GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

IRANEN ZENTRISMOA IRUDIKATU DUEN RAFSANJANI ZENDU DA


Bihotzekoak jota hil den Akbar Haxemi Rafsanjani politikari eta kleriko irandarrak herrialdeko sektore gehienen agurra eta ohorea jaso ditu asteon. Eta oraingoan ez da hildakoei normalean zor zaien errespetu kontua bakarrik izan. Onerako eta txarrerako, Iranen «zentroa» bere egiten jakin izan duen politikorik bada, hori Rafsanjani izan da zalantzarik gabe. Ruhola Khomeiniren gertu-gertukoa, Iraken aurkako gerran Errepublika Islamikoko Armadako buru, Aiatola Handiaren heriotzaren ondoren Irango presidente bilakatu zen. Bere burua kontserbadore pragmatikotzat zuen; beraz, erreformisten alde egin izan zuen, bai, baina «liberalismoa» ekonomiara eta Washingtonekin harremanak normalizatzera mugatuz. Hala, ez da harritzekoa Ali Khamenei egungo aiatola, Hassan Rohani Irango presidentea eta baita Etxe Zuria ere bat etorri izana Rafsanjaniren izaera politikoa goraipatzerako orduan, bera gabe Irango bilakaera historikoa ulertzerik ez baitago. Dabid LAZKANOITURBURU