2016 URR. 08 infraganti AITOR ARRIETA Egiten duen guztian bere onena ematea, horixe da Aitor Arrieta Cocaren motibazioa. Eta dena pasioz biziz eta lana gogor eginez, saltoetan benetan abila den errenteriarrak 22 urterekin Londresko English National Ballet entzutetsura iristea lortu du. Bakarlari gazte moduan dabil uztailetik bertan, agertokian publikoaren txaloekin gozatzen. Maider Iantzi Goienetxe Manchesterren harrapatu dugu Aitor Arrieta Coca, pieza bat estreinatu aitzineko momentu berezian. Azken ukituekin dabiltza, topera baina ongi, kontent, telefonoaren bestaldetik azaldu digunez. “Giselle” obraren bertsio garaikideago bat prestatu dute. Taldeko lana egiten ari da oraingoz Errenteriako dantzaria, baina hurrengo biran agian paper nagusia beteko du. Bakarlari gazte moduan hasi zen joan den uztailaren 27an Londreseko English National Ballet konpainian, Tamara Rojo zuzendariarekin. «Madrilen nengoen taldean dantzatzen [Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean], eta konpainia hobeago batetik postu horretarako deitzeak harritu ninduen», adierazi du. Bere lekua aurkitzen dabil, eta Ingalaterrako hiriburuan lagunak izateak aunitz errazten dio bidea. Bideo bati esker sartu zen English National Balleten. Ikus-entzunezko bat bidali zion Rojori. Adiskide batek lagundu zion berarekin kontaktuan jartzen. Zuzendariari gustatu, eta kontratua eskaini zion. Astelehenetik larunbatera 10.00etatik 18.00etara izaten ditu eskolak normalean, baina, egunaren arabera, ordutegia aldatu eta 22.00ak arte luza daiteke. «Batzuetan ballet osoa errepikatzen dugu eta bestetan zatika joaten gara zuzentzen eta hobetzen. Horretan ematen dugu denbora, perfekzionatzen». Jauziak dira Arrietaren indargunea: «Nahiko erraza egiten zait saltatzea». Horretaz gain, publikoari transmititzeari ematen dio garrantzia. «Dantzari asko dago bere pausoak bakarrik egiten dituena, baina hau ez da zirkua edo gimnasia; istorio bat transmititu behar diogu publikoari eta niretzat hori da inportanteena, istorioa ulertzea». Horretarako aktoreen gisara lan egin behar dute, pertsonaietan sartuz. «Sentitu eta pertsonaia zarela pentsatu behar duzu, eta berak bezala jokatu. Adibidez, neska hil bazaizu hori gertatu zaizula pentsatu behar duzu ondo egiteko. Gogorra da gero dantzatu egin behar duzulako. Ez da soilik antzeztea, pausoak ere egin behar dituzu. Zaila da, baina polita ere bai». Agertokian, hazi Arte honetatik harrapatu duena edo gehien betetzen duena agertokira ateratzea eta publikoaren txaloak jasotzea da. Hortaz, entseguan baino gehiago ematen du emanaldian bertan. «Asko nabaritzen zait. Aldaketa handia izaten dut entseguetatik emanaldietara. Ez dakit ona den edo ez, batzuetan pentsatzen dutelako ez dutela ondo egingo, baina gero baietz ikusten dute». Publikoaren bultzadarekin hazi egiten da errenteriarra. «Giro ona daukagu. Topikoa da giro txarra dugula, baina denetarik dago. Badago lehia txarra ere, baina normalean giro polita egoten da, eta gure artean laguntzen gara, lagun gisa», kontatu du. Zuzendariarekin ere ongi konpontzen da. Gainera, ingeles aunitz jakin gabe iritsi zen Londresera eta Rojok gaztelaniaz egiteak gauzak erraztu dizkio. Ingalaterrako bidea hartzerako bost urte zeramatzan Arrietak etxetik kanpo. «Ohituta nago jada eta alde horretatik ez da zaila izan. Gehiago kostatzen ari zait hizkuntza eta kultura desberdin batera ohitzea. Jendea ere pixka bat hotzagoa da hemen. Bakoitza berera doa. Hiri handi bat da eta normala da». Etxean jaso zuen Aitorrek euskal dantzen tradizioa eta kultura. Amak apuntatuta barneratu zen euskal dantzan, Jon Maya irakasle zuela, eta perfekzionatzeko asmoz balletean hasi zen Maite Egigurenekin. Ondotik Mentxu Medelekin ikasi zuen Donostian, eta Ereintza taldeko kide ere izan zen. «Hasieran ez nuen honetan lan egin nahi; ingeniari izan nahi nuen. 16 urterekin udako ikastaro bat egin nuen eta haren ondoren amari esan nion hurrengo urtean Madrilera joan eta dantzari profesionala izateko ametsa nuela. Ikastaro hartan lehendabizikoz neskekin egin nuen dantza bikoteka eta asko gustatu zitzaidan. Irakasleak ere oso onak ziren eta honetan ibili nahi nuela erabaki nuen. Konpainia baten entseguak ere ikusi nituen eta egunez egun nola ibiltzen diren ezagutu nuen». Sari ugari Amets horri segika, 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka batekin Madrileko Mariemma kontserbatorioan sartu zen, dantza klasikoa egiteko. Urte horretan bertan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurresku txapelketa irabazi zuen. Sari dezente eskuratu ditu dantza suelto eta aurresku lehiaketetan. Kukairen ikuskizun batzuetan ere parte hartu du. 2013an urrezko domina lortu zuen Biarritzeko nazioarteko dantza txapelketan, eta urte berean Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean eman zituen lehen pausoak Jose Carlos Martinezekin. Hiru urte eman ditu han, hegalak gehiago astindu eta Londresera salto egin duen arte. Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak 2015eko errebelazio saria eman zion; gazteena izan zen aitorpen hori jasotzen, baita Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean sartzen ere. «Egunero zerbait ikasten dut. Pixkanaka-pixkanaka hobetzen ari naizela nabaritzen dut. Lan eta lan segitzen dut, ea noraino iristen den hau dena», agertu du irribarrez. «Hasi nintzenean ‘Don Quijote’ obrako paper nagusia egin nahi nuen eta iaz lortu nuen, Madrilen. Pozik nago horrekin. ‘Zisneen lakua’ eta beste klasiko asko egitea ere gustatuko litzaidake. Lanean gogor jarraituko dut eta agian iritsiko da. Londresko konpainia hau oso ona da eta gustura nago oraintxe bertan». Bertze mutil dantzari ugarik bezala, Mikhail Barixnikov letoniarra du erreferente, bere teknikarengatik eta dantzatzeko moduagatik. «Artista handia izan da. Aldi bakoitzean ze paper egiten zuen sentitzen zenuen, eta teknika ere handia zuen». Familia hagitz harro sentitzen da Aitorrez. «Hasieran, Madrilen hartu nindutenean pena pixka bat hartu zuten, ‘umea’ etxetik joango zelako. Baina orain jada kanpoan nagoela pozik daude. Gauzak hobetzen doazela ikusten dute eta gustura daude. Ahal dutenean eskapadatxoa egiten dute. Funtzioak ikustera eta nirekin egotera etortzen dira. Etxean kultur tradizio handi samarra dugu. Kulturak pisu handia eduki du». Arrebak ere dantza egiten du. Aitorrek pianoa eta biolontxeloa jo izan ditu. Arrietaren iritziz, hezkuntzak eta egungo jendarteak ez dute animatzen dantzari izatera, eta, orokorrean, kulturan lan egitera. «Baina txikitan lehendabiziko pausoak ematen ditugunean jada dantzatzen hasten gara. Hobeto edo okerrago, denok dakigu dantzatzen, eta inportantea dela iruditzen zait buruarentzat eta gorputzarentzat. Garrantzi handiagoa eman behar zaiola uste dut. Artea da, kultura da, eta herri baten kultura ez galtzea funtsezkoa da. Arlook indartu egin behar dira horretarako», aldarrikatu du. Telekomunikazio ingeniaritza ikasten hasi zen Mariemma kontserbatorioan zebilela, baina utzi egin behar izan zuen entsegu aunitz zituelako eta ez zuelako klaseetara joateko eta ikasteko denborarik. «Oraintxe etorkizun handi samarra ikusten dut dantzan, eta lasai nabil, baina beti daukat buruan agian datorren urtean edo bizpahiru urtera beste zerbait ikastea, zerbait edukitzeko. Dantzariaren bizitza nahiko laburra da. 40-42 urterekin jada gorputza kaskatu samar egoten da, eta gero egin dezakegunak kezkatzen gaitu. Orduan, uste dut goiz hasiko naizela beste zerbait egiten, badaezpada». Egiten duen guztian bere onena ematen du Aitor Arrietak. Dena pasioz egiten du. Hori du sekretua. «Egunero-egunero ehuneko ehuna eman behar da. Lan asko egin dut eta lan asko gelditzen zait egiteko. Kaña handia da, baina gero agertokira ateratzeak eta publikoak nola txalotzen duen ikusteak poza ematen du. Orduan, egiten dugun lan guztiak merezi du». • «Txikitan lehen pausoak ematean jada dantzatzen hasten gara. Hobeto edo okerrago, denok dakigu dantzatzen, eta inportantea dela iruditzat zait buruarentzat eta gorputzarentzat» «Hasi nintzenean ‘Don Quijote’ obrako paper nagusia egin nahi nuen eta iaz lortu nuen. Pozik nago. ‘Zisneen lakua’ ere egingo nuke. Lan eta lan jarraituko dut eta agian iritsiko da»