GAUR8 - mila leiho zabalik
Elkarrizketa
AneAblanedo
unibertsitate irakaslea

«Curriculum ezkutuko bat du eskolak eta hori arrakastaz betetzen du»

Pedagogia eta heziketa modu alternatiboetan ikerlaria eta formatzailea da (UEU), baita haurtzaroa zaintzeko haziera eredu prebentiboan aditua ere.


Markoa ezartzea gustatzen zaio Ane Ablanedori, bestela eman bailezake ebaluazioa gauza natural bat dela, egin beharrekoa. Zer ebaluatu, zertarako...? Badira gauza aunitz galdetu beharrekoak, eskolari lotuta ere bai. Nork jarri du, zer asmorekin…?

Iruñea (NUP) eta Baiona (UPPA) artean bizi den irakasleak ebaluazioa eta kalifikazioa bereizi ditu aurrena. «Tamalez, batera doaz eta gehiago da kalifikazioa orain egiten dena. Ebaluazioa oso prozesu sakona, konplexua eta beharrezkoa da bizitzako edozein proiektutan, helburuak zein diren begiratuta, zertan asmatu eta huts egin dugun ikusteko. Zentzu horretan ez dut sentitzen eskolak benetan ebaluatzen duenik».

Bere iritziz, kuestionatu beharko litzateke lehenik eta abiapuntu gisa, zergatik ezarri behar zaion ikasteari toki eta momentu zehatz bat, ikastea bizitzaren gauza natural eta berezko bat denean. «Kuestionatu behar da zenbateraino bortxatzen den haurraren erritmoa, eta beste gauza asko, eskolan ez ikastearen oinarrian daudenak».

Agertu duenez, eskolaren parametroen arabera kalifikatu eta klasifikatzen da ikaslea, «alegia, neurtzen da zenbateraino den gai hobesten den paradigman ibiltzeko. Gainerakoa kosmetika hutsa da. Prozesu guztia ebaluatzen dela esaten da, baina ez da zinez egia».

Hutsa kontzeptuan berean

«Hutsa eskola instituzioaren kontzeptuan berean dago. Hori errotik zalantzan jarrita sortu dira hain zuzen ere beste heziketa eredu batzuk, eskolari kendu nahi diotenak benetan haurrak ikasteko eragozpen den guztia. Eskolak deseskolarizatu beharko lirateke, benetako bizitoki eta ikastoki bilakatzeko. Kendu beharko genioke eskolari eskolarekin identifikatzen irakatsi diguten ia guztia; hasteko eta urgentziaz, azterketak eta kalifikazio sistema gzutiak, orain ulertzen den moduko ebaluazio interesatu hori. Irakaslearen funtzioa bera ere zalantzan jartzekoa litzateke (ez helduaren presentzia). Orduan haurrak ikasi eginen luke, baita eskolan ere, berez ikasten baitu», defendatu du.

«Oztoporik ezean, berezkoa du bizitzarekiko jakin-mina. Kontua da gaitasun hori akabatzen dugula haurra gidatu ahal izateko. Gero nola motibatu izaten dugu kezka!».

Hau guztia «absurdoa» litzateke Ablanedorentzat «eskolaren muntaia osoa ez balitz hain interesatua. Gaur ezagutzen dugun eskola ereduak badu curriculum ezkutuko bat eta hori arrakastaz betetzen du. Bere helburu sakona –baina ez aitortua– da pertsonak ikas dezala gizarte eredu konkretu bat, non beste bat izango zaion beti erreferentzia. Barneratu behar dugu ttipi-ttipitatik beste norbait izango dela beti esango diguna zer ikasi, nola, noiz, eta egiten dugun hori ongi ala gaizki dagoen».

Benetako ebaluazioa

Adierazi duenez, egungo heziketa eredu konbentzionalari alternatibo zaizkion eskoletan saiatzen dira ebaluazioa modu benetako eta integralago batean egiten. Behatzen dute haurra bere osotasunean ongi dagoen, gatazkak konpontzen dakien, bizipoza baduen… «Batez ere, ebaluazioa ez da egiten epaitzeko, edo kalifikatzeko. Oztopoak kentzen laguntzen zaio, haurra dela erdigunea eta jakinez bakoitza dela bere ikasketa eta ikerketa lerroaren gidaria».

Egia da jendarte honetan tituluak behar direla lan bat izateko. «Unibertsitatera joan nahi badu, orduan egin dezala ikasleak azterketa bat. 12 urterekin institutuan sartzeko gogoa pizten zaiola? Bada, gauza bera. Heziketa eredu ezberdin hauetan ikasitako haurrek ez dakite besteek baino gutxiago, eta garrantzitsuena dena: ez dute ikasteko gogoa eta jakin-mina galdu».

«Batzuetan pentsatzen da halako ereduetan hazten diren haurrek egokitze arazoak izaten dituztela gero, ahanzturik eskola konbentzionala dela haur arrakastatsu eta frakasatuen artean benetan diferentzia egiten duena. Heziketa ulertzeko bertze eredu batzuetan ez da hori pasatzen. Denak dira arrakastasu, bakoitzak hautatu bidean».

Bestalde, ohartarazi du Euskal Herrian indarrean dugun sistema ez dugula legala/ez-legala edo publiko/pribatu dikotomien arabera sailkatzen ahal, ez baita gurea. «Arrotza zitzaien sistema horretatik kanpo sortu ziren ikastolak, euskaldunontzat gure legalitatea eta publikotasuna izateko borondatearekin. Gure sistema nazionala. Hortik jo beharko genukeela iruditzen zait gure eskola eredua sortzeko, baita gure gainerako instituzioak ere. Horiek homologatzeko gure estatua aktibatu beharko genuke», aldarrikatu du.

Pertsona guztiak ezberdinak gara eta hori bermatu behar dela uste du Ablanedok. «Eskolak ez luke haurren bizitzan eskurik ez sartu behar. Haiengan konfiantza ukan behar dugu. Horrela beste mota bateko gaitasun eta ezaugarriak loratzen dira pertsonengan. Ez dute galtzen beren buruarekiko lotura. Askoz burujabeago dira, baina sozialki ez da pertsona askeak sortzeko interesik».

«Haurtzaroaren paradisuaz hitz egin ohi dugu, kostatzen zaigulako onartzea haurrak ere ez daudela ongi. Eta galdera: zer egiten ari gatzaizkie dauden bezala egoteko? Sistemak gugandik nahi duena lortzeko pertsona bezala min bat eragin behar zaigu, batez ere gu mendeko bilakatzeko», ebatzi du. «Zer da bizitza? Zure dohaina aurkitu eta garatzea. Funtsezko eginkizun horretan lagundu baino ez luke egin behar eskolak».

Hezkuntza on baten oinarriak zeintzuk liratekeen azalduz bukatu dugu solasaldi luzea: «Haurra gai izatea bere komunitatean eta garaian bizitzeko; horretarako behar dituen jakintza eta gaitasunak garatzea; eta norberak bizitza honetara zer egitera etorri den bilatzea, zein den bere bulkada, zer egiten duen ongi, eta hori garatzea».