GAUR8 - mila leiho zabalik

«La la»… distrakzioak


Atzera begiratzen dut batzuetan. Gutxi batzuetan. Aurrera egiten dudan bidean, erreferentzia oraindik hor dagoela ikusteko. Bide zuzenetik noala ikusteko. Zehazki duela urtebete, otsaileko bigarren astean, Donald Trumpek New Hampshire estatuan hasi zuen bere lasterketa partikularra, hauteskunde kanpainako lehenengo itzuliko aurreneko garaipena lortu zuenean. Hamabi hilabete horietan zehar egunero egin dituen adierazpenetan erreparatuz edo presidente karguan dagoenetik hartu dituen erabaki guztiak errepasatzen baditut, beti galdera berdinak gelditzen zaizkit buruan: baina, noizbait etorriko da erabaki on bat, ezta? Egongo da egun bat, «azkenean, zentzuzko zerbait egin du» esango duguna, ezta?

Orain “New York Times” egunkariko zuzendaria dena, Mark Thompson, BBCko zuzendaria zenean ezagutu nuen eta ordutik arretaz jarraitzen ditut bere ibilbideari buruzko albisteak. Hauteskunde kanpaina garaian hainbatetan kritikatu zuen “The New York Times” Trumpek, bertan argitaratutako hainbat iritzi arbuiatuz eta hainbat kazetariri agiraka eginez. Aste honetan irakurri dudan elkarrizketa batean Thompsonek zioen gauza batek atentzioa eman dit: Trump aukeratua izan zen egunetik, 132.000 harpidetza berri lortu ditu “The New York Times” egunkariak, orain dela hiru hilabete halako hamar.

Jendearen jarrera aldatzen ari da: albisteak irakurtzeko ordaintzeko prest zegoen edo egunkariak erosteko joera ez zuen jendea, lehenengo aldiz harpidetza egiten hasi da. Eta antzeko gauza gertatzen ari da telebistako albistegiekin, gero eta jende gehiago dabil informazioa lortu nahian. Adibidez, Donald Trumpek hainbestetan “fake news” etiketapean kritikatu zuen CNN etxeak, 2016. urtean bezainbeste ikusle ez ditu inoiz izan. Erresuma Batuko testuinguruan ere, Brexita bozen %52rekin nagusitu eta Erresuma Batuak Europar Batasunetik aterako zela erabaki zuenetik, “The Guardian” eta “The Independet” bezalako egunkariek inoiz baino irakurle gehiago izan dituzte.

Atzera begiratzen dut eta ez dut ezer onik ikusten. Trumpen ahotik datorren esaldi koherente horren zain nagoen bitartean, ni ere egunkaria irakurtzen hasi naiz, nonbait ezkutatuta dagoen albiste horren bila. Kazetari batek zioen moduan, Donald Trump ez da komunikabide konbentzionalak bertan behera bota dituena. Ironikoki, bere inguruan gailentzen ari den ortodoxia horren guztiz kontrakoa izan arren, akaso komunikabide konbentzionalak salbatuko ditu Trumpek. Tira, positiboa den zerbait eragin du behintzat, zeharka bada ere.

Zutabe hau idazten ari nintzen bitartean, Euskal Herrikoa den lankide bat etorri zait agurtzera. Hamabost urte inguru daramatza Erresuma Batuan. Kezkatuta zegoen, Brexitaren ostean bizileku iraunkor baimena eskatu beharko duelako eta nik zer egin behar dudan galdetu zidan. Ez dakigu zer gertatuko den, eta ziurgabetasun hori kudeatzea ez da askotan erraza. Akaso osasun zerbitzu publikoetara sarrera mugatuko digute edo beste hainbat zerbitzu publikoetarako bigarren mailako hiritar bezala sailkatuko gaituzte. Azken hamabost urteetan zergak ordaindu ditugun arren. Erabaki zentzudunen zain gaude, baina Donald Trump eta Theresa May elkarrekin eskutik helduta ikustean, galderak sortzen zaizkigu. Eta, bat-batean, ahalik eta albiste iturri gehienetan hasten gara albisteak irakurtzen, inork eman ezin digun segurtasun horren bila. Espekulazioak, gezurrezko albisteak eta oinarri sendoko albisteak denak elkarrekin nahasiz.

Atzera begiratu dugu. Eta, duela urtebete hobeto geundela pentsatu dugu.

Bagoaz “La La Land” filma ikustera. Etsita dauden milioika amerikarrei, Hollywoodeko “amerikar ametsa” gogora ekarriko die. Ametsek eta magiak oraindik ere errealitate distortsionatu honetan leku badutela pentsaraziko die. Kontatzen diguten istorioa benetan dena baino funtsezkoagoa dela pentsatuz irribarre egingo dute. Niretzat berriz distrakzio bat izango da, atzera begiratu ordez, denbora beste zerbaitetan pasaraziko didana. Erreferentzia non dagoen kuestionatu gabe. •