GAUR8 - mila leiho zabalik

Elkarbizitza jokoan eta gu, berriz, kontu txikietan


Badator trenen talka Katalunian. Lau urteko gorabeherekin, aldika prozesua itoko zela bazirudien arren, pultsu soziala mantentzen jakin duen herri prozesu eredugarria garatu dute katalanek gaurdaino. Orain arte egindakoa historikoa da zalantzarik gabe; izenorde hori gehiegitan erabiltzeko joera dugun arren, uste dut kasu honetan sobera justifikatuta dagoela. Katalunian azken urteetan bizi izan den mobilizazio zikloa historia liburuetan jasoko da. Esango nuke Euskal Herritik eszeptizismo puntu batekin begiratu zaiola Kataluniari. Gehiegitan iragarri da prozesuaren kolapsoa, maiz aurreiritzietan eta arinkeriatan oinarrituta. Eta aldiz, gutxiegitan adierazi dugu momentu historiko honetan katalanek euskaldunon partetik jaso beharko luketen elkartasun internazionalista.

Kontuak kontu, urak bere bidea egin du eta aste honetako prentsa espainola irakurtzea baino ez dago etorkizun hurbilak zer dakarren sumatzeko. Momentu hau Estatuari bigarren fronte bat zabaltzeko nola baliatu behar den eztabaidatzea ezinbestekoa da. Baina are premiazkoagoa deritzot Katalunia Estatuaren aurrean bakarrik ez uzteko dugun inperatibo etikoari epe laburrean nola erantzungo diogun ebaztea. Neurria ematen hasteko garaia dugu.

Neurria ematen hasteko garaia dugu etxeko kontuei dagokienez ere. Joxe Elorrietak liburua aurkeztu berri du. Elorrietak eta ELAko hainbat kidek asteotan esandakoetatik hiru ideia azpimarratuko nituzke nik: 1) Ezkerreko subiranismoak prozesuaren lidergoa hartu behar du. 2) Hiru espazio ditu prozesuak, elkarren arteko dialektikan: instituzionala, politikoa eta soziala. 3) Gehiengo sindikala eragile funtsezkoa da, autonomia sindikalaren aitortzan oinarrituz betiere. Ados hiru puntuekin. Hortik aurrera ELAko kideei irakurri diedanak asperdura pixka bat sorrarazi didate. Eta batez ere harridura sortu dit “Berria”-n emandako elkarrizketan Joxek adierazi duen autokonplazientzia maila. ELAren ekinbideaz galdetuta, sindikatua estrategikoki bikain kokatuta ikusten du, pedagogia izugarri ona eginez gainera. Ez dakit, lan eskubideei dagokienez hamarkadetako atzerapauso handienak eman direnean gatazka soziala horren apala izan izanak denoi eman beharko liguke autokritikarako tarterik, ezta? Baita herri honetako lehen indar sindikalari ere, nire uste apalean.

Arazoa omen Sortuk instituziogintza lehentasun duela, eta EH Bilduk Arabako aurrekontuak onartu izana horren froga. Gasteizko aurrekontuak ez onartzearren EH Bildu anti-instituzionaltzat jotzea besteko txepelkeria iruditzen zait Arabako aurrekontuetan akordioa egin izanagatik EH Bildu politika instituzionalak itsututa bizi dela esatea. Edo ELAk Confebaskekin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako itunei lehentasuna emango dien akordioa erdiesteagatik politika neoliberalei men egin diela esatea besteko zentzugabekeria. Etengabe zeharka begiratzeko dugun jokabide horrek sortzen dit asperdura. Eta niri asperdura eragiten badit ez dut imajinatu nahi politikagintza hain gertu bizi ez duen abertzale eta ezkertiar gehiengoari.

Maltzaga bihurtu zaigu ezkerreko abertzaleen arteko eztabaida ideologikoaren ikur berri. Maltzaga hil dela-eta hil kanpaiak entzuten dira sare sozialetan barrena. Ez dakit ba, sinplea eman dezaket agian, baina nik “Zohardia” txostena irakurri dut eta Joxe Elorrietaren gogoetak ere bai. Eta uztartu beharrekoak uztargarri ikusten ditut. Sabin Etxeak eta Urkulluk gaur prozesu subiranista batekin engaiatzeko asmorik ez dutela honezkero eskola umeek ere badakite. Eta ez dago tesi bat idatzi beharrik balizko prozesu subiranista bat beste eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzeko bidea izango bada prozesu hori ezkertiarrek eta aurrerazaleek lideratu beharko dutela ondorioztatzeko. Nik ere maite ditut eztabaida intelektualak, are gehiago nork bere posizioak justifikatzeko baino herri gisa nola aitzinatu pentsatzeko direnean.

Baina, arren, katalanek 78ko erregimenari desafio gorena egingo dioten garai historiko honek ez gaitzala gure arteko kontu txikietan harrapatu. Penagarria litzateke. •