GAUR8 - mila leiho zabalik

Bat gutxiago


Gabonak pasatu berri dira. Erlijiozaleak izan gabe ere, are gehiago, kristauak izan gabe, ezin zalantzan jarri egun bereziak direnik. Burura eta bihotzera etortzen zaizkigu nahi eta nahi ez gure artean ez daudenak. Data malenkoniatsuotan, ezin burutik kendu familia arteko afari batean egon beharrean (edo ez, horrela nahi izanez gero) urrutiko kartzeletara bidaian izaten diren haurrak, ama-aitak, amona-aitonak… Ekidin ezina da, nahiz eta egun bereziak ez direla pentsatzen saiatu, bisitarako bidean daudenak edota bisita edukitzeko aukera ez duten eta erbestean dauden horien familiak buruan izatea.

Aurten, gainera, asteburuan jauzi direnez, afari berezi horiek –bai Gabon gauekoa bai Gabon zaharrekoa– beste modu batean ziurrenik sekula ezagutuko ez genituzkeen lur horietan egin dira; Teruel inguruko jatetxe batean afaldu, Albaceteko taberna batean mahatsak jan… Bi adibide baino ez dira. Izan ere, imajinatu ezineko herriak ederki ezagutzen ditugu dispertsioa dela eta. Estatu frantziar eta Estatu espainoleko hainbat izkina ezkutu ezagutzen ditugu, halabeharrez.

Ez da dispertsioa soilik: espainiar eta frantziar kartzeletako errealitatea gordina da benetan. Gaixotasun larriak dituzten presoak, euren bizitzak arrisku bizian dituztenak, biziraupena ia ezinezkoa egiten den egoeratan daude. Legeak kontrakoa esaten badu ere, aske ez uzteaz gain, urruti mantentzen dituzte, eta isolaturik. Isolamendua baita kartzela modernoen tortura isila, presoa suntsitzeko teknika maltzurra.

Bidaia luzeetara kondenatuta egoteaz gain, haurrek gurasoekin harreman minimoa ziurtatuko luketen neurri oinarrizkoenak ere ukatuak dituzte. Eta beste hainbeste errealitate gordin, senide eta lagunek egunero ikusten dituztenak. Maite dituzten horiek krudelkeria horiek guztiak nola pairatzen dituzten ikusi arren, irribarre batekin asteburuz asteburu bisitan joaten dira.

Egia da, hala ere, urrutiko lurralde horietan hainbat lagun aurkitzen ditugula. Dituztela. Gure txikitxoei barrea eragiten dietenak, babesa adierazten digutenak, jakin badakitenak ez genukeela bertan egon nahi eta etxean egotea dela benetan tokatzen dena (edo ez, betiere inposatu gabeko erabakia izanik); hala, euren aldetik duten hoberena jartzen dute egunok modurik alaienean eramaten laguntzeko. Senide eta lagunei babes pertsonal hori eskaintzen dieten horiei lerro batzuk eskaintzea beharrezkoa da. Gu ezagutu gabe, dutena emateko prest azaltzen dira; ezezagun ziren lehen eta horietako askok lagun izaten bukatu dute. Elkartasunez beteriko pertsonak dira.

Elkartasuna garesti atera dakieke

Badakigu maite ditugunekin elkartasuna adieraztea zeinen garesti atera dakiekeen. Baita maitasun hori modurik xumeenean adierazita ere. Orain gutxi ezagutu ditugu sare sozialetan elkartasun mezuak zabaltzeagatik Auzitegi Nazionalak hainbat lagunen aurka eskatu dituen zigorrak. Hainbat atxilotuak izan ziren eta egun epaiketaren zain daude. Horietako batek, @erreharria, oso ondo jaso zuen hitzetan hau guztia, eta gaur bere hitzak ekarri nahi ditut. Urtea hastear egonda eta senideak gogoan, honakoa idatzi zuen: «Besarkada handi bat oraingoan ere urte bat gehiago kontatu beharrean urte bat gutxiago zenbatzen duten horientzako (muxu handi bat AlFreeDo)». Eta horrela da, ez dugu bat gutxiago nahi, etorkizuna aurrera begira egiten delako, urteak pasatzen joan eta atzera begiratzea aurrera egin dugun sentsazioa delako. Etorkizuna aurrera begira dagoelako eta uzten ez badigute ere, aurtengoa atzeraka zenbatzen dugun azkeneko urtea izan dadin lan egingo dugulako. •