GAUR8 - mila leiho zabalik

Hondakin elektronikoen tragedia


Hondakin elektronikoen tragediaz aritu nintzen osteguneko Jo Puntuan. Hondakin elektronikoena delako egun gehien hazten ari den hondakin mota. Mundu mailan, urtean 50 milioi tona sortzen omen dira, horietatik %70 eta %90 artean berrerabili ahalko liratekeen arren. Baina zerk sortzen ditu hondakin elektronikoak?

Kategoria ezberdinak daude: etxetresna handiak (hozkailuak, garbigailuak, estufak, mikrouhinak, aire egokituko aparatuak, eta abar); etxetresna txikiak (plantxak, txigorgailuak, erlojuak, lehorgailuak, eta abar); telekomunikazio eta informatika ekipamenduak (ordenagailuak, inprimagailuak, kalkulagailuak, mugikorrak, eta abar); kontsumorako aparatu elektronikoak (irratiak, telebistak, anplifikadoreak, musika instrumentuak, bideokamerak, musika edo irudi erreproduzigailuak, eta abar); argiteria aparatuak (mota guztietako lanparak eta argiztapenerako beste aparatu batzuk, filamentuzko bonbillak izan ezik); erremintak (zulagailuak, zerrak, josteko makinak, belarra moztekoak, eta abar); aisialdiko ekipoak (bideo-jokoak, tren elektrikoak, makina txanpon-jaleak, eta abar); aparatu medikoak (kardiologia aparatuak eta gisakoak); zaintzarako instrumentuak (kea detektatzeko aparatuak, termostatoak eta gisakoak); eta edariak eta janaria banatzen dituzten makina automatikoak.

Horiek guztiak dira hondakin elektronikoen iturri. Eta esan bezala, urtean 50 milioi tona sortzen dira. Baina, berez, tona horietatik guztietatik %70 eta %90 artean berrerabili ahalko lirateke. Zenbaki horietara iristeko arrazoi nagusi gisa bi aipatzen dira: teknologien kontsumoaren hazkundea eta erabilpenaren ondorengo tratamendu desegokia.

Teknologien kontsumoaren hazkundea gure begiekin ikusten dugu. Aparatu elektronikoz inguratuta bizi gara. Eta gainera, etengabe berritzen ditugu. Batzuek zaharkitze programatuaren epean iraungo dute bizirik. Hau da, erabilpen-bizitza laburra izateko moduan ekoitzi zituzten, eta ez dute luze iraungo (oso gomendagarria da zaharkitze programatua lantzen duen “Tirar, comprar, tirar” dokumentala; sarean dago ikusgai). Baina bada funtzionatzen duten aparatuak berritzeko joera ere. Zer esanik ez mugikorren kasuan. Zein maiztasunekin aldatzen dugu mugikorra? Eta zein da aldatzearen arrazoia? Kasu gehienetan, funtzionatzen duten mugikorrak berritzen ditugu, aspertu egiten garelako-edo. Eta hori ere bada hondakin elektronikoen hazkundearen gakoetako bat: behar baino aparatu gehiago erabiltzen ditugula; eta behar baino gehiagotan aldatzen ditugula.

Eta zer egiten dugu aparatu elektroniko zaharrarekin? Hor kokatzen da hondakin elektronikoen hazkundearen beste arrazoia: tratamendu desegokian. Eurostaten arabera, espainiar Estatuan aparatu elektronikoen %25 birziklatzen omen dira. Hau da, lau aparatu elektronikotik bakarra iristen da Garbigune edo gisako espazio batera. Beste guztiak irregularki tratatzen dira. Eta horietako batzuk beste herrialde batzuetara esportatzen dira, ilegalki. Ezaguna da guk kontsumitutako apartu elektronikoek Afrikako zenbait herrialdetan sortzen duten kontaminazio maila. Tragedia bat da, tragedia elektroniko bat. Eta guztiok gara tragedia elektroniko horren arduradun: kontsumitzaileok, ekoizleak eta administrazioak.

Kontsumitzaileon aldetik, zer egin genezake? Hasteko, aparatu elektronikoen erabilera murriztu, behar ditugunak soilik eskuratuz. Bestetik, berrerabili, bizitza luzeagoa emanez (norbaiti oparituz edota proiektu solidarioren bati eskainiz). Eta azkenik, birziklatuz. Berria erosi behar baldin baduzu, dendan zaharra hartzera behartuta daude. Eta bestela, Garbigunera eraman. Izan gaitezen arduratsuak aparatu elektronikoekin ere. •