GAUR8 - mila leiho zabalik
Elkarrizketa
Nerea Sancho eta Edurne Mendizabal
arremanitz lantaldeko sexologoak

«Parekidetasunak tratu onak ekarriko lituzke berez, eta tratu onak erotikoak dira»

Parekidetasun ezaren lokatzetan ditugu hankak sartuta. Eta hortik ikusten dugu eta bizitzen dugu ingurua, baita sexualitatea ere. Ariketa ederra da parekidetasunean eraikitako sexualitatea irudikatzea, denentzat plazer hutsa.


Nazio Batuen Erakundeak eskubide unibertsalen zerrendan jartzen du sexualitatea. Pertsonen bizitzan zutabe garrantzitsua da, ongizatearen eta ondoezaren arteko marra pintatu baitezake askotan. Hala ere, sexualitateak ez dauka atentzio politikorik eta norbanako gehienek ahal bezala kudeatzen dute, erdi ezkutuan eta barre txiki urduriz gehiegitan.

Parekidetasun ezak pisu handia dauka, gainera, gure jendarteak sexualitatea ikusteko eta bizitzeko duen moduan. Arremanitz Lantaldeko Nerea Sanchok eta Edurne Mendizabalek lagundu digute ikuskera horretan sartu-irtena egiten.

 

Sexualitatea, neurri batean, eraiki egiten da, ezta?

Nerea Sancho: Sexualitatea gizon edota emakume izanda nola bizi garen da, gure alde femeninoa eta maskulinoa nola bizitzen dugun. Bietatik dauka, jaiotzetik, berezkotik, eta eraikitik. Eta bien arteko harremanetik eraikitzen da pertsona bakoitzaren berezitasuna, bakoitza desberdina eta bakarra izatea.

Eraikitzen den parte hori gure jendartean ez da parekidea inondik inora.

 

Nolakoa da jasotzen dugun parte eraiki hori?

Edurne Mendizabal: Gure jendartean sexualitatearen eredu oso zurruna dago, jaio aurretik dagoeneko jasotzen duguna. Artean amaren sabelean daudenean, haurrei mezu desberdinak ematen zaizkie eta tonu desberdinean hitz egiten zaie neska edo mutila izan. Jaio eta berehala gorputzak tratatzeko modua, genitalak izendatzeko era, beraien inguruan eraikitako espektatibak... desberdinak dira. Neska bati errazago esaten zaio zein polita den eta zenbat mutil gerturatuko zaizkion, eta mutiko bati errazago esaten zaio zein bihurria den eta zenbat ligatuko duen. Txikitatik binomio oso estuak eraikitzen dira: aktibo/pasibo, deseatzen duena/deseatua, probokatzailea/probokatua, erasotzailea/biktima... Banaketa oso bikoa da eta banaketa estu horretan ia inor ez dago eroso.

 

Genitalak aipatu dituzue. Umetatik, neskatoek eta mutikoek harreman oso desberdina dute beren genitalekin.

N.S.: Gehienetan mutilen genitalak begi bistan daude, eta, neskenak, berriz, ez. Horrek desberdintasuna eragiten du, oinarria bera desberdina delako. Oinarri horren gainean, jarrera erabat desberdina izaten da. Mutil gehienen kasuan, genitalena harrotasun gai bat da, erraz ukitzen da eta ukitzeko baimena ematen zaio mutikoari. Neska gehienei, berriz, bestelako mezua helarazten zaie: tapatu, zikina, ez ukitu hor…

Gehienetan diogu, baditugulako genitalekin bat ez datozen identitateak eta garrantzitsua iruditzen zaigu hori bistaratzea.

Oso nabarmena da, adibidez, kalean pixa egiteko modua. Mutilek oso harro eta lasai egiten dute pixa kalean, beren lurraldea markatuz. Nesken kasuan, berriz, adin batetik aurrera ez zaie uzten kalean pixa egiten eta bere genitalak ezkutarazteko joera nabarmena dago.

Izendatzeko orduan ere zailtasunak dauzkagu eta askotan paralelismoak ez dira ondo egiten. Askotan esaten da mutilen zakilaren parekoa bagina dela eta hori ez da zuzena. Zakilaren parekoa klitoria da, eta hori ez dago oso garbi. Ikastetxeetan ere maiz ez dira gauza horiek zuzentzen.

 

E.M.: Askotan klitoria zer den ere azaldu beharra izaten dugu. Jendartean oraindik indarrean dagoen eredua oso murritza da: heterosexuala, koitozentrista, genitalizatua, edertasun eredu konkretuak dituena, oso Mendebaldekoa, dibertsitate intelektual eta funtzionalik ez duena... Hori da filmetan ikusi izan dugun eredua, emakume eta gizon “gazte”, “guapo”, “osoak” txortan egiten. Eredu zurrun hori dago indarrean eta jendearen gehiengoa eredu horretatik kanpo dago. Indarrean dago populazioaren gehiengoa kontuan hartzen ez duen eredua eta hori txiki-txikitatik transmititzen da.

 

Nola hitz egin sexualitateaz haurrekin. Guraso askoren buruko mina.

E.M.: Interesa badago eta ari gara saioak egiten horren inguruan. Gertatzen dena da haurrekin sexualitateaz hitz egiteko, sexualitatea lantzeko, lehenago zure burua begiratu eta aztertu behar duzula. Azkenean, ez da garrantzitsua haurrei zer esaten diezun, zer egiten duzun baizik. Ekintzetatik eta jarreretatik irakasten da. Horregatik, haurrekin sexualitatea lantzeko gogoa duten gurasoek asko dute irabazteko, norberaren sexualitatea errebisatzea baitakar horrek eta hori beti da osasuntsua.

Gurasoen aldetik jarrera hobetzen ari da eta badago interesa haurrei sexualitatez modu patxadatsu eta sanoan hitz egiteko, baina askotan tresnak falta dituzte. Orgasmoa, eszitazioa, klitoria... horrelako gauzei buruz hitz egiteko oraindik beste hitz batzuk erabiltzen dira, erdi barrez bezala hitz egiten da... Oraindik kostatzen da elkarrizketa serio bat izatea sexualitateaz lasai-lasai, eta, finean, hori da umeek ere jasotzen dutena.

 

N.S.: Askotan gurasoek oso azalpen estandarrak ematen dituzte, ez dutelako hausnartu horren inguruan edo beldurretik bizi dutelako. Nik beti esaten dut egietan egiena esan behar zaiela, haurraren adinaren araberako hiztegia eta azalpena emanez, baina egia. Beti egiaren erdia kontatzen ari gara. Eta horren ondorioz egiaren beste erdia jakiteko beste iturri batzuetara joango dira haurrak.

Guk badakizkigu haurren galdera horien guztien erantzunak. Goazen erantzutera. Gainera, erantzun eraikiak –birsortzearekin lotuak– ematen dira maiz. Adibidez, espermatozoideak baginan bukatzen dutela azaldu ohi da, baita ikas liburuetan ere. Eta masturbatzen isurtzen direnak edota kondoietan bukatzen dutenak? Horiek ere kontatzea komeni da.

Egia esatea ez da txarra, haurrei autonomia ematen die. Eta autonomia horrek aukera emango die beren erabakiak hartzeko. Guk ezkutatzen diegun informazio horrek zaurgarriago egiten ditu haurrak, ahulago bihurtzen ditugu. Eta gero eta ahulagoa izan, arrisku gehiago hartuko ditu, bere burua ez du behar bezala zainduko...

 

Erdi egiak jakin-mina apaldu baino, piztu egiten du askotan. Eta Internet izan daiteke erantzunak topatzeko bidea. Zer topa daiteke leiho horretan?

E.M.: Hor denetarik topa daiteke, horregatik da garrantzitsua irizpide propioak edukitzea. Gurasoek, maiz, irtenbide edo erantzun zuzenak nahi ditugu. «Bost urteko haur bati zer esan behar diogu?». Ez dago erantzun zehatzik, agian esan behar diozuna da ez dakizula oso ondo nola erantzun bere galdera eta elkarrekin topa dezakezuela erantzuna. Eta nerabeen kasuan, erreferentzia on batzuk eman informazio ona lor dezaten.

Sare sozialetan oso eredu jakina nagusitzen da, lehen aipatu dugun eredu zurruna. Hori da ikusten dutena, eta, bestelako erreferentziarik ez dutenez, pentsatzen dute hori erreala dela. Institutuetan egiten ditugun saioetan gu saiatzen gara ikusarazten eredu hori ez dela benetakoa; aukera desberdinak aurkezten eta ikuskera zabaltzen saiatzen gara. Sarean badira baliabide onak ere eta horietara gerturatzea komeni da.

 

N.S.: Jakin-mina, zorionez, ez da inoiz amaitzen. Baina une batean nori galdetuko diozun filtratzen hasten zara. Haurrak edo nerabeak ikusten badu gurasoek ez dizkiotela erantzun baliagarriak ematen, konturatzen bada ez direla ausartzen erantzun esplizituak ematen –ausardia behar delako–, gerta daiteke gehiago gurasoei ez galdetzeko erabakia hartzea. Erdizka erantzuten badiote edo erantzuna asko atzeratzen bada, haurrak hurrengoan beste bati galdetuko dio –lagunen bati adibidez– edota telebistan, bideo jokoetan eta iragarkietan ikusten duenarekin osatuko du bere konposizioa. Eta berriro bueltatuko gara eredu txiki, ñimiño, zehatz horretara, inor kabitzen ez den eredu horretara. Inor ez da eroso sentitzen eredu horren barruan.

 

Eta nerabezarora iritsiko dira ikuskera ñimiño eta estu horrekin.

N.S.: Nerabezaroaren inguruan estereotipo asko daude. Badirudi nerabeak pertsona eroak eta zentzugabeak direla. Egia da beren burua definitzeko bidean daudela eta adierazteko dauzkaten moduak nabarmenak izan daitezkeela, baina nerabezaroa horrela da, horrela izan da eta horrela izango da. Nerabeak eta gazteak arriskuarekin eta arduragabekeriarekin lotzeko joera dago eta hori dagoeneko abiapuntu txarra da.

Bestetik, nerabeei sexualitatearen inguruan ematen zaien informazioa berandu iristen da. Batzuetan gurasoak gerturatzen zaizkigu esanez iritsi zaiela seme-alabekin sexualitateaz hitz egiteko garaia, dagoeneko 13 urte dituztela. Beti da momentu ona eta zenbat eta lehenago hasi hobe. Gainera, sexu hezkuntza egiten dugu beti, hitz egiten ez badugu ere bai, iluntasunetik orduan. Gure jarrerek hitz egiten dute.

Hezitzaileek eta gurasoek egoerei aurre hartu behar diegu eta informazioa garaiz eta garden eman. Adibidez, gorputzean ematen diren aldaketak oso bistakoak izaten dira. Badakigu laster ileak aterako zaizkiela edota ahotsa aldatuko zaiela. Tira, goazen zintzoak izan eta aldaketa horiei buruz garaiz hitz egitera. Behin aldaketak gertatu direnean horiei buruz hitz egitea, larrialdi tonuan, ez da oso justua.

Ez dezagun beldurrik izan seme-alabekin gauza horiei buruz garaiz hitz egiteko. Jende asko beldur da seme-alabekin sexualitateaz goizago hitz eginda harremanak lehenago izango dituztela eta hori ez da egia. Zientifikoki frogatuta dago gazteek gero eta informazio zuzenagoa eta osoagoa izan, hobeto kudeatzen dituztela beren harremanak, tresna gehiago dituztela. Ez dugu goizegi aritzearen beldurra izan behar.

 

Dena debekatuta zegoen garaitik dena probatu beharra dagoen garaira pasa ote garen entzuten da askotan.

E.M.: Nerabeak jendarte honen disimulurik gabeko ispilua dira. Indarrean dauden mutil ereduak eta neska ereduak muturrera eramaten dituzte inguruak normaltzat har ditzan. Nerabeek informazio oso baliotsua ematen digute helduak zertan gabiltzan ikusteko. Urte batzuk muturrean pasatzen dituzte eta gero gauza batzuk disimulatzen edo samurtzen saiatzen dira.

Nik beti ezagutu izan ditut nerabeak gauzak probatzen eta heldutasunetik edo heldukeriatik beti kritika berdinak egiten zaizkie: «ikusi nola dabiltzan oraingo gazteak». Nerabe batek gauzak probatzeko nahia izatea bizi pultsio bat da; ni benetan kezkatuko nintzateke nerabe batek gauzak probatzeko gogorik ez balu.

Helduon egitekoa da nerabeari informazio erreala eta baliabideak eskaintzea. Sexualitateaz plazeretik, ongizatetik, norberak bere burua ondo ezagutzetik... hitz egiten badiogu, baliabide askoz gehiago izango ditu. Aldiz, urgentziatik, beldurretik eta arriskutik emate badiogu informazioa, ahal duen moduan konponduko da. Maiz, intentzio onenarekin egin arren, eskoletan-eta prebentzioa lantzeko erabiltzen diren moduek beldurra sortzen dute eta sexualitatea gauza iluna eta arriskutsua bailitzan aurkezten dute.

Nerabeek probatu egin nahi dutela? Normala. Eta lasai proba dezatela, informaziotik eta plazeretik. Gurasoei askotan esaten diegu, nerabeek probatu egin behar dutela eta bide propioa egin behar dutela. Eta gurasoek eta jendarteak hor egon behar dutela.

 

Eraso sexisten berri ematen denean, atentzioa ematen du erasotzaileak oso gazteak izaten direla maiz.

N.S.: Hala da, eta horrek gogor kolpatzen gaitu guztiok. Hor tranpa bat dago: suposatzen da azken 20-25 urtean –legeak horrela jasotzen du– sexu hezkuntza bermatuta dagoela eskoletan eta hori ez da egia. Eskola batzuetan egiten dira saioak, baina sexu hezkuntzak integrala izan behar du; eskolan egiten den lanaz gain, gurasoen lana eta gainerako gizarte eragileena ere ezinbestekoak dira. Emakumeak gutxietsi egiten dira haurrak direnetik, jendarte honek emakumea objektu bihurtzen segitzen du eta gero asaldatu egiten gara erasotzaileak oso gazteak direlako.

 

E.M.: Erasotzaile gazteena errealitate oso gogorra da, baina ni ez nintzateke ausartuko esatera orain erasotzaileak gazteagoak direnik. Tamalez, indarkeria sexista historian zehar bizitzako etapa guztietan egon da. Gainera, gaur egungo jendartean badago sexismoa dagoeneko existitzen ez denaren eta jendartea parekidea denaren sinismen faltsua eta horrek ez du laguntzen.

Jendarte eredua eta orokorrean indarkeriak daukan presentzia ere hor daude. Finean, indarkeria sexistaren baitan hori dago: indarkeriazalea den eta sexismoa pil-pilean duen jendarte bat. Horren guztiaren barruan, bikote harremana zer den, maitasun erromantikoaren ideia... hori guztia oraindik transmititzen ari gara gazteei, bestela ezin da ulertu eraso horiek gertatzea.

Guk prebentzio lana egiten dugunean hiru hankaren gainean jarduten dugu: tratu onak, hezkidetza eta sexuen heziketa. Baina hori guztia modu eraikitzaile batean, ongizatetik eta plazeretik. Askotan zer ez duten egin behar gehiegitan esaten zaie gazteei.

Mutilekin gai hau ateratzen denean erresistentzia handiak jartzen dituzte. Suposatzen da beraiek direla erasotzaileak, arriskutsuak... eta horrek ez du laguntzen ardurak hartzen. Saioetan beti esaten dugu mutilak aliatu bezala nahi ditugula.

Nabarmena da lan gehiago egin behar dela mutikoekin. Zergatik esaten diegu gauez neskei “kontuz ibili”? Akaso mutilei esan behar zaie jator ibiltzeko, ezta? Sexu hezkuntzak erabat integrala izan behar du.

Ardura kolektiboa ere hor dago. Festa giroan ematen diren zenbait eraso, esaterako, bikote arteko egoerak bailiran hartzen dira. Eta ez da horrela, egoera erasotzaileak baldin badira, han dauden guztien ardura da horietan esku hartzea.

Indarkeria matxistari aurre egiteko lan politiko eta kolektiboa egin behar du jendarte osoak. Gazteekin sentsibilizazioa egiten dugu eta autoantolaketa taldeetan antolatzen dira, eragile bilakatu. Gauzak aldatzeko grina piztu nahi diegu. Haiek gaitasun eta baliabide asko dituzte eta eraldaketarako ezinbestekoak dira.

 

Goazen pauso handi bat aurrera: guraso izan ondorengo fasea. Sexualitatea bizitzeko modua aldatu egiten da, ezta?

E.M.: Biologiak garrantzia berezi bat dauka fase horretan, eman nahi baldin badiogu noski. Erditzea, bularra ematea, amarekin lotura... badago tartetxo bat berezia izan daitekeena. Hortik aurrera, baina, zaintza eta lotura aitak, beste amak, zaintza sareak, beste zaintzaileren batek... egin dezakete. Baina oraindik emakumeek dugu zaintzen ardura gehiena, ez bakarrik haurrena. Amak hartzen du zaintzaren arduraren pisu handiena eta horrek asko baldintzatzen du bere bizitza. Zaintzak ezinbestekoak dira, hil ala bizikoak. Hain garrantzitsuak diren neurrian, ikusgarritasuna, balorazioa, prestigioa...eman beharko genieke. Gozagarri eta aberasgarri ere badira, oso. Jendartean modu parekideago batean bizitzea ona litzateke, zaintza sareak osatuz. Jendarteak zaintzetarako baliabide gehiago eskainiz.

Erditzeak eta haur batek behar duen etengabeko arreta horrek bikotearekiko jarrera eta sexualitatea bizitzeko modua aldatzea normala da. Gero norberak jakingo du zenbaterainoko apustua egin nahi duen bere erotikarekin eta sexualitatearekin eta nola berregituratu nahi duen. Baina egia da aldaketa oso potoloa dela.

N.S.: Guraso izan eta gero, erotika aldatu egiten da. Iraupen luzeko harreman heterosexualetan, adibidez, bi bikote mota bereiziko nituzke. Ez da zientifikoa, behaketan oinarritutako ondorioa baizik.

Bikote batzuetan emakumeak ja ez du deseatzen. Amatasunak toki handia hartzen du bere bizitzan eta erotika oso apartean uzten du, ez zaio interesatzen. Denborak aurrera egin ahala bikote harremana deserotizatzen joaten da. Gizonezkoa baztertua sentitzen da eta bestelako baliabideak erabiltzen ditu bere erotika elikatzeko. Hori askotan txiste moduan azaleratzen da lagunen aurrean.

Emakumearen kasuan, gerta daiteke haurra izan aurretik erotikoki esperientzia ona ez izatea. Hartara, erditu ondoren desmotibatuta dago eta gainera aitzakia bat dauka.

Bigarren bikote mota –eta hau ere askotan ikusi dut– harreman erotikoak izateko zailtasunak izan arren –umeen zaintza, denboraren kudeaketa, nekea...– eta fisikoki gorputz aldaketa batzuk izan arren, deseatu nahi duen bikotea da. Bikote horiek zirrikituak, estrategiak eta aholkuak bilatzen dituzte bikotearekin gustura egon eta erotika berreskuratzeko. Horiek batzuetan ez dute asmatzen nola egin, baina laguntza pixka batekin asko aberasten dira bikote modura. Gainera, badakite beren erotikan altxor handi bat dutela eta landu egin nahi dute. Gero haurrak handitu egiten dira eta bikoteak berriz topatzen dira. Topaketa erotiko positiboak izatea bikote batentzat kola bezalakoa da, harremana itsatsi egiten du.

Hala ere, hori oso partikularra dela nabarmendu nahi nuke. Bikote batzuetan osagai oso garrantzitsua da erotika. Beste batzuetan, aldiz, ez da hain garrantzitsua, elkarbizitza eta konpainia oso indartsuak dituztelako eta horiekin asetzen direlako. Tratu onak daudenean, erotismoak itxoin dezake.

Badirudi sexologoak garen neurrian gure egitekoa dela erotismoa goraipatzea eta hori ez da zuzena. Pertsona bakoitzak bere neurriko erotismoa topatu behar du.

 

Zahartzaroa eta sexualitatea. Jendartearen begietara, ez dira errealitate bateragarriak.

E.M.: Jende askok barneratuta dauka hori. Pertsona helduekin saioak egin izan ditugu eta oso aberasgarriak izan dira, nondik gatozen konturatzeko oso baliagarriak direlako. Askotan pentsatu izan dut zeukaten informazio apurrarekin, ederki moldatu izan direla.

Zahartzaroaren inguruan gero eta material gehiago, liburu gehiago, ikerketa gehiago daude eta oso argigarriak dira. Ondorio nagusia honakoa da: zahartzaroan ere erotikarako interesak hor segitzen du eta norberak bere egoerara moldatzen du.

Gainera, gaztetan zituzten arazo, kezka eta karga asko ez dituzte zahartzaroan eta beste patxada batekin bizi dezakete erotismoa. Ohikoa da osasunez makalago egotea, baina espektatibak ere desberdinak dira eta lasaitasun horretatik bizi dute sexualitatea. Finean, sexualitatea da zuk bizi duzun hori, zuk nahi eta ahal duzun moduan.

 

N.S.: Bada beste fenomeno bat aipatu nahiko nukeena. Zahartzaroan bada jende asko bizitza erotikoa izaten jarraitzen duena, baina bere inguruak ez du errealitate hori ikusten. Batzuetan gertatzen da –harreman heterosexual tradizionaletan– aitona-amona horiek beren etxea inbadituta daukatela eta ez dutela intimitaterik. Hori gertatzen da. Ingurukoek errekonozitu behar dugu zaharrek ere badutela bizitza erotikoa. Hori oso garrantzitsua da.

 

Egin dezagun ariketa bat: nolakoa litzateke sexualitatea jendarte parekide batean?

E.M.: Nik uste dut bi lan paralelo ditugula egiteko. Batetik, aipatu dugun sexualitate eredu zurrun hori denontzako da eskasa eta murritza. Denok egin dezakegu lanketa bat herrian sexualitateaz hitz egiteko eta eredu hori iraultzeko.

Bestetik, sexismorik ez balego, lehen aipatu ditugun bikoak –aktibo/pasibo, deseatzen duena/deseatua, produktorea/ ugaltzailea, probokatzailea/ probokatua– ez lirateke egongo. Bi gauzak parean doaz eta jendarte parekide batean, aldaketa bi norabide horietan etorriko litzateke: egun indarrean dagoen sexualitate eredu murriztailearekin eta sexismoarekin bukatuko genuke.

Plazerak, ongizateak, zaintzak, komunikazioak, sedukzioak, jolasak... presentzia izango luketen jendarte bat izango litzateke.

 

N.S.: Parekidetasunak tratu onak ekarriko lituzke berez, eta tratu onak erotikoak dira. Horretan ari gara lanean. Dssirez mugimendu erotikoa proiektuan tratu onen erotismoa sustatzen dugu kalean. Finean, desioa noiz pizten da? Tratu onak daudenean.

Askotan pentsatzen dugu desioa maskulinoa dela eta gorputzeko atal batzuk ikustean esnatzen dela –ipurdia edo bularrak kasu–. Hori bada desioa esnatzeko modua, baina badaude beste modu asko. Pertsona batekin daukazun harremana tratu onetan oinarrituta dagoenean eta elementu baikor asko dituenean, desioa esnatzen da.

Parekidetasuna ezinbestekoa da desioak bere bide naturala egin dezan. Kontrara, parekidetasun ezak askotan desioa moztu egiten du. Egoera klasiko bat aipatuko dut: seme-alabak dituen bikote bat, etxean egiteko mordoa duena. Emakumeak hartzen du karga handiena eta gizonezkoak topaketa erotiko bat proposatzen dio. Emakumea haserretu egiten da, berarekin orduan bakarrik akordatzen delako. Aldiz, tratu onak baldin badaude eta lanak modu parekidean banatzen badira, segur aski parean sentituko dira emakumea eta gizonezkoa eta errazagoa da topaketa erotiko interesgarri bat sortzea.

Uste dut hori oraindik ez dugula ulertu. Ulertu behar dugu lanen banaketak desioa sustatzen duela. Aholkularitza lana egiten dugunean gizonei askotan aipatzen diegu hori: hartu zure ardurak, lanak modu parekidean banatu eta ikusiko duzu nola biok izango duzuen topaketa erotikoetarako gogoa.

 

E.M.: Tratu onen erotika sustatzea garrantzitsua da ez bakarrik bikotean, baita bestelako harremanetan ere. Jendeari modu sinpatikoan proposatzen badizkiogu gauzak eta modu berean ematen baditugu ezezkoak, jolasetik eta kiroltasunez aritzen bagara, sexua modu sanoagoan eta plazeretik bizitzen badugu... libreago sentituko gara eta dena askoz errazagoa izango da.

 

Plax sexu eta bikote aholkularitza

Arremanitz Lantaldeak Plax Sexu eta Bikote Aholkularitza Zerbitzua eskaintzen du Hernanin eta Azpeitian bertako udalen laguntzaz eta bultzadaz.

Beren aurkezpen txartelean, hogei helburuko zerrenda atondu dute, nahiz eta hortik kanpokoak ere jasotzen dituzten: kontaktu intimorako modu berriak ezagutu, orgasmoak sentitzen ikasi, jeloskortasunak sortutako gatazka egoerei aurre egin, aldizkako eta zehaztu gabeko bikote harremanak kudeatu, bide erotiko berriak aurkitu, menopausiak sortutako aldaketa eta gogo berriei erantzuna eman, zure klitoria zein beste batena gidatzeko karneta atera, nahi baino azkarrago edo nahi baino beranduago gertatzen diren isurketa egoeretan kontrol gehiago lortu, sarketa desberdinetan plazera sentitzera iritsi, lagunduriko ugalketa egoera baten aurrean oreka erotikoa aurkitu, armairutik ateratzeko edota askatzeko laguntza lortu, gaixotasun larri baten ondoren edo gaixo egon bitartean bizitza erotikoa berreskuratu, seme-alaben sexu-hezkuntzan aholkularitza jaso edota seme-alaben jaiotzaren ostean esperientzia erotikoak indarberritu, besteren artean.

Nerea Sancho Hernanin egoten da, eta, Edurne Mendizabal, Azpeitian. Zerbitzua doakoa, profesionala eta erabat konfidentziala da. «Oso harrera ona dauka. Garai batzuetan itxaron zerrenda ere izaten dugu. Batzuk bakarka etortzen dira eta bikoteak ere gerturatzen zaizkigu. Normalean arazo txikiak izaten dira, klabe edo estrategia gutxi batzuekin erraz konpontzen direnak. Pertsona batek edo bikote batek sexologoarengana joatea erabakitzen duenean, bidearen erdia egina dauka. Gero sexologiak baditu bere estrategiak eta badu bere magia, teknika xume batzuekin emaitzak bikainak izaten dira».