2016 AZA. 12 AURKIKUNTZA SATURNON Planeta gaseosoaren atmosferako zorrotada korronte erraldoi eta biziaren berezitasunen berri eman dute Bertze planeten atmosferak laborategi naturalak dira ikerlarientzat Lurrean gertatzen diren fenomeno konplexuak ulertzeko. Ikasgelako teleskopio soil batekin deskubritu zuen EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak Saturnoren ekuatorean 1.650 kilometro orduko abiaduran mugitzen zen orban distiratsu bat. Maider Iantzi Goienetxe Hain planeta ezberdinak dira gurea, Lurra, “txiki samarra”, bere gainazalarekin eta ozeanoekin, eta Saturno, erraldoia eta gaseosoa, lurrik gabekoa (astronautak ezin dira bertan pausatu), eta, halere, bien atmosferetako gasek antzeko jokaera dute, oszilazio bera. Bertzeak bertze, horregatik dira interesgarriak bertze planeten atmosferetan egiten diren aurkikuntzak. «Lurreko meteorologia aztertzen dugunean prozesu konplexu batzuk ezin ditugu laborategian egin. Ezin dugu, adibidez, gasezko bola bat sortu eta bueltaka jarri. Guretzat ikerketa laborategiak naturalak dira, beste planeten atmosferak. Horietan baldintza fisiko eta kimikoak desberdinak dira, baina ereduak iker ditzakegu Lurrean aplikatzeko». Agustin Sanchez Lavega EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko eta Gelako zuzendariaren hitzak dira. Saturnoren atmosferako zorrotada korronte ekuatorial handiaren berezitasunak deskubritu ditu taldeak, eta “Nature Communications” aldizkarian argitaratu dute lana. Saturnoren atmosfera gas multzo erraldoi bat da, Lurrarena baino hamar aldiz handiagoa, eta hidrogenoz dago osatua batez ere. Eguzki Sistemako planeta guztiek baino zorrotada korronte zabalagoa eta biziagoa du. Ekuatorean 1.650 kilometro orduko abiadura ere hartzen dute haizeek. Mendebaldetik ekialdera ibiltzen dira, Lurraren ekuatorean sortzen diren urakan haize suntsitzaileen indar hirukoitzarekin. Zorrotada handi horrek 70.000 kilometro inguru hartzen ditu iparraldetik hegoaldera, gure planetaren tamaina bost aldiz. Iazko ekainean, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan harrobia osatzeko erabiltzen duten Aula EspaZio Gelan egin zuten deskubrimendua, irakaskuntzarako baliatzen duten 28 zentimetroko teleskopio soil batekin. Harekin ikusi zuten orban distiratsu bat zegoela Saturnoren ekuatorean eta ikaragarri bizi mugitzen zela, 1.650 kilometro orduko abiaduran. 1980tik ez zen halako abiadurarik ikusi Saturnon, lanaren lehen sinatzaileak GAUR8ri azaldu dionez. Teleskopiorik onenarekin Handik hilabetera, Zientzia Planetarioen Taldeko kideek atmosfera egitura horren abiadura egiaztatu zuten. Horretarako, taldeak berak garatutako eta Almeriako Calar Altoko behatokiko 2,2 metroko teleskopioan instalatutako PlanetCam kamera erabili zuten. Bertze herrialde batzuetako behatzaileek teleskopio txikiekin lortutako irudiak ere aprobetxatu zituzten. Garai berean, bertze fenomeno bat gertatu zela kontatu digu zuzendariak: ekaitz bat sortu zen Saturnoren polotik hurbil eta bertan zegoen Cassini ontziak ezin zuen ongi aztertu. Hobekien ikertzeko era Hubble Espazio Teleskopioa baliatzea izanen zela ebatzi zuten. «Lurraren inguruko orbitan dago eta munduan dagoen teleskopiorik onena da». Hala, denbora eskatu zuten ekaitza behatzeko eta teleskopioa utzi zieten, batere erraza ez den arren aukera lortzea. «Begiratzen hasi ginen eta, hara non, hartu genituen poloko ekaitzaren irudi beretan aurkitu genuen ekuatoreko gure ekaitza!». Hubbleren bidez lortutako irudiak hagitz kalitate onekoak dira eta haiei esker deskubritu zuten gertakaria. Oinarrian, zera da: Saturnoren atmosferan zorrotada korronte erraldoi bat dago. 1.650 kilometro orduko abiaduran doa, Lurreko urakan bat baino hiru aldiz azkarrago. 7.000 kilometro inguruko ekaitz izugarria da. «Haizeak, sakonean, hagitz indartsu, egonkor eta azkarrak direla deskubritu dugu. Baina altuera hartzen duten heinean txikiagotzen joaten dira». 1.100 kilometro orduko abiadura lortzen dute goi atmosferan, eta, erran bezala, 1.650 kilometro orduko abiadurara ere iristen dira 150 kilometro inguruko sakoneran. Orbana behatuz ikusi duten bertze ezaugarri bat da haize sakona egonkorra dela eta, goi atmosferan, aldiz, korronte ekuatorialaren abiadura eta zabalera hagitz aldakorrak direla, urte sasoiko intsolazio zikloak Saturnon duen eraginaren ondorioz. Intentsitatea handitzen da ekuatorearen gainean eraztunen itzala aldakorra delako. Bestalde, bada planetaren ekuatorean bertze fenomeno meteorologiko bat, haizean eragin handia izan dezakeena: Urte Erdiko Oszilazioa (SAO). Hodeien sabai gainetik 50 kilometrora gertatzen da. Ondorioz, tenperaturak aldatzen dira eta haizeen norabidea eta indarra ekialdetik mendebaldera aldatzen dira. Ez da hori konplexutasun bakarra: latitude horietan Orban Zuri Handia fenomenoa garatu da hiru aldiz, 1876an, 1933an eta 1990ean. Planetari bira osoa ematen dion ekaitz erraldoi bat da eta sei aldiz baino ez da ikusi azken 150 urteotan. EHUko ikertzaileen lanak azaldu du ekaitz handi hori dela zorrotada korronte ekuatoriala aldatu duten eragileetako bat. Beroa, barrukoa eta eguzkiarena Baina non du sorburua korronte honek? Nondik ateratzen da hain planeta handian atmosferako masa hau guztia hain azkar mugitzeko gai den energia? Eskola batek dio planetaren barruko beroa dela eragilea eta horregatik direla haize sakonak hain intentsoak. Bertzeak, berriz, defendatzen du, Lurrean gertatzen den bezala, eguzkiaren erradiazioa dela sorburua. Hodeietan ezarri, goiko atmosferan, eta zorrotada korronte hau martxan jartzen du. «Guk ikusi duguna da, alde batetik, eguzkiaren beroak jartzen duela martxan korrontea goialdetik, eta, bestetik, azpialdean gertatzen dena planeta barreneko beroak eragiten duela. Bi sorburu dituela, alegia», esplikatu du Sanchezek. EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak urte aunitz daramatza planeten inguruan lanean. Espazioko hainbat misiotan dabil, zehazki Marteko bitan, bat NASArena, Mars2020, eta bertzea Europako Espazio Agentziarena (ESA), Exomars20. Jupiterrera joanen den bertze misio batean ere badabil, planeta eta bere sateliteak ikertzeko. Funtsean, bertze planeten atmosferak ulertzeko lan egiten du taldeak, azkenean gure planetan gertatzen diren fenomenoak ulertzeko. «Meteosaten antzekoak gara, baina beste planeta batzuetan». Denak dira EHUko irakasleak. «Europa osoko taldeekin egiten dugu lan, baita AEBetakoekin ere. Artikulu hau unibertsitate garrantzitsuetako kolaboratzaileek sinatu dute gurekin batera, Berkleykoek kasu. NASAkoek ere bai». Atmosferak dituzten planeta guztiak ikertzeko interesa dute. «Venus aztertu dugu, Marten eta Jupiterren ere bagaude, Saturnoko Cassini misioko datuak erabiltzen ari gara…». Bitartean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterra ematen dute. EspaZio Gelan egiten dituzte jarduerak. «Bertan osatzen ari gara gure harrobia, zientzialari eta teknologoena, fisikoak eta ingeniariak baititugu. Behatoki astronomiko bat dugu eta Bizkaiko Foru Aldundiak laguntzen gaitu diruz». Harrobi aldetik ongi dabiltzala dio, nahiz eta zientzialariek beti gehiago eskatu eta jende gaztearentzako kontratu gehiago nahi izan, aunitz hazten ari den arloa delako. «Gure etorkizuna gazteei doktore tesiak zuzendu ahal izatea da. Orain lau pertsona ditugu gurekin tesia egiten». Bokazioa duten guztiei, espazioko zientziak ikasi edo ikertu nahi dituztenei erranen lieke lan hau egiten duen talde bat dutela, nazioarte mailakoa, bertan eta zabal-zabalik. Saturnoren atmosferan zorrotada korronte erraldoi bat dago. Lurreko urakan bat baino hiru aldiz azkarrago doaz haizeak. 7.000 kilometro inguruko ekaitz izugarria da Harrobi aldetik ongi dabiltza taldean, nahiz eta zientzialariek beti gehiago eskatu eta jende gaztearentzako kontratu gehiago nahi izan, aunitz hazten ari den arloa delako