haurdun geratzeko laguntza eskaintzeko ere arazoak izango zituztela aurreratu zuen.

Arazo ideologikoa, Opus Deiren esku luzea, ikusi daiteke hemen. Baina bada atzean osasungintza publikoko zenbait langilek dituzten pribilegioak mantentzeko grina ere. Izan ere, indarrean dagoen legeak, abortuak egiterik nahi ez duten medikuek kontzientzia eragozle bihurtu beharra dutela aurreikusten du. 53 ginekologo daude Iruñeko ospitalean, eta bizpahiru baino ez dira kontzientzia eragozle.

Ezcurra berak argi eta garbi azaldu zuen Parlamentuan egin zuen agerraldian: medikuek ez dute kontzientzia eragozle bihurtu nahi, baina, abortuak egitekotan, «presio soziala jasango duten beldur dira». Ondorioz, zortzi sendagile baino ez daude abortuak egiteko prest egun Iruñean.

Arazoa larria dela esan daiteke. Izan ere, Parlamentuak eta Gobernuak bultzatutako aldaketa politikaren irizpideak blokeatuta daude uneotan Nafarroako Ospitale Guneko sail bateko arduradunak eta sendagile batzuek horrela erabaki dutelako. Euren interesak zaintzen dituzte gehiengo sozial eta politikoak erabaki duenaren gainetik.

Foruzaingoan emandakoaren antzeko egoera batean gaudela esan genezake. Nafar poliziako 30 agintarik dimisioa aurkeztu zuten (dimisioak onartzea ezinezkoa zela jakin arren), Parlamentuak onarturiko lege bat gustuko ez zutelako eta aldatu nahi zutelako.

Sare publikoan abortatzeko aukera gelditzeko eta oztopatzeko maniobra gremialista baten aurrean aurkitzen gara. Dudarik gabe.

Argi eta garbi erantzun zion Ezcurrari Parlamentuan EH Bilduko hautetsi Bakartxo Ruizek: «Sistema berria ezarri behar duten profesionalek eredu aldaketan sinetsi behar dute eta kezka eragiten digu hori ez dela horrela ikusteak». Ildo horretan, Ruizek «sare publikoan abortatzeko eskubidea bermatu ahal izateko beharrezkoa den giro lasaia sortzeko» ez zuela ezer egin leporatu zion Ezcurrari.

Izan ere, abortuaren gaia ikusgarriena eta polemikoena bada ere, aldaketa sostengatzen duten alderdiek emakumearen zaintzan eredu berri oso bat jarri nahi dute martxan. Orain arte, ospitalea izan da sistemaren bihotza. Hemendik aurrera, estruktura deszentralizatu baten alde egin nahi da. Eta familia planifikaziorako eta sexu heziketarako zentroen lana lehenetsi nahi da. Txantrean jaio zen Andraize gisako zentroak indartu nahi dira, Nafarroako Ospitale Gune zentralizatuaren ordezko gisa. Modu horretan, arreta gertuagokoa izatea espero da. Eta gai sentsible batean emakumeenganako ez hain erasokorra. Ez bakarrik abortuari dagokionez, baita sexuarekin eta afektibitatearekin harremana duten arreta eta hezkuntza eskaintzeko orduan ere. Ezin da ahaztu Nafarroan zentro horiek urtetako eskarmentua dutela. Lan handia egin dute, baita Nafarroako Gobernua eta Osasunbidea zuzentzen zutenak kontra izan dituzten urte luzeetan ere.

Sistema berria ezartzeko egitasmoa zegoen, beraz. Ospitale zentralizatua ordezkatzeko herri eta auzoetako zentroen alde egin nahi zen. Aldaketa sakona zen eta sistema berria antolatzeko pertsona bat behar zen. Pertsona hori Pablo Sanchez Valverde zen. Andraizen urtetan lan egindako ginekologoa eta 1990eko epaiketa pairatu zuen hiru medikuetako bat. Sistema berria ezartzeko profesional egoki eta konprometitutzat jotzen zuten aldaketaren aldeko sektoreek.

Baina emakumeen arretarako herri eta auzoetako zentroak indartzeak Ospitale Gunearen garrantzia murriztea zekarren. Eta ospitaleko buruek erreakzionatu egin zuten. Sanchez Valverderen izendapena Ezcurra berak blokeatu zuela diote jakinaren gainean dauden iturriek. Eta blokeoa eraginkorra izan zen, Fernando Dominguez Osasuneko kontseilariak men egin eta Sanchez Valverderen izendapena gelditu zuelako. Ezcurra eta ingurukoek euren pribilegioak mantentzea lortu zuten. Horrek amorrua eta kezka sortu ditu aldaketaren aldeko apustua egin duten profesionalen artean.

Pribilegioez aritzean ez dugu soilik Ospitale Gunearen zentraltasuna (eta sistema guztiaren kontrola) mantenduko dutelako esaten. Nafarroan, beste herrialde askotan bezala, osasun publikoan aritzen diren sendagileek bulego pribatuak dituzte. Ginekologian arazo larria dela esan daiteke. Batetik, osasun sistema publikoan zerbitzu guztiak eskaintzen ez direlako. Eta bestetik, ez delako etikoa osasun publikoan itxaron zerrenda dagoenean medikuok zerbitzu bera euren kontsulta pribatuetan eskaintzea. Azkenaldian gisa horretako salaketa ugari entzun dira Nafarroan. Erabat larria da, adibidez, ustezko arazo moralak argudiatuz ernalkuntzarik ez egitea Osasunbidean, eta, bien bitartean, osasun sistema publikoan aritzen diren mediku horiek eurek kontsulta pribatuetan ernalkuntzak egitea.

Klinika pribatuetara bideratzea

Ricardo Ezcurrak ere klinika pribatu batean lan egiten du, Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia eta Obstetrizia Zerbitzuko arduradun nagusia bada ere. Eta ginekologian aritzen da, noski. Osasunbidean kamustu nahi dituen zerbitzu berak klinika pribatu batean eskaintzen ditu. Eta ordutegi zabalarekin.

Osasun publikoak ustez dituen gabeziak arintzeko klinika pribatuetara zerbitzuak bideratzea arazo larria bilakatu da Nafarroan. Ez da soilik transplanteak Opuseko Klinikan baino ez direla egiten eta Osasunbidean egiteko pausurik eman nahi ez dela. Arazoa askoz sakonagoa da. Deribazioak deitzen zaizkie klinika pribatuetara egindako “enkarguoi” eta dirutza ederra suposatzen dute kontu publikoentzako. Abortuaren kasuan argi eta garbi ikusten da arazoa, Nafarroan egiten diren abortu guztiak sare pribatuan egiten baitira. Eta Nafarroako Gobernuak lanongatik ordaindu egiten du, kasu honetan Antsoaingo Klinikak ezarritako prezioetan. Egoerak, interes ekonomiko handiak sortu ditu.

Ezcurrak berak egungo medikuen blokeoa gainditzeko “konponbidea” proposatu zuen Parlamentuan: abortuak egiteko prest egongo diren mediku gehiago kontratatzea Osasunbidean. «Langile kopurua handitzea ona izango zen niretzat», bota zuen. Badirudi medikuok ez luketela izango oraingoek presio soziala pairatzeko duten beldurra. Eta orain daudenak lasai geratuko lirateke...

Abortuaren legea garantista da oso. Kontzientzia eragozpenak ez du soilik sendagileengan eragina. Erizainek eta anestesistek ere uko egin diezaiokete abortu batean parte hartzeari. Eta epeak oso malguak dira. Nahiko dute astebete aurretik ebakuntzan parte hartuko ez dutela iragartzea. Eta ez dute egiten. Egoera kezkagarria da, osasun sistema publikoan abortuak ez egiteko trikimailua izan daitekeelako. Langileen kontzientzia eragozpenagatik sistema publikoan abortuak ezin direla egin aitzakia izan daiteke klinika pribatuetara deribazioak mantentzeko.

Eta, egia esan, Fernando Dominguez kontseilariak emakumeen eskubideak lehenetsiko direla agintzeak ez dirudi berme nahikoa behingoz abortuarena modu normalizatuan gauzatuko den eskubidea izateko.