2017 OTS. 18 Zer da Maltzagaraino joatea? Laura Mintegi Maltzagaz idatzi behar nuela otu zitzaidan, eta artikulu hau amaituta nuela ikusi dut Zuzeu.eus webgunean artikulu andana eskaini diotela gai berari. Gaia bolo-bolo dabilen zantzua. Seinale ona. Baina zer da Maltzaga? Izatez, Gipuzkoan kokatuta dagoen auzoa da, Eibarreko auzoa, baina segun nori galdetu, esango digu Soraluzeko auzoa dela, distantzia bera baitago Eibarrera ala Soraluzera. Ia inor ez da bizi Maltzagan. Azken erroldaren arabera, biztanle bakarra du, gizonezko bat. Eta azken hamazazpi urteotan pertsona bat edo bi bizi izan dira auzoan, inoiz ez hiru baino gehiago. Maltzagan ez dago eraikin berezirik, ez da inoiz bilera politiko nabarmenik egin eta ez dio aterperik eman talde edo proiektu politiko bati. Orduan, zer esanahi du Maltzagak? Telesforo Monzonek egin zuen metaforatik datorkio esanahia: «Bergaratik Eibarrera joateko Maltzagatik igaro beharra dago. Gure helmuga Eibarrera heltzea da, ez dugu ezkutatzen. Baina gustura asko onartuko dugu, Eibarrera heldu gabe, Maltzagan jaisteko asmoa dutenen laguntza». Beste modu batera esanda, «elkarrekin joan gaitezen abertzale guztiok independentziaren bidean, nork nahi duen punturaino, eta gerokoak geroko utzi». Maltzagaren gainean galdetzen (eta erantzuten) denean, kazetariak ari dira galdetzen ea posiblea den abertzaleek estrategia komunak egitea estatu propioa lortzeko, eta behin independenteak izanda, orduan eztabaidatu gizarte ereduaz. Maltzagaraino heltzeko bi ahalegin serio egin dira Bigarren Errepublikatik hona. Lehena izan zen Xibertan 1977an, Franco hil eta bi urtera. Telesforo Monzonek lortu zuen mahai berean jartzea alderdi abertzale guztiak, eta ETA m eta ETA pm erakundeetako ordezkariak. Hilabete batez astero elkartu ziren, baina taldea desegin zen Adolfo Suarez presidentearekin elkartu ziren ordezkariek iragarri zutenean ezinezkoa zela Madrilekin adostasunera heltzea. EAJk utzi zuen bilera eta egun batzuk geroago ETA V.ak borroka armatuari ekin zion berriz. Bigarren saioa 1998an izan zen, Lizarra-Garazin, eta alderdi abertzaleek, sindikatuek eta elkarte andana batek testu komuna sinatu zuten, Lizarra-Garaziko Ituna, orain arte abertzaleen artean egon den hurbilketarik serioena. Baina hark ere porrot egin zuen. Luze joko luke zergatia azaltzeak, eta, gainera, nork azaltzen duen, ez da berdin ulertzen Lizarra-Garaziren porrota. 2007an Euskaria elkarteak Maltzagako Ituna eman zuen ezagutzera, eta urtebete geroago Maltzagako Mahaia aurkeztu zuen jendaurrean, ekintzale talde txiki batek osatua. Bultzatzaileek esandakoaren arabera, ikusten zuten bazegoela baldintza egokirik Lizarrako Ituna berresteko. Baina ekimenak ez zuen aurrera egin, nahiz eta 1.320 sinadura bildu. Aukera ala mehatxua jeltzaleentzat? Monzonek uste zuen posible zela geroko uztea gizarte eredua eta abertzaleek lehentasuna eman behar ziotela beraien arteko akordioari: bidearen zati handia elkarrekin egin zezaketen, eta gero batzuk Maltzagan jaitsiko ziren –nahi izanez gero– eta gainerakoek bideari eutsiko zioten Eibarrera heldu arte. Baina beste batzuek uste dute gizarte ereduari buruz alderdiek duten ezberdintasuna sakonegia dela, eta ezberdintasun horrek eragozten diela elkarrekin abiatzea. Iritzi horren arabera, klase interesak (a priori, ez a posteriori) eragozten dio EAJri apustu independentista egitea, autonomian aserik baitu bere beharrizan ekonomikoa; “abentura” independentista ez zaio komeni. Ez du premiarik Maltzagaraino heltzeko, Bergaran geldituta ere, Kontzertuarekin aserik duelako anbizio ekonomikoa. Iritzi horren ustez, Maltzaga ez da aukera, mehatxua da jeltzaleentzat. Ez dakit zein den Maltzagaren parekidea Katalunian. Sils? Maçanet? Batzuk bertan jaitsiko dira, baliteke, baina oraingoz Gironarako bidetik doaz gehienak. • Klase interesak eragozten dio EAJri apustu independentista egitea, zenbait iritziren arabera, autonomian aserik baitu bere beharrizan ekonomikoa; «abentura» independentista ez zaio komeni