2016 URR. 01 Elkarrizketa Olga Peñagarikano EHU-ko ikerlaria «Autismoa duten pertsonen interakzio soziala hobetu egiten da pazienteak oxitozinarekin tratatzean» Maitasunaren hormona deitzen diote eta gizakion interakzio sozialari estuki lotuta dago; oxitozina faltak autismoan duen eragina ikertzen ari da Olga Peñagarikano, ondoren tratamendua emateko. Iraia Oiarzabal Mujika Autismoa zer den galdetuz gero ia gehienok emango genuke gutxi gorabeherako azalpena besteekin harremantzeko zailtasuna oinarri duen gaitzari buruz. Kausa eta tratamenduei dagokionez, ordea, ez dago erantzun borobilik, nahiz eta asko aurreratu den ikerketan. Olga Peñagarikano EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko ikerlariak horretan zentratu du bere ibilbidea, zehazki, autismoaren kausa neurobiologikoen azterketan eta berau tratatzeko oxitozina sistemaren manipulazioan. Baina goazen hasierara. Autismoa, printzipioz, jaiotzetik garatzen da beti, garapen neurologikoari lotuta dagoen heinean. Hau da, ez da urteak igaro ahala sortzen den gaitza. Bere diagnostikoa, gaur egun, esklusiboki portaeran oinarrituta dago, ez baitago sindromea identifikatzen duen froga genetikorik edo biomarkadorerik. Peñagarikanok azaltzen duenez, lehen ohikoa zen 3-5 urte bete arte ez detektatzea, baina gaur egun frogak gero eta aurreratuago daude eta hilabete gutxirekin diagnostika daiteke. Interakzio sozialarekin lotutako hutsuneek karakterizatzen dute autismoa eta horrekin lotutako bestelako sintoma batzuk ere baditu: portaera errepikakorrak, hiperaktibitatea, eta abar. «Autismoa duten haur gehienek hartzen dute medikamenturen bat, baina normalean beste gaitz batzuk tratatzeko onartutako botikak dira, nahiz eta autismoarekin lotutako sintoma batzuk ere hobetzen dituzten. Adibidez, suminkortasuna edo hiperaktibitatea hobetu dezakete, baina ez dira esklusiboki autismoa tratatzera bideratutako medikamentuak», nabarmendu du Peñagarikanok. Maitasunaren hormona Hargatik, sindromearen sorreran eragin dezaketen kausa neurobiologikoak ikertu eta autismoari lotutako defizitak zeintzuk diren aztertu nahi ditu, ondoren horiek tratatzera bideratutako botikak garatu ahal izateko. Horretarako oxitozinan jarri du arreta. Modu naturalean sortzen dugun hormona da oxitozina, maitasunaren hormona ere deitua, eta erreprodukzioaren hainbat atalekin lotuta dago, erditzearekin eta edoskitzearekin esaterako. Era berean, portaera sozialarekin ere badu lotura. «Orain arte egindako entsegu klinikoetan ikusi da autismoa duten pertsonen interakzio soziala hobetu egiten dela pazienteak oxitozinarekin tratatzean. Aldi berean, oxitozina sistemarekin lotutako urritasunek autismoaren garapenean zerikusia izan dezaketela ikusi da. Ez kasu guztietan, autismoa oso zabala delako eta kausa asko izan ditzakeela frogatu delako –genetikoak, ingurunearekin lotutakoak, eta abar–, baina uste dugu pazienteen parte bat oxitozina sistemaren urritasun batek kaltetua izan daitekeela». Orain arte autismoa ikertzeko egindako entseguetan, abere eredu ezberdinei –normalean saguak izaten dira– autismoarekin lotura duen gene bat kendu zaie eta ikusi izan dute animaliok oxitozina sisteman gabeziak dituztela. Saguei oxitozina ematen zaienean euren portaera soziala hobetu egiten dela azpimarratu du Peñagarikanok. Baina zer da oxitozina? Maitasunaren hormona deitzen zaion horrek, deiturak iradoki dezakeenaz harago, gure portaeran pisu garrantzitsua du. «Oxitozinari buruz orain arte dakiguna da garuna garatzeko prozesu biologiko askotan inplikatuta dagoela. Neuronen artean ezartzen diren konexioetan eragina dauka, esaterako. Konexio horiek ezinbestekoak dira komunikatzeko edo ikasketa prozesuetarako», azaltzen du. Autismoarekin lotuta, kontuan izan beharreko lehen ohartarazpen bat egiten du EHUko ikerlariak: garunean bi neurotransmisore nagusi daude, bata estimulatzailea eta bestea inhibitzailea. Oinarri gisa zehaztu dezagun burmuinaren estimulazioaren eta inhibizioaren artean oreka egon behar dela, bien arteko desoreka batek interakzio sozialean arazoak sor ditzakeelako. «Gizakion garapen prozesuan zehar, neurotransmisore inhibitzailea (Gaba deitzen dena) estimulatzailea da –hala behar duelako– eta oxitozinak hori aldatu egiten du jaio osteko lehen egunetan, inhibitzaile bihurtzeko. Zenbait abere eredutan ikusi da aldaketa hori ahalbidetzen duen neurotransmisorea alteratuta dagoela. Horren ondorioz, inhibitzaile bihurtzeko prozesua ez da ematen edo beranduago ematen da, oreka apurtuz. Nire hipotesia da oxitozina mailaren defizitak horretan eragina duela», argitu du Peñagarikanok. Arestian aipatu bezala, desoreka horrek ondorioak dakartza pertsona batek inguratzen duenarekin elkarreragiteko eta komunikatzeko duen gaitasunean. Zer egin hipotesi horren aurrean? Oxitozina mailaren defizitak autismoaren garapenean eragina izan dezakeela baieztatzen bada, nolabait prebenitu al daiteke? Peñagarikanoren ustez, ikerketak neurri batean prebentziorako balio dezake. Bere hitzetan, erditzea baino lehenago haurra oxitozinarekin tratatuta, neurotransmisore estimulatzailetik inhibitzailera eman beharreko aldaketa hori normala izango litzateke. Horixe izango da bere proiektuaren ardatza eta, azaletik azalduta, bi fase izango ditu. Lehenengo, abere eredua erabiliz, jaio aurretik eta jaio osteko lehen egunetara oxitozina sistema nola dagoen aztertuko du. Horretarako lehenbizi Gaba neurotransmisorea inhibitzaile bihurtzeko bidean oxitozinak duen papera ikusiko du. Bigarren fase batean, defizit hori emango dela hipotesitzat hartuta, hori aldatzen saiatuko da oxitozina tratamenduen bitartez. Tratamendu pertsonalizatua Heldutasunean ere oxitozinak paper garrantzitsua jokatzen du portaera sozialari dagokionez. Peñagarikanok aipatzen duenez, abere ereduetan oxitozina kenduz gero euren portaeran defizitak aurkezten dituzte. Azalpen logikoa du: «Bi pertsonak sozialki elkarreragiten dutenean oxitozina liberatzen da eta horrek plazera sortzen du, horregatik hautematen dugu interakzio soziala zerbait positiboa bezala. Zenbat eta oxitozina gutxiago askatu, gutxiago gustatuko zaizkigu interakzio sozial horiek». Autismoaren inguruan jorratzen ari diren ikerketa arlo asko daude, neurotransmisore ezberdinekin lotuta. Oxitozinarena da bat, baina badira serotonina sistemaren inguruko hipotesiak ere. Neurotransmisore hori portaeren inhibitzailea da eta, besteak beste, aldartea, loa, sexu grina eta gosea erregulatzen ditu. Era berean, Peñagarikanoren ikerketa inhibizioan dauden defizit ezberdinetan zentratzen bada ere, estimulazioarekin lotutakoak era badaudela gaineratu du. «Oraingoz argi dagoena honakoa da: ez dugu aurkitu behar autismoa tratatu eta sendatzeko botika esklusibo bat. Harremana dauka paziente bakoitzaren kausa konkretuekin, horregatik, oraingoz, medikamentu pertsonalizatuetan zentratzen ari gara», gaineratu du. Hots, luzea bezain zabala dela autismoari sendagaia bilatzeko bidea. IBILBIDEA1974an jaio zen Tolosan. Bere ibilbide profesionala autismoaren inguruko ikerketan zentratu du, besteak beste AEBetako Kaliforniako Unibertsitate prestigiotsuan. 2015etik EHUko Medikuntza Fakultatean dihardu.