2017 URT. 28 IKUSMIRA HOTZAREN EDERRA EPELERAKO AUKERA DAGOENEAN amagoia.mujika@gaur8.info Izoztuta geratu da usoa ur gainean ibiltzeko gai dela ikusi duenean. Jelatuta dago putzua eta hotzak pausajea aldarazi dio. Izoztuta geratu da hostoa uraren azpian dantzan zebilela ertza azalera agertu nahi izan duenean. Gauean hormatu egin du eta errekak ez dio zirrikiturik baimendu. Urak baditu aurpegi ugari, eta horietako bat da izotza, termometroak “0” esaten duenean agertzen dena. Izotzak, baina, baditu beste hamaika aurpegi. Hamabi zehatz esaten hasita. Izotzak baditu agertzeko hamabi modu desberdin. Hori diote zientzialariek. Gorritutako gure sudurrek eta gogortutako gure hatzek diote badituela askoz gehiago, egunero ezustean harrapatzen gaituelako jelak gutxien espero dugun tokian eta egoeran. Sudur puntak freskatuta gabiltza, ideiak haizatuta. Sanoa ere bada hotza epelera noiz joan erabakitzen duenarentzat. Bestelakoa da epelaren aukerarik ez duenarentzat. Harentzat beti egiten du hotza. amagoia.mujika@gaur8.info