GAUR8 - mila leiho zabalik

Donostiako Protokoloaren garrantzia


Kyotoko Protokoloa entzun eta, horretaz ezer irakurri gabe ere, edozeinek badakizki hiru gauza garrantzitsu dokumentu horren inguruan: nazioarteko akordioa da, ingurumenari buruzkoa da, eta gutxieneko neurri batzuk ezartzen ditu, herrialde guztiek bete ditzaten.

Gaur bertan Donostian sinatzen ari da hemendik aurrera Donostiako Protokoloa izena eramango duen nazioarteko hitzarmena. Eta zer da Donostiako Protokoloa? Nazioarteko akordioa da, hizkuntza eskubideen ingurukoa da, eta gutxieneko neurri batzuk ezartzen ditu, herrialde guztiek bete ditzaten.

Protokolo hau ez da hutsean sortu. Bi urte luzeko ibilbidea egin du Donostia 2016rekin batera. Gaurko aurkezpenak Europako Kultura Hiriburutzaren azken trakarekin kointzidituko badu ere, Protokoloaren jatorria 1993an bilatu behar dugu, PEN Internationaleko Translation & Linguistic Rights Committee-ren bilera batean idazle haiek erabaki zutenean Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala idaztea. Hiru urte geroago, 1996an, 61 gobernuz kanpoko erakundek, 41 PEN taldek eta 40 adituk onartu zuten Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala. Deklarazio Unibertsala izan zen eskubideen aldarrikapena, eta Protokoloa da, orain, eskubideok bermatzeko sortu den tramankulu garrantzitsua, eskubideak paper errea baitira gauzatu ezin badira.

Deklarazioa bezala, Protokoloa ere behetik sortu da, gizarte zibila ordezkatzen duten hainbat taldek adostu dute, eta, gaurko aurkezpenaren ostean, asmoa da talde gehiagok bereganatzea, babestea, erabiltzea, gauzatzea, aplikatzea, defendatzea, bultzatzea eta bere egitea.

Honenbestez, Protokoloaren lehen ezaugarri garrantzitsua da gizarte zibilak sustatu duela zenbait erakunderen laguntzaz; PEN International, ELEN (European Language Equality Network), LinguaPax, UNPO (Unrepresented Nations and Peoples Organization), ECMI (European Centre for Minority Issues) eta CIEMEN (Centre Internacional Escarré per a les Minories Ètniques et les Nacions) elkarteek eraman duten gidaritza.

Abiapuntua anitza bada ere, hainbat kontzepturen inguruan ideia bera konpartitzen dute: hizkuntza aniztasuna ez da madarikazioa, aberastasuna baizik; hizkuntzen arteko elkarbizitza bilatzen dute, berdintasuna bermatzea dute helburu, hizkuntza gutxituak garatu nahi dituzte, tresnak eman, eta, finean, hizkuntza komunitatea subjektu bihurtu nahi dute, gizarte justuago baten bermatzaile.

Eta hori guztia nola egiten da? Hainbat herrialdetatik jasotako proposamenak bildu dituzte aurrenik, eta sakon eztabaidatu dituzte ondoren. Eztabaidaren eta elkarrekintzaren emaitza da gaur aurkezten ari den Protokoloa. Hizkuntza gutxituen osasuna bermatzeko gutxieneko neurriak ezarri dituzte, zer den ezinbesteko, zer den oinarrizko, zer den komenigarri. Orain, hemendik aurrera, hizkuntza komunitate bakoitzak ikusi beharko du zein lekutan dagoen, nolakoa den bere egoera, zein bere indargunea eta zein bere ahulezia, eta dagoen lekutik abiatuta saiatuko da hobetzen eremu guztietan hizkuntzaren egoera.

Hizkuntza batzuek bide erdia egina dute. Beste batzuk, ordea, apenas ez dira abiatu hastapeneko puntutik. Garrantzitsuena, baina, zera da, hizkuntza guztiek tresna bera dutela beren eskubideak defendatzeko, tresna bera egoera neurtzeko, eta tresna bera helburuak finkatzeko, nork bere erara egin arren.

Gaur sinatzen ari den Protokoloa tresna da, erreminta, lanabesa. Tresna bat, edozein tresna, erabilgarria da, probetxugarria. Baina objektu huts bihur daiteke atzetik ez baditu gogoa, borondatea, egiteko asmoa, bultzada. Hori da gainontzekooi dagokiguna, tresna honetaz baliatzea. •