2017 API. 22 IKUSMIRA ONENEAN ERE, ITXAROPENARI EUTSI BEHAR Xabier Izaga Gonzalez Hil-hurren dagoenak bere azken egunak etxekoen artean emateko komenigarritasunaz ebazten duten bitartean, Euskal Herriko edozein bazterretan euskal preso politikoen eskubideak etengabeko aldarria dira, bereziki larri gaixorik daudenen askatasuna. Egokitasun politikoak besterik xedatu artean, Oier Gomezek espetxe-ospitaleko ziegan bere gaixotasunarekin bakarrean segituko du. Joan den asteazkeneko auzi saioaren ondoren itxaropentsu agertu ziren Oierren senideak eta haren abokatua, eta hala beharko luke edozein amaren seme-alabak. Hala daude gehienak Euskal Herrian behintzat. Astelehenean jakinaraziko du Parisko Zigorrak Betearazteko Auzitegiak bere erabakia eta, onenean ere, itxaropenari eutsi beharra egongo da, itxaroten jarraitu, alegia, asteazkenean Oierren aurkako euroaginduen etetea aztertu arte. Ordiziako Artzain Egunean Alde Zaharra bete zuten ardi soraioek ere ez lukete ulertuko astelehenean erabakitakoa asteazkenean atzera botatzea. Eutsi, itxaropenari, goiari. Xabier Izaga Gonzalez