2016 URR. 01 Urri ekologikoa ENEEK Gaur hasten dugun hilabete honek badu lotura berezi bat elikadura ekologikoarekin. Urria deituta ere, produktu-barietateari dagokionez urte osoko hilabeterik aberatsena da berau. Udako ortuariak oraindik bete-betean daude, udazkeneko batzuk jada batzen hasiak gara, fruta freskoa eta lehorra batzeko garaia da. Bistan da “urria” ez datorrela eskasiatik, hurra hilabetetik baino. Ekoizpen ekologikoaren ezaugarrietako bat da, hain zuzen ere, produktu barietate handia lantzearena. Horregatik izango da, agian, urtearen hamargarren hilabete honetan elikadura ekologikoarekin lotutako hitzordu garrantzitsuak pilatzen direla gure geografia osoan zehar. Gaur bertan, Gasteizen, Arabako azoka ekologiko garrantzitsuenak, Bionekarabak, bere 21. ekitaldia betetzen du. Bionekazaritza nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarte arabarrak antolatuta, Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta ENEEKren laguntzarekin, Bionekaraba lurraldeko ekoizpen ekologikoaren festa handia da. Guztira 50 salmenta postutik gora batuko dira Foru plazan, guztiak ekoizpen ekologikoaren ziurtagiridunak: ogia, pasta, txerrikiak, ortuariak, lekariak, marmeladak, perretxikoak, ardoa (nola ez ba!), haragia... Horrez gain, tailer ezberdinak egongo dira eta baita kale antzerkia ere. Aste osoan zehar Bionekazaritzak Judimendi auzo gasteiztarrean Agroekologiaren Astea antolatu du, elikadurarekin lotutako tailerrak, hitzaldiak zein bertoko elikagai ekologikoekin prestatutako afari agroekologikoak eginez. Bionekaraba itxiera ekitaldi ezin hobea da aste osoko jardunarentzat. Debabarreneko aste ekologikoa Bihar ere badago beste hitzordu garrantzitsu bat –Bergarako Kilometroak festaz gain–; Eibarko Urkizu pasealekuan ospatuko den bosgarren Debabarreneko Azoka Ekologikoa. Kasu honetan, Biolur Gipuzkoa da antolatzailea, Debemen, Eibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta ENEEKren laguntzarekin. Honek ez du izango Bionekarabaren neurria, baina txikiagoa izanagatik aniztasunean pareko izango da, mota guztietako elikagai ekologikoak eskainiz. Azoka animatzeko, landaketa eta sukaldaritza tailerrak egingo dira. Bionekarabarekin gertatzen denaren alderantziz, non azoka aste osoko ekintzen kolofoia den, Eibarko azokak hasiera ematen dio Debabarreneko Aste Ekologikoari. Hala, urriaren 3an Elgoibarko Txillarre ekodendan sukaldaritza tailerra antolatu du Biolurrek, eta 5ean, aldiz, Elgoibarko Ekoalboraz baserriko baratza bisitatzeko aukera egongo da. Ekintzok doakoak izango dira, baina parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago Biolurrera deituta edota biolur@biolur.net helbidera idatzita. Urriaren 15ean, berriz, Urretxuko azoka ekologikoak hartuko du lekukoa Gipuzkoan. Bizkaiari dagokionez, Euskal Herrian elikadura ekologikoaren inguruan ospatzen diren ekitaldi garrantzitsuenetarikoa daukagu martxan, atzotik hasi eta igandera arte. BioCultura Bilbo erakustazokaz ari gara, Vida Sana elkarteak antolatzen duen bilkura handiaz: 250 erakusketari, gehien bat elikadura ekologikokoak, baina baita bioeraikuntza, kosmetika naturala zein energia iraunkorrarekin loturikoak ere. Jarduera paralelo ugari ere programatuta daude (180 inguru), hitzaldiak, showcooking saioak, mota guztietako tailerrak (Mamaterra umeei zuzendutako gunean programazio bete-betea dute) eta baita kontzertuak ere, Kepa Junkerak igandean eskainiko duena kasu. Trikitilariak ikastarotxo bat eskainiko du urriaren 2an, arratsaldeko lauretan, eta ondoren kontzertu txiki bat emango du, Sorginak abeslari taldearekin batera. Bizimodu arduratsuaren erakustazoka honetan bertoko eragile ekologikoek eta ENEEKek EkoEuskadi gunea antolatu dute, 20 postu eta 27 erakusketari bilduz bertan. Laugarren ekitaldia betetzen du aurten BioCultura Bilbok, aurreko urteetan izandako jende uholdeak errepikatzeko asmoarekin. Urria, hilabete oparoa eta anitza. Tokiko baserri ekoizpen ekologikoak eskaintzen dizkigun jakiez gozatzeko sasoi egokirik bada, hauxe da aproposena. Elikadura ekologikora hurbiltzeko aukerak, behintzat, ez dira faltako.