GAUR8 - mila leiho zabalik

Memoriatik imajinaziora


Laurogei urte betetzera doaz Gernika bonbardatu zutenetik, laurogei. Lau aldiz hogei. Hogei urte, lau bider. Bi bider berrogei. Berrogei eta berrogei. Latza da euskara denborari tamaina hartzeko orduan. Badirudi errepikatu egiten zaigula hogeikada, denboraren ibilia ziklikoa balitz bezala; berriz ere hogei. Herri honetan bederen, mugarri adierazgarriak ageri zaizkigu kadentzia horretan. Aipatu basakeria katoliko-faxista, berrogei urteko basamortua utzi ei ziguna, demokraziarekin liluratuta beste horrenbeste denbora emateko segidan, iruzur ustel haren kiratsa gaurdaino heldu delarik espejismo hartatik esnatzen ari garela dirudienean. Berrogei eta berrogei, edo bi bider berrogei. Tartean, hiru aldiz hogei egitera doan ETAk, kanpaina armatuaren amaiera materializatuko du heldu den astean Baionan. Lizarra-Garazitik ere hogei egitera doaz, nahiz eta gaurko abagune politikoak gero eta antz gehiago izan duela berrogeikoarekin. Korrika batean goazela ordutik, hogeigarrenez testigua hartzeko. Eta hiru aldiz hogei ere loraldi kultural hartatik, hogeikada bat geroago punkak astinduko zuena, teknopopak airean saltoka ipintzeko duela hogei eta gaur perreatzen amaitzeko. Berrogei dira ere “egin” genuenetik eta hogei jada itxi zigutenetik, errepresioaren bira berria ekarri zuen makroprozesuarekin, informazioaren iraultza garai berean eman zen, Internet etxeetara sartzeak baldintzatu badu ere, gaur hogei geroago, poltsikoan finkatu delarik.

Hain zuzen, laurogei urte dira ere Alan Turingek konputazioaren eta adimen artifizialaren oinarriak ezarri zituela, hirurogei transistoreek hutsune balbulak ordezkatu zituztela, berrogei Microsoft eta Apple sortu zirela (baita Pacman jokoa ere), hogei aipatu Interneten zabalkundetik (eta Playstation kontsolatik) eta egun, Eugene chatboxak Turingen testa gainditu duenean (makina bat adimentsua ote den frogatzeko test bat), transistoreak tamaina atomikora eramateko moduan gaude, IBMk egin berri duen esperimentuan informazioa atomo soil batean idatzi eta irakurtzeko gai izan baita.

Teknologia honekin memoriak mila aldiz dentsoagoak egiteko gai bagara ere, esanguratsuagoa da adimenaren gainean garai honetan ematen ari den aurrerapen izugarria. Asteon ezagutu dugu Elon Musk enpresariak (puntako proiektu teknologiko hainbaten buru dena) garuna ordenagailuekin konektatuko duen enpresa sortu duela, egun pantaila eta teklatuaren bidez egiten duguna zuzenean pentsamenduarekin eginez, funtzio kognitiboak areagotu ditzakegula sinetsita, pentsamenduak irakurri eta idazteko gai izateaz gain. Bere hitzetan gizakiak adimen artifizialaren maskota bilakatu ez gaitezen garatu behar da teknologia hau. Egia esan, garaiotan nahikoa aurrerapen egiten ari dira zentzu horretan, paralisia duten lagunek pentsamenduaz gauzak kontrola ditzaten, edo teklatu bat erabiltzeko, eta zutabe honetan askotan errepikatu dudanez, AEBetako eta Europar Batasuneko zientzia proiektu garrantzitsuenak garunaren ezagutzan daude zentratuta.

Abagune nahasi honetan gehiago, askozaz errazagoa begiztatzen da memoria ariketa, imajinazioarena baino. Esan nahi baita, atzera begiratu eta gertaerak logikan jartzea hitz jolasak eginez ere egiten ahal dugula, eta, aldiz, etorkizunean etorriko dena imajinatzea oso zaila zaigula; pentsaezina. Urrunago joan barik, aipatu ditudan mugarrietara joko bagenu eta orduko protagonistei galdetu gaur zer-nolako errealitatea izango genukeen, hurbilduko al lirateke asmatzera? Franco hil zenean berrogei urte geroago horrela ibiliko ginenik asmatuko ote lukete orduan? Edo Gernikan egin zigutena siriarrei gertatzea laurogei urte geroago, gure lurrean egindako armekin, eta gorriak errudun jota? Berrogei urte korrika emango genituenik pentsatzen al zuen norbaitek garai hartan? Ez dakit Mueskek dion bezala makinekiko harreman sinbiotikoak adimena areagotuko ote digun edo definitiboki ziborg bilakatzeko bidean ez ote gauden, baina pentsatu nahiko nuke arte apur batekin bestelako etorkizunak imajinatzeko gai izan gaitezkeela, eta, ariketa pixka bat eginez, hurrengo dantza motarako gerria prest izan dezakegula. •