GAUR8 - mila leiho zabalik

Adi, nagusiei


Tarteka bazkal ostean auzo-taberna batera jotzen dut kafe azkar bat hartzera. Ordu horretan bezero ia guztiak jubilatuak izaten dira, eguna bete nahian kartatan jokatzen edo elkarri kontari edo adar jotzen aritzen direnak. Beraiekin beste helburu azkarrago batekin denbora eta leku berean kointziditzen dudan beste bat naiz. Apenas hitz egiten dut haiekin, noizbehinka berba laburren bat besterik ez; denborarik ere ez dut izaten. Egunerokoan bizi ditugun erritmo, ardura eta kontuak desberdinak izan ohi dira seguruenik. Halako egun batean ezagun gazteago batek deitu zidan eta niregana kafea hartzera hurbildu zen. Zinez harrituta gelditu zen ezaguna aukeratutako tabernarengatik eta, batez ere, bertako “giroa”-rengatik. Antza denez, ez zeukan hark espero izandako glamour-ik.

Nik errespetu handia diot jende nagusiari eta, kasu batzuetan, miresmena ere bai. Ez pentsa, hala ere, edozein erretiraturen berba-jario amaigabea irensteko gai naizenik. Hala ere, errespetua zor diegula uste dut; eta oso argi dut horietako askok bizipenen pareko jakintza aberatsa dutela. Oso presente daukat nire aitonetako bat, gehien ezagutu ahal izan nuena. Etxeko sotoan egiten zituen orduak kontu-kontari, batez ere arratsalde eta iluntzekoak, lagunez inguratuta eta haien berba luze eta sakonek alboko txokoan zeuden oiloen arreta isila lortzen zuten. Ez bakarrik oiloena, gerora Errepublika eta Espainiako Gerra garaiko makina bat istorio ezagutzera eman dituen historialari batek ere garai hartan soto horretan egin zituen ordu asko eta asko haien kontuei adi-adi.

Denboran aurrera eginda, “Arrasate Press” aldizkaria gidatu nuen garaian gogoan dut askotan aldizkaria betetzeko gai beharrean egoten ginela eta sail berriak asmatu behar izaten genituela. Horietako bat izan zen herriko erretiratuei eta pertsona nagusiei astero orrialde bat ematearena, ordura arte inon aurkitzen ez zena eta uste baino iturri emankorragoa bilakatu zena. Edozein jubilatu hartuta, beti zituzten bizi izandako istorio liluragarriak, kazetarien ustetan idatziz jasotzeko eta gustura irakurtzeko modukoak. Era berean, herriko jubilatu elkarteei arreta berezia eskaintzen hasi ginen. Orduan jakin nuen elkarte horiek Udalarekin zein bestelako erakundeekin ika-mika, eztabaida eta indar-pultsu gogorrak bizi zituztela. Hala, beraien eskaerak indartzeko asmoz hainbat planto egin zizkieten Udaleko ordezkariei eta arazoa ikusarazteko baita Gipuzkoako Foru Aldundiari ere. Herriko tradiziozko akto ofizial batzuk boikotatzeaz gain, elkarteetatik boluntarioei esker Gipuzkoa mailan egiten ziren zenbait ekintza albo batera utzi zituzten. Garai hartan, bero-bero eginda, kontatu zidan Gipuzkoako erretiratuen presidente zenak erretiratuen hautagaitza hauteskundeetara eraman nahi zutela!

Euskal Herriko gizartearen atal garrantzitsua dira nagusi edo jubilatuak, eta nahiko balute, herriak eta hiriak geldituko lituzkete. Ezetz? Hara, orain dela hamabost bat urte, Arrasaten ilobak zaintzen zituzten aitona-amonetako batzuek ahoz aho modu informalean bilkura deitu zuten. Asko ziren jakitun, besteon aurrean ikusgarritasuna lortu nahi zuten eta herriko plaza osorik bete zuten! Harritzekoa izan zen! Hara, gurasook lanean aritzeko eta aitona-amonak umeen kargu egiteko tendentzia ez da gutxitu; alderantziz, esango nuke. Hortaz, pentsa zer-nolako zerbitzua egiten duten –gustukoa izango da, baina zerbitzua bada–.

Japonian eta errespetua guk baino mimo handiagoarekin ereiten duten beste kultura batzuen ildoaren kontra gurean pertsona nagusiak alboratu egiten ditugu gugatik egin dutena ahaztuz, esateko eta egiteko gauza gutxi duten karga bat bailiran. Denbora gutxi da Espainiako telebista batean 90 urtetik gora zuen emakume batek berdintasunaren aldeko esanak bota, eta, bere adierazpenak moztera zihoazenean, «91 urte ditut baina ez naiz inozoa» esan zuela. •