2017 URT. 14 IKUSMIRA MENDI TONTORRERA IGO ETA ASMO BERRIAK HAIZATU JON URBE | ARGAZKI PRESS Amagoia Mujika Telleria Urtea ez da hasi zaharra, baina akaso urte berriaren asmo berriak nahi baino azkarrago zahartu zaizkigu. Badaukagulako asmo berriak azkarregi gastatzeko joera. Presak arrastaka eraman gaitzan uzten dugu, atzera begiratzen atrebitu gabe, utzi dugunaren pena ez izateko. Haurrak galtza estreinatu berriak zulatzen ditu maiz, gozamenaren gozamenez. Era horretako zuloek ez dute zulorik egiten sabelean, egin gabe utzitakoen penarik ez dagoelako. Baina bestelakoa da estreinatu berria den urteari zulotxo bat egitea. Hanka okertu duenak urtea oso aldrebes hasi duela pentsatu du; gripea harrapatu duenak 2017ari leporatu dio errua; ospitaletik atera ezinik dabilena kalean urte berririk ez duela zapalduko pentsatuz tristatu da. Akaso norbaitek pentsatzen zuen urte berriak berez ekarriko zituela pozak, besterik gabe. Paretako egutegia aldatuta egun zaharren karga arinduko balitz bezala. Baina urte berriak konpondu gabeko arazo zaharrak dakartza askotan poltsikoetan. Astebururo igo beharko genuke mendi tontorrera, urteko asmo berriak baino, eguneko asmo berriak haizatzera eta elkarrekin topa egitera. Beti baitago motiboren bat topa egiteko. Eta ez badago, topatu egin behar da.