GAUR8 - mila leiho zabalik

Lekaleak, hazietatik hasi

Baba falafela alioliarekinOSAGAIAK, FALAFELARENTZATBabakTipulaBerakatzaEspezieakOliba olioaAñanako gatzaPiperbeltzaPRESTAKETAHasteko babak zuritu eta irabiagailuaren edalontzian erreserbatuko ditugu, berakatza (nahi adina) zurituta eta txikituta gehituz. Tipula gorri erdia julianan moztu eta edalontzira bota. Nahi ditugun espeziak aukeratu; gure kasuan, currya erabiliko dugu. Gatza gehitu, oliba olio birjina bota (guk Arabako Arroniz olioa aukeratu dugu, falafelari ematen dion zapore interesgarri eta freskoagatik). Behin osagaiak edalontzian ditugula, irabiagailuarekin xehatuko dugu pasta lodi bat lortu arte. Oso fina geratuz gero, ogi txigortu apur bat gehitu dezakegu behar dugun loditasuna izan arte. Erreserbatu.Lapiko txiki batean ekilore olioa berotzen jarri. Errezetaren atal teknikoena orain dator: bi koilara txikiz lagunduta, «quenelle»-ak egingo ditugu gure falafelari forma obalatu polit bat emanez. Ondoren, olio berotan frijitu eta kolore apur bat hartzen dutenean sukaldeko paperarekin estalitako plater batera pasatu olioa ondo xukatzeko. Prest!Aurkezteko, txikoria gorri edo beste hostodun barazkiren bat plateraren oinarrian jarri, kipula erregosi apur bat gehitu eta falafelak bere gainean utzi. Amaitzeko, alioli saltsa zorrotada bat bota (berakatzarekin egindako antzerako beste saltsaren bat ere erabil daiteke). Toke fresko batekin apaintzeko, loretxo jangarriak erabil ditzakegu; guk babaren loreak hartuko ditugu.


Txitxirioak, dilistak, indaba, babak... Haziak denak. Lekaleak fruitu aledun eta lehorrak dira. Hala, lekadunen familiako hazi lehorrak eskuratzeko helburuz ereiten diren barietateak dira. Mediterranear dietaren funtsezko osagaia dira hazi hauek, sarritan kontziente izan gabe kontsumitzen ditugun nutriente kapsulak, gure errezetak hobetzeaz gain hainbat onura ekartzen dizkigutenak.

Lekaleak oso garrantzitsuak dira ikuspegi nutrizional batetik. Dilistak, lekak, ilarrak edota garbantzuak dieta osasungarri bateko ezinbesteko elementuak dira. Izan ere, nutriente ugari izateaz gain, proteina iturri garrantzitsuenetarikoa ere badira lekaleok.

Bestalde, eta mito asko apurtzeko, askok pentsatzen dutenaren kontra, lekaleek ez dute apenas koiperik. Horrenbestez, gizentasunari zein diabetesa bezalako gaixotasun kronikoei aurre egiteko oso baliagarriak dira. Lekaleen zuntz disolbagarriak, gainera, koloneko heste-flora onera ekartzen laguntzen du.

Lekaleak eskura izan beharko genituzke beti. Animalia jatorriko proteinen kontsumoa murrizteko alternatiba ezin hobea dira: zerealekin eta barazkiekin era egokian konbinatuz gero maila biologiko altuko proteinak ematen dizkigute, gure organismoaren proteina beharra asez. Piramide nutrizionalaren oinarrian topatzen ditugu, astean bi eta lau aldiz artean jatea gomendatzen delarik. Heldu zein gazteentzat, lekale errazio gordin bat 80 eta 100 gramo artekoa izango litzateke.

Honi guztiari gehitu behar zaio lekaleak nekazaritzarentzat ere oso labore onuragarriak direla. Lekadunen familiako landareek atmosferako nitrogenoa jaso eta lurrean finkatzen dute, lurrazalaren emankortasuna indartuz. Horrenbestez, ezinbesteko laborea dira lekadunak nekazari ekologikoen plangintzan, gizakiontzako elikagai paregabea emateaz gain lurra bera ere elikatzen dutelako. Arrazoi guztiongatik, Nazio Batuek atzean utzi berri dugun 2016a Lekaleen Nazioarteko Urtea izendatu zuten. Goazen lekaleei merezi duten tokia eskaintzera!

Seguruenik gehienok ezagutzen ditugu ehunka era desberdin lekaleak prestatzeko, ia denak koilararekin edo entsaladan jateko. Gaurkoan, baina, gauza berriak praktikatzera goaz, eta, hala, guk errezeta original eta gozo bat proposatu nahi dizuegu. Urte osoan zehar egin daiteke, edozein lekale erabilita, betiere sasoiko produktuei eta inguruan topa dezakegunari moldatuta.

Hona hemen gure proposamena: baba txiki falafela alioliarekin. Falafela gastronomia arabiarraren errezetarik ezagunenetakoa da, batik bat txitxirioarekin egindakoa. Ohikoena da mokadutxo bezala aurkeztea, pita ogiarekin lagunduta. Guk, aldiz, beste era bat proposatuko dizuegu...