2016 ABEN. 03 KAIKUA, IZAN ZIRENA GARA Amonarena zen kaiku kaletarra jaso zuen Oihane Pardok amaren eskutik. Erabili zuen, urte luzez, zahartu zen arte. Ezinezkoa izan zitzaion goxotasun bera ematen zion beste bat topatzea, eta hala jaio zen «Amarenak» proiektua: ukitu modernoa duten kaiku artisauak, bertan eginak. Donostiarrak gure kultura berreskuratu nahi du. Azken eguneraketa: 2016 ABEN. 03 - 00:09h Oihane Larretxea de la Granja Kuttuna zuen amonaren kaiku urdina. Erabili eta erabili egin zuen, neguko hotzetik babesten zuen. Armairuan zituen beste txamarrengandik ezberdina zen jaka hura. Besteek beren armairuetan zituztenengandik ere ezberdina zen, kalean inork ez zeraman halakorik. Nolabait, gainera, soinean zeraman amona. Oso maitea zuen jaka hura; hainbeste, erabileraren erabileraz urratu zela, zahartu zela. Eman zuen eman behar zuen guztia. Zenbat bizipen pasatakoa zen amonaren eskuetatik amaren eskuetara eta azkenik Oihane Pardoren eskuetara igaro zen kaiku urdin hura… Bila eta bila jarri zen donostiarra, kaiku maitea ordezkatuko zuen kaiku aproposaren bila, baina souvenir dendetan baino ez zituen topatzen, edo Euskal Jaietan edo santomasetan “baserritarrez” janzteko arropak saltzen dituzten jantzi dendetan baino ez. Gaur egun hori baita ematen zaien erabilera, berokia baino gehiago, mozorro baitira kaikuak. Iazko Gabonetan izan zuen Oihane Pardok ordura arte Txinako Shangai hirian zeraman bizimoduarekin eten eta Euskal Herrian ibilbide berri bati ekiteko hauspoa eman zion ideia. Merkatuak behar zuena eskaintzen ez bazion, berak diseinatuko zituen kaikuak, egungo ikuspuntutik, ukitu eguneratu batekin. Dir-dir egiten diote begi urdinek “Amarenak” deitu duen proiektuaz mintzo denean. «Une pertsonal jakin bat bizi nuen, aldaketa behar nuela sumatzen nuen. Ez nekien nola eta noiz, baina barrenak hala esaten zidan. Arkitekto bezala lan finkoa nuen, baina bizimodua aldatu nahi nuen», gogoratu du. Eta patua lagun, iazko Gabonetako oporrak tarteko etxera bost egunerako bueltatu zenean izan zuen Donostiako Sustapenak antolatzen zuen programa baten berri, gazteen ideiak aurrera ateratzen laguntzeko. Proiektuaren mamia azaldu, elkarrizketa egin eta baiezkoa jaso zuen. Zirt edo zart. Txinara bueltatu zen, munduaren beste aldean hiru urtez eraikitako bizimodua amaitu zenaren jakitun: hilabeteren buruan etxean zen maletak alboratuta, kaiku pertsonalizatuen proiektuari bizitza emateko. «Hori zen bidea», dio, damurik gabe. Denbora tarte txiki honetan bezeroek arrazoia eman diote, baita erakundeek ere, izan ere, Gipuzkoako Aldundiak martxan jarritako Meta! crowfunding kanpainan hautatua izan zen eta bertan jasotako babes ekonomikoari esker “Amarenak” izenpean egin dituen lehen kaikuak plazaratu ahal izan ditu. Urdinak, berdeak, grisak… eta ertzak imajina daitezkeen koloreetakoak: arrosa, horia, berde pistatxoa… Amonaren kaiku kaletarraren bertsio freskoa, hitz gutxitan. Mimoz, bertan egina Asko ikasi du prozesuan. Lehenik eta behin, jantzien patroiak egiten. Inoiz arropa josi zuen lehenago, baina beretzat egindako jantziak; oraingoan gauza «serioa» zen, eta, lagun baten gomendioak jarraituta, ikastaro bat egin zuen, nondik eta nola moztu ikasteko, ideiak ondo garatzeko. Eta bere lagunek gustukoak zituztenez kaikuak, haiekin probatzen aritu zen, gizon zein emakumeentzat aproposak ziren ereduekin asmatu arte. «Hornitzaileen bila jarri nintzen orduan, eta hasieratik oso-oso argi izan nuen hemen lan egin nahi nuela, hemengo hornitzaileekin, baina arazoak izan nituen». Kontatzen duenez, ardi latxaren artilean pentsatu zuen, baina ezagutu zuen artzain batek horretarako batere aproposa ez zela esan zion. Baztertu egin zuen aukera hori, beraz. Ipar Euskal Herrian topatu zuen ardi latxaren artilearekin koltxoiak eta kuxinak egiten dituen ekoizle bat, ez ordea halako jakak. Gaztela Mantxako herritxo batera jo zuen azkenean, ekoizle artisau batengana. «Bi hornitzailerekin egiten dut lan, artilea nahi nuelako, artile ona. Garestiagoa da –onartu du–, baina crowfunding ekimena primeran etorri zait zentzu horretan ere». Pardok webgunean xehetasun osoz azaltzen du erabiltzen duen material guztien kostua, salneurria ere zehaztuta dago, botoiena eta guzti. Gardentasuna. «Bezeroak salneurria nondik datorren ikustea nahi nuen. Prozesu horretan guztian ohartu nintzen kamiseta batengatik hogei euro ordaintzea ezinezkoa dela, adibidez, jasangarritasuna bermatuz jokatuz gero. ‘Made in Bangladesh’ dela ikustean ohartzen zara orduan bai, orduan ateratzen direla kontuak, baina nik erabat baztertu nuen bide hori». Gipuzkoako tailer batean josiak daude kaikuak, bertako jostunek josiak. «Etxean egina». Hori nabarmendu du eta jendeak oso ondo jaso du mezua. Balio erantsia dela sinetsita, harritu egiten da beste sortzaile askok hori ez aipatzea beren produktuak merkaturatzeko garaian. Txinako egonaldiak hain zuzen asko irakatsi dio zentzu horretan. Kulturari dagokionez, adibidez, txinatarrak «umezurtz» ikusten ditu. «Ez naiz fededuna, baina kulturan sinisten dut; kultura sustraiak dira, identitatea, nondik gatozen azaltzen du, arbasoak dira, eta, pentsatzeko moduan, baita izaeran ere, eragina du», uste du. Asian ohartu zen horrek guztiak duen garrantziaz, diruak sekulako garrantzia duen gizartean murgilduta, “erabili eta bota” eredua arau den gizartean. «Txinatarrak oso onak dira kopiatzen, baina, esan ohi dudan bezala, inaugurazio egunerako jartzen dute dena polit, gero apurtu egiten dute. Hori nahi dugu? Nik ez, nik proiektu honekin justu aurkakoa bilatzen dut». Eta bideari ekin baino lehen batek baino gehiagok esan arren jendeak akaso ez zituela atzean dagoen lana eta maitasuna estimatuko, ezetz uste du Pardok. «Sentimendu asko piztu ditu pertsonen artean. Gehiengoak bazekien zer ziren kaikuak, eta askorengan alde emozionala piztu du. Emakume batek, adibidez, aitonaren kaikua ekarri zuen gogora, eta hunkituta zegoen. Batzuek kultura edo historia baloratzen dute, besteek diseinua, eskuz egina egotea eta bertan gainera… hainbeste gauza dira! Baina erosten duenak badaki zer erosten duen». Ondarea zaindu eta zabaldu Bidean topatu du kaikuak zer ziren ez zekienik ere, edo San Tomas egunarekin edo antzeko festekin soilik lotzen zuenik, azken finean hori baita ematen zaion erabilpenik hedatuena eta ia bakarra. Eta hortxe dago gakoa donostiarraren aburuz, eta hori da bere helburu nagusia: Euskal Herriko historiarekin eta identitatearekin hain lotuta dagoen jaka mozorro izatetik askatzea, dagokion tokia ematea, alegia, kalea, eta egunerokoan jantziz gozatzea, galtza bakeroekin lanera joateko, alkandoraren gainetik edo soineko batekin. «Kultura berreskuratzea» deitzen dio, eta ez du uste nolanahiko gauza denik. «Gauzek aldatuz joan behar dute, baina aldatzeak ez du esan nahi gure bizitzetatik aldendu behar ditugunik edo uko egin behar diegunik; azken batean, garaietara egokitzea, garatzea da auzia. Niretzat kaikuaren atalik politena diseinua da. Hori mantentzen badugu eta horren barruan jokatu… », dio, jakitun baten batek esan dezakeela hori ez dela «mantentzea» edo «errespetatzea». «Gauzok batzuetan polemikoak izan daitezke. Izan ere, tradizioa ukitzen denean… Baina nik maitasun guztiarekin egin dut», dio. «Garrantzitsuena, armairuan beharrean, kalean egotea da», laburbildu du. Kaikua Euskal Herriaren historian lehen sektorearekin lotuta egon diren janzkietako bat baino ez da, hamaika baitaude. Hala, “Amarenak” proiektuak ibilbide oparoa izanez gero, ez du baztertzen etorkizun batean beste jaka batzuekin ere antzeko zerbait egitea, helburua beti kultura berreskuratzea eta gure jantziak izan zirena zaintzea eta zabaltzea delako. Ibilbide hori marrazteko, ordea, ezinbestekoa da ondarearekiko maitasuna, Oihane Pardok diseinuan eta jostunek beren tailer txikian, josketa lanetan jartzen duten maitasun berbera, denen artean, puntadaz puntada, izan ziren hori ehuntzeko. Kaikuek XXI. mendeko atea jo dute. HERRITAR TXAMARRA ETA ELASTIKOTIK HIRITARREN KAIKURA Zabala eta sakona da euskal jaka tradizionalen atzean dagoen historia liluragarria; aurreko mendeetan eremu tradizionaletan lehendabizi zein kalean ondoren euskaldunek jantzi zituzten hamaika janzkietako bat baino ez da kaikua, nahiz eta gaur egun ezagunena izan. Azalpenen bila joan gara Ane Albisurengana (Donostia, 1960). Euskal Filologian lizentziatua, euskal jantzi tradizionalen munduan murgilduta darama kasik bizitza osoa; zeregin horietan aritzen da Ikerfolk taldean eta bertatik ikertzen du jantzitegi tradizionala aspalditik. Bidelagun izan dugu Amaia Mujika ere, Bilboko Euskal Museoko etnografia teknikaria. Lehenik eta behin, bi kontzepturen arteko bereizketa egitea garrantzitsua dela dio Mujikak: “jaka herrikoia” eta “jaka kaletarra” dira ondorengo lerroetan argi izan beharreko bi munduak. ”Jaka herrikoiak” eremu tradizionaletan, lehen sektorean, erabiltzen zituzten: arrantzaleek, artzainek, baserritarrek… Zehazki noiz eta non sortu ziren ezezaguna da, baina XIX. mendean kokatzen ditu Albisuk. Mujikak Lehen Karlistaldiaren eta 36ko Gerraren artean kokatzen ditu. Gerora azkar galdu ziren, gainontzeko herri jantziekin batera. “Jaka kaletarrak”, kaikua eta mendigoizalea (bata oihalezkoa eta bestea puntuzkoa), bestalde, 1910 eta 1930 artean jaio ziren. 60ko hamarkadan berreskuratu egin zituzten kaletarrek (biak “kaiku” izenpean), frankismoaren garai ilunetan janzkera bera aldarrikapen bide bihurtzean. «Gure nortasuna eta euskalduntasuna adierazteko herrikoiak ziren janzki batzuk hartu eta berreskuratu egin ziren, bertsionatu, egokitu. Egokitzapen horretan –kontatu du Mujikak–, jantzi batzuk zehatz-mehatz kopiatu zituzten, eta, beste batzuek, aldiz, aldaerak jasan zituzten, oihalezko kaikuek adibidez: poltsikoak erantsi zitzaizkien, ukondokoak jarri…». Eta horixe da, etnografoaren hitzetan, Oihane Pardok “Amarenak” proiektuarekin egin duena: kaletarrek jaka herrikoiaz egin zuten bertsioaren bertsio bat egin du. Behin bi multzoak orokorki azalduta, goazen xehetasunetara. Jantziak banaka azaltzera. Euskal janzki herrikoia ez da inoiz bakarra izan: berezitasun geografikoen, sozialen eta bizimoduen isla izan da, eta, hortaz, berez etorritako aldaketen zein hirietako moden eraginei lotuta egon da. Kontuan hartu behar da, gainera, etxe aberatsagoak edo txiroagoak zeudela, eta, horren arabera, jantzien kalitatea edo dotorezia ere aldatu egiten zela. Gizonezko herriko jantziak, ezkontzeko egindakoak, ondorengo elementuak zituen: jaka, galtzak edo prakak, alkandora, txalekoa, gerrikoa, oinetakoak eta galtzerdiak, eta buruan beti zerbait, oro har txapela. Jantzi dotorea, ordea, eguneroko beste janzki batzuekin osatzen zen: artzainen kapusai edo elastikoarekin, edota baserritar eta arrantzaleen brusarekin. Mujikaren azalpenen arabera, jantziaren txaketa horiek, modaren eraginez, aldatuz joan ziren: motzak eta papar-hegalekin, botoidun bi lerrorekin, bakarrarekin… Gauza berbera gertatu zen txamarra eta elastikoekin, gugana kaiku izenarekin heldu direnekin, alegia. Eta orduan, gaur egun bezala, moda eta usadioak ere bazeuden, alegia, ez zegoen janzteko modu bakar bat, eta etxe batetik bestera aldaketak zeuden. Adibidez, etxeko emakumeak, orratz lanetarako eta josteko zuen iaiotasunaren arabera, artilean irudi landuago edo sinpleagoak egiten zituen. Garaiaren eta geografiaren arabera ere aldaketak ematen ziren, eta, ezaugarri batzuk denboran zehar mantentzen ziren bitartean, beste batzuk aldatu egiten ziren. Adibidez, emakumeek Lehen Karlistaldiraino buruan zapia darabilte, baina jatorriaren arabera jartzeko modua eta estiloa aldatu egiten da. Modu paraleloan, industrializazioaren eraginez aberastutako burgesia ere aipatu behar da. XIX. mendea zen eta gizartearen klase jakin hori «oso elegante» janzten hasi zen, emakumeak Parisko tendentziak jarraituz eta gizonak Ingalaterrakoak. Bizimodu tradizionalari lotuta bizi zirenek, ordea, baliabide gutxiago izan arren, jantzitegi aberatsa osatu zuten. Ane Albisuk aipatzen duenez, entitate oso lokala zuten txamarrek; egitura oso antzekoa zuten arren, tokian tokiko koloreak zeuden, azpildurak ezberdinak ziren, egoera zibilaren arabera bat edo beste erabiltzen zuten... «Tamalez, asko desagertu egin dira, badakigu existitu zirela, baina ez daude ikusgai. Pena handia da», dio. Modak horretan guztian ere eragina izan zuen, eta, dioenez, lehen sektoreko gizonak beren egunerokoan beste jaka edo txamarra mota batzuk erabiltzen hasi ziren pixkanaka. Gaur egun, Bilboko Museoan baieztatzen dutenez, lau mota ezagutzen ditugu, baina gehiago egon ziren. Horiek dira, hurrenez hurren, txamarrote edo lekeitiarra, Arratiako txamarra, Gipuzkoako txamarreta eta nafarra edo Erronkarikoa. Azken jantzi horren aldagarriak dira Nafarroako zonalde gehienetan erabili ziren beste jaka guztiak. Motzak dira, gerrira arte, ez dute leporik eta ukondoko eliptikoak dituzte, ezaugarri batzuk aipatzearren. Gipuzkoarra, berriz, desagertu egin zen zoritxarrez. Baina jakina da belusean egindakoa zela eta bordatu finak zituela. Arratiarra oihalezkoa zen, luzea eta zabala, aldakak arte, eta bizkarrean kanpai forman ebakita zegoen. Tapazko poltsiko faltsuak zituen eta galtza motz eta polainekin eramaten zen, Euskal Museoak jaso duenez. Azkenik, arrantzaleen txamarroteak, edo lekeitiarra izenez ezagutzen dena: oihal liso edo koadrodunetan egiten zen, eta gorria, urdina eta berdea izan ohi zen. Marinelek eta arrantzaleek lanerako erabiltzen zuten jaka izanik, oro har forratuta izaten zen, edo barrubiguna zuen. Beste multzo batean sailkatzen du museo etnografikoak “elastikoa” bezala ezagutzen den puntuz egindako jaka, hau ere “kaiku” edo “mendigoizale” gisa ezaguna (kaletar janzki bezala). Gure egunetara heltzea lortu du, bularraldean euskal lurraldeen armarrien irudiekin, jatorrian oso bestelako irudiak zituen arren. Jatorriz artzain munduan kokatua, ardiaren artilez orratzez egindakoa da, puntuz, eta, garai batean, aurrealdeko ertzetan marrazki geometrikoz, letraz eta abarrez apainduta zegoen. Jaka ixteko lokarri edo borlak zituen, artilez eginak hauek ere. Artxiboetan jaso denez, Ultzamako bailaran, ikazkinen jantzien elastikoen eskumuturretan jabearen izena jartzen zuten ehunez. Elastiko edo kaikuetan lantzen ziren irudiak emakumeak orratz-puntuan zuen iaiotasunaren edo irudimenaren araberakoak ziren, horregatik ez zegoen diseinu irudi zehatz edo bakar bat. Eta horiek egiteko erabiltzen zen artilearen inguruan, Mujikak dio «momentu batean, ez dakigu argi noiz», urdinak eta gorriak egiten hasi zirela, ordura arte artzainek beren ardien artilea soilik erabiltzen baitzuten, zuria edo beltza. Horrek esan nahi du kaleko dendetan edo baserrietatik ibiltzen ziren “txamarrileroei” erosten zietela kolore urdin eta gorriko artilea. XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran izan zen. Behin hori guztia azalduta, goazen bada “jaka kaletarra” aletzera. Funtsean, kaletarrek bereganatu egin zituzten landa eremuarekin lotutako janzki batzuk beste erabilera bat emateko; lehen sektoretik kalera jauzi egin zuten, baina sustraiak, tradizioa, kultura, usadioak ahaztu gabe. Albisuk zein Mujikak horrek nazionalismoarekin izan zuen lotura aipatzen dute, oso lotuta egon baitzen egokitzapen hori euskal ideologiaren berpizkunde zehatz batekin. Gazteek ere hartu zuten iniziatiba, tartean Euskal Gaztedi bezalako erakundeen eskutik. «60ko hamarkadan gazteak elkartu egiten ziren dantzarako, kantatzeko, mendira joateko… Guztiak euskal identitatearekin lotutako jarduerak ziren», dio Mujikak. Eta pentsatzeko modu hori jantzien bidez azaltzen zuen jendarteak. Besteak beste, horregatik izan du, bere ustez, txapelak halako indarra XX. mendean. «Frankismo garaian halako keinu asko sortu ziren», dio Albisuk, «hitzez esan ezin zirenak arroparen bidez adierazteko, adibidez. Bada jantzi horiek dira gelditu direnak». Elbira Zipitria irakaslearen kasua aipatzen du, Donostian modu klandestinoan euskaraz irakasten zuen emakume adoretsuak arrantzaleek erabiltzen zuten txamarrotean oinarritutako kaiku koadroduna janzten baitzuen. Telesforo Monzonek, aldiz, urdin iluna erabiltzen zuen, «dotorea delako, eta solemnitatea emateaz gainera, euskalduntasuna adierazten zuelako», dio Ikerfolk taldeko kideak. Zentsuraren eta debekuaren gainetik, edo azpitik, testuinguru hartan behintzat, sortu zen orratz-puntuz mendigoizale edo kaiku urdinean Euskal Herriko lurraldeen armarriak gorriz jasotzeko joera, eta gaur egun ere hala ezagutzen dugu. Jakok kutsu politiko handia zutenez, giro batzuetan baztertuak ere izan gerora. Horregatik, azken garaian, bereziki 80ko hamarkadatik gaurdaino, ahaleginak indartu egin dira jantziok guztiak berreskuratzeko, dela jaunartze, euskal ezkontza edo Euskal Jaietarako. Dantza taldeek ere berreskuratu zituzten, eta praka eta alkandora zuriaren gainetik kaikua janzten zuten, denen begien bistan mezu jakin bat helarazteko, Ikerfolkeko kideak dioenez. Egokitzapena pixkanakakoa izan zela dio Mujikak. «Baserritarrak janzten ziren modu batean eta kaletarrak beste modu batean, bi mundu ziren. Baina ez ziren mundu itxiak, hartu-emana etengabea zen, eta naturala. Guk geuk gure amonak ezagutu ditugu zapiarekin; ia-ia kaletarrak bezala janzten ziren, baina mantala eta zapia zuten, ezta? Guk gaur egun Internet edo aldizkarien bidez beste joera batzuk kopiatzen ditugun moduan egiten zuten beraiek ere , ez zen hain ezberdina», dio teknikariak. 1920ko hamarkadan, esaterako, baserritarrak hirira jaisten ziren elikagaiak saltzera, eta, hiritarrak, berriz, txakolindegietara joaten ziren, alegia, baserrietara. Erromerietara ere joaten ziren, mendira joatea Gorbeiara joatea zen… Harremana bazegoen, oso estua zen, eta hiriak, handiak izan arren, oso lokalizatuta zeuden. Beraz, bi munduon arteko lotura egin bazegon, indartsua zen eta bien arteko elkarguneak izaten ziren. Biak ala biak oso pozik daude Oihane Pardoren proiektuarekin, kultura berreskuratzen eta zabaltzen laguntzen duelako. Hala ere, iritzi dutenez, «gaurko euskal jakak» ulertzeko garrantzitsuena beren jatorria ezagutzea da. Helburu nagusia gure tradizioak berreskuratu eta kaikua gaur egun duen mozorro etiketatik aldentzea da: jendeak kalera ateratzeko erabil dezala, egunerokoan, ez egun berezietan soilik Oihane Pardoren kaiku bat erosten dutenek kultura, diseinua edo historia baloratzen dutelako egiten dute. «Alde emozionala» ere oso presente dagoela uste du donostiarrak