GAUR8 - mila leiho zabalik
AITATASUNA GAUR EGUN

Albert Rams: «Seme-alabak gertatu zaidan onena dira, baina tragedia ere badago»

Aita biologikoa, «imago paterna», aita handia, sinbolikoa, barrenekoa... guztiak harrapatu ditu Albert Ramsek. Aita eta terapeuta gisa dituen esperientziak uztartuz osatu du lana. Ez da autolaguntza liburua; konplexuagoa da, eta ekarpen bat egiten dio aitatasunari: seme-alaben aitzinean agertu ahal izatea norberaren muga eta akatsen kontziente izanik.


Albert Rams (Valentzia, 1958) “Ser padre hoy: Terapia Gestalt y paternidad” liburua aurkeztera etorri da Donostiara, Euskadiko Gestalt Terapiaren Eskolak gonbidatuta. Estatuan Gestalt terapian aitzindaria da Rams psikologo eta psikoterapeuta, eta eskola honek gaur egungo aitei eskaintzen diena proposatzen du: umeekin zintzoak eta gardenak izatea.

Bidenabar, gizontasunaren kontzeptua lantzen du, hau aldatu behar delako aitatasuna aldatzeko. Gurasotasunari eta berdintasunean hezteari buruz Gestalt Eskolako kideekin egindako mahai-inguruaren aitzinetik bildu da GAUR8rekin, elkarrizketa lasai batean, bere ekarpena azaltzeko.

«Iraultza baten beharra dugula iruditzen zait, feminismorekin paraleloan, maskulinismo antzeko bat. Ez matxismoa edo patriarkalismoa –adierazi du–. Feminismoan lan eginez, emakumeek gehiago dakizue zein zareten, zer nahi duzuen… Oraindik aunitz falta da baina gehiago dakizue; gizonek, ez. Hagitz galduta gaude. Badakigu zer ez dugun nahi, baina ez dakigu hagitz ongi zer nahi dugun. Hori da falta den iraultza».

Zer da gizon izatea? “Gladiator” filmaren lemari lehendabiziko zatia aldatuz, “indarra eta ohorea” beharrean “ahultasuna eta ohorea” aldarrikatzen ditu psikologo humanistak, bere ustez, egiazko indarra norberaren ahultasunaz edo zaurgarritasunaz jabetzetik hasten baita. Biguntasunetik sortzen da beraz, ez gogortasunetik. Urakan bat etortzen bada, haritza eramanen du, ez ihia, azken hori malgua delako, biguna, eta ez duelako zuztarretik aterako. «Iraultza horretan, gizonoi gure ahultasuna eta zaurgarritasuna hobeki ezagutzea falta zaigu».

Bide horretan kokatzen da Gestalt terapiak aitatasunari egiten ahal dion mesedea. Bere teknika nagusia aulki hutsarena da. Triangelu bat osatzen da: aulki batean terapeuta esertzen da, bertzean pazientea, eta hirugarren aulkia hutsik uzten da. Pazientearen bizitzako pertsonaiak edo gauzak, oraingoak edo iraganekoak, etortzen ahal diren lekua da.

Demagun pazienteak terapeutari aitarekin duen arazo baten berri kontatzen diola. Terapeutak eskatuko dio: «Erraiozu aitari zuzenean». Aulki hutsa aitak beteko luke. Pazienteak terapeutari kontatzea edo aitari kontatzen ari zaion bezala egitea desberdina da. Bere zatiak ere egoten ahal dira aulki hutsean. Hankako mina badu, min horri mintzatzen ahal zaio zuzenean.

Rolak aldatzen dira ondotik: pazientea aita da, edo hankako mina. Horrela bertzearen lekuan jartzea lortzen da.

Aitaren tragedia

Lehenengoz aita izaten denaren tragedia agertzen da liburuan. «Etapa hagitz zail bat hasten da familian edo bikotean. Bertan, bere burua erabat galtzen duen amaren tragediaz gain, aitarena gertatzen da. Hau baztertua sentitzen da, bikotearen energia guztia umearentzat delako. Bota egiten dute, edo berak egiten du alde, fisikoki edo animikoki, sentitzen duena baita ez duela lekurik». Ramsen iritziz, egoera hori bi aldetatik hobetu daiteke: batetik, aitak haurrarekin harremana sortuz (autore batek dio aita gizakien asmakizuna dela, naturan ez baitago aitarik, hazia jartzen duen arra baizik). «Emakumeak bederatzi hilabeteko prozesua bizi izan du umearekin, barrenean sentitu du. Baina, gizonak, ez. Orduan sortu egin behar du lotura eta nik horretara animatzen ditut erranez ez dakitela zer galtzen duten. Bertzetik, amari erranen nioke bikoteaz ez ahanzteko».

Erantsi du ez dagoela aita perfekturik, zorionez. Eta aita ona edo txarra izateko hainbat modu daudela. «Txarrak honakoak lirateke: absentea, autoritarioa, intermitentea, nartzisista… eta denetan okerrenak, abusatzailea, toxikomanoa, oso-oso gaixoa eta eroa».

Baina zer erran nahi dugu “aita” diogunean? Gutxienez, bost erranahi posible ditu “aita” hitzak, “ama” hitzak bezala. Denbora osoan aitaz mintzatzen da liburuan, baina gauza aunitzek amarentzat ere balio dute. «Aita biologikoa dugu; eta imago paterna, bakoitzak barnean duguna, gure aitak gutaz edo bizitzaz pentsatzen duena uste duguna. Pentsamendu hauekin erreakzionatzen dugu maiz. Aita biologikoa pertsona bat da, eta, beraz, garatzen doa. Ez da berdina umeak bost urte dituenean edo heldua denean. Baina imago paterna programa bat da». “Matrix”-en adibidea jarriz, barruko aita Mr Smith da. Makina bat.

Aurreiritziak dira eta min handia egiten dute. «Paziente batek kontatu zidan aitarekin eztabaidan aritu zela, bertze behin. Halako batean arrazoia eman zion aitak baina berak sesioan jarraitu zuen. ‘Baina arrazoi duzula erran dizut!’. Ez zen bere buruan sartzen ados egon zitekeenik. Norekin ari zen eztabaidan? Imago paterna-rekin».

Bertze mota bat aita handia da. Dibinitatearen bertsio maskulinoa. Aita jainkoaren baliokidea. Espiritualki aita handi bat eta ama handi bat daude. Aita sinbolikoa ere badago, aita izan gabe honen rola betetzen duena: gurasoen lagun bat, lagun nagusiago bat, osaba, anaia nagusia, irakasle bat edo terapeuta. Gure buruarekin lan egiten eta aita biologikoarekin berradiskidetzen laguntzen digute.

«Barruko aita ni naizen gizona izanen litzateke, ni naizen aita. Nire aitaren gauza batzuk hartzen ditut, imago paterna-tik garbitu ditudan bertze gauza batzuk, aita handiarenak, aita sinbolikoarenak…».

Aita konpontzailea

«Bi alaba izan ditut, lehendabizikoa, Maria, 12 urte zituela hil zen, nik 35 nituela, auto batek harrapatuta. Seme bat dut, Martin, 26 urtekoa, eta alaba gazteenak, Anak, 21 ditu. Liburua idazten ari nintzen bitartean minbizia diagnostikatu zioten Anari». Esperientzia horiek guztiak kontatzen ditu: zer tokatu zaion, nola hartu dituen gauzak, nola maneiatu den… «Liburuaren eskaintzan azaltzen dudan bezala, seme-alabak gertatu zaidan onena dira, baina tragedia bat ere badago».

Lanaren azken zatian terapeuta gizonezkoa aztertzen du aita konpontzaile bezala. Bertan azaltzen da puskatutako hariak nola josi daitezkeen.

 

Familia eredu berriak aintzat hartu

Ugaritzen ari diren familia eredu berriak kontuan hartzen hasi behar dugula azpimarratu du Albert Ramsek. Garai batean bezala gizonak kanpoan lan egiten duen eta emakumea etxean aritzen den familiak badaude, baina gero eta gutxiago. Sarri biek lan egiten dute kanpoan eta beren gatazkekin barreneko zereginak partekatzen hasi dira. Bi amako familiak daude, bi aitakoak, guraso bakarrekoak, talde batek osatuak… «Zer gertatzen da horietan Ediporen konplexuaren kontzeptuarekin?», galdetu du psikologoak (konplexu horretan semeari aita lehiakide gisa agertzen zaio amaren maitasunean).

Aitortu duenez, psikoanalistena hagitz kolektibo atzerakoia da, eta, beharbada, Ediporen kontzeptua aldatzen hasteko garaia da. «Edipo da gauzak ulertzeko erarik onena edo bertze gauza batzuk gertatzen ari dira hor oraindik pentsatu ez direnak?». Amatasuna eta aitatasuna aldatzen ari dira.

Bi funtzioz solas egiten da, amarena eta aitarena. Juanjo Albertek “Ternura y agresión” liburuan azaltzen du. Laburtuz, samurtasuna amaren funtzioarekin lotzen du; aitaren funtzioa, aldiz, mugekin. «Amak ez zaitu zu bakarrik maite, ni ere maite nau», erraten dio aitak umeari. Amaren funtzioa amak zein aitak bete dezakete, eta aitaren funtzioa ere bai. «Bi aldeak baditut, maskulinoa eta femeninoa, bi funtzioak bete ditzaket». Etorkizunean terapeuta berriek aita eta ama berrien seme-alabei gertatzen zaienarekin lan eginen dutela dio Ramsek.