GAUR8 - mila leiho zabalik

Gomendioak


Amnesty International gobernuz kanpoko erakundearen Espainiako sailak txostena kaleratu berri du. Egia esan, oso dokumentu interesgarria da oro har, eta, oro har ere bai, terminoen inguruan nahiko neurrian ibili direla uste dut. Esteban Beltran elkarteko bozeramaileak aurkeztu du asteon, eta eskubideen inguruan hausnarketa luzea egiten da bertan: tortura, ETAk egindako erasoak, espetxe politika, Alderdien Legea, Espainiako zigor kodeak izandako berrikuntzak….

Nazioartean egun lantzen den ikuspegia ezarri diote txostenari: errekonozimenduaren beharraz aritzen da luze, trantsiziozko justiziaz ari garenean oinarrizko kontzeptua; errekonozimendua ez duen gertaerak nekez saihestuko du errepikapena eta inpunitatea. Horren inguruan esaten da Nazio Batuetako errelatoreak (trantsiziozko justiziarako esatari bereziak) esaten duela balitekeela terrorismoaren biktimek lanketa berezi bat behar izatea. Bai, baina esatariak beste zerbait ere esaten du: Estatuaren aurka aritzen diren taldeek estatu oso bat izango dute parean, eta baita horren tresneria guztia ere egindakoa zigortzeko. Hortaz, Estatuaren biktimek beharko dute aitortza bereziki, eta berau lortzea zailago izango dute.

Hala ere, nahiko deigarria ere bada Amnesty Internationalek atera duen txostena, batik bat noiz atera duen kontuan izaten badugu. Izan ere, esaten duenak jada gizartearen babes nahiko zabala du: tortura biktimek aitortza behar dute, urtetan aplikatutako salbuespen legea aldatu behar da (orain ETAk bere jarduera armatua alde batera utzi duelako? Lehen “salbuespena” erabiltzea zilegi zen?), eta abar. Datuak botatzeko orduan ere, nahiko argigarria den elementu bat badago: ETAk burututako eskubide urraketak xehetasun handiz zenbatuta, identifikatuta eta sailkatuta daude, eta, gainera, horretara dedikatzen diren hamaika instituzio eta zerbitzu publiko aipatzen dira. Mota horretako biktimen %98k indemnizazioa (ekonomikoa) jaso dutela ere aitortzen da txostenean.

Estatuak burututako eskubide urraketen aldera jotzen badugu, aldiz, gauzak oso bestelakoak dira. Lehenik eta behin, ez dago txosten ofizialik, Gobernuak ez du inongo memoriarik publikatu horren inguruan, eta, kopuruak jakin gabe, zaila da biktimok zer-nolako aitorpena jaso dezaketen zehaztea. Badirudi Gobernu zentralak egiten dituen ankerkeriak salatzeko, gainera, behin eta berriro esan behar dugula zeinen txarto iruditzen zaizkigun Estatuaren aurkako eskubide bortxaketak. Eta gauza ezberdinak dira. Talde batek egiten dituen delituak epaitzeko auzitegiak daude; egileak zigortuak izango dira, eta, biktimak, indemnizatuak. Baina Estatuak burutzen dituen eskubide urraketak giza eskubideen aurkako urraketak dira (giza eskubide hitzarmenen sinatzaile lez), eta bereziki larriak. Hori esateko beldurrik ez da izan behar.

Txostenean luze hitz egiten da tortura pairatu duten herritarrei buruz, nahiz eta zenbateko bat ezin duten bota (ikerketa ofizialik ez da Madriletik bultzatu), nahiz eta Jaurlaritzak jada milaka baieztatu dituen. Ez du ezer berririk ekartzen horrek, beraz. Amnesty International bezalako erakunde indartsu batek anbizio gehiagoz jokatu beharko lukeela deritzot. Tortura existitu dela ezarrita dago. Horretarako dugu Estrasburgoko Auzitegia ere, horrela baieztatu izan duena. Ez da elkarte honen aurkako maiseoa (une honetan ez, bederen, agian orain urte batzuk sendotasun hori ongi etorriagoa zatekeen). Baina aipatu ere egiten ez diren hainbat eskubide urraketa daude, egia, justizia, aitortza behar dutenak. Segadetan eraildako herritarrak, kasu (ETA erakundeko militanteak izan edo ez), desagertuak… Pausu bat harago jo behar dugu. Anbizioz eta ausart jokatu behar da benetako aldaketak lortzeko bidean gomendioak botatzeko orduan. •