2017 MAI. 13 JUGOSLAVIA OHIA Serbia, Kroazia, Bosnia eta Montenegron hizkuntza berean hitz egiten dutela diote Jugoslavia ohiko Serbian, Kroazian, Bosnian eta Montenegron bizi diren herritarrek inolako arazorik gabe ulertzen dute elkarren artean, nahiz eta ofizialki hiru hizkuntza ezberdinetan hitz egiten duten. Politikarien interesek eragindako bereizketa linguistiko horren aurkako manifestu bat sinatu dute makina bat intelektualek. France Presse Pusenje ubija, hau da, “erretzeak heriotza eragiten du”. Bosnian nikotinazaleei ohar bera hiru aldiz igortzen zaie: serbieraz, kroazieraz eta bosnieraz, baina gero eta herritar gehiagok uste du bereizketa linguistiko hori erabat artifiziala dela, nazionalismoa indartzeko borondateak ezarritako bereizketa dela alegia. Kroazia, Bosnia, Serbia eta Montenegroko zenbait intelektualek manifestu bat plazaratu berri dute Sarajevon, guztiek «hizkuntza bera» erabiltzen dutela nabarmentzeko. «Ura bezain argia da», adierazi dio France Presse berri agentziari Fedja Isovic bosniar gidoilari ezagunak. «Kontrakoari horda nazionalistek baino ez diote eusten», erantsi du aipatu lau herrialdeetan arrakastatsua den “Lud, zbunjen, normalan” (Zoroa, harrituta, normala) telesaileko egileak. Baina 1990eko hamarkadan makina bat gerra jasan behar izan zituen Jugoslavia ohian gaur egun horrelako posizioei eusteak zuri «traidore» deitzea eragin dezake, zure herriarekiko traidore, jakina. Milaka sinatzaile Manifestuarekin bat egin duten 8.000 lagunen arabera, Sarajevotik Podgoricara eta Belgradetik Zagrebera, hamabost milioi lagunek hizkuntza bera erabiltzen dute. Hizkuntza hori XIX. eta XX. mendeetan arautu zuten eta une honetan adostutako izen ofizialik ez badu ere, Jugoslaviaren garaian serbokroaziera esaten zioten. Euskarazko Wikipedia entziklopediaren arabera, «serbokroazieraren dialektoak dira kroaziera, serbiera, montenegroera eta bosniera, gaur egun politika-arrazoiengatik bereizten badira ere. Idazteko bi alfabeto erabiltzen dira: latindar alfabetoa (aldaera guztietan) eta alfabeto zirilikoa (serbiera eta montenegroerarako, latindar alfabetoarekin batera)». Slavenka Drakulic Kroaziako nobelagileak nabarmendu duenez, herrialde horietako herritarrek atzerrian bat egiten dutenean, «‘gure hizkuntza’ esaten dugu askotan», hizkuntza bakarra hitz egiten dutela aditzera emanez. Sarajevoko manifestuak «garbizalekeria linguistikoa» eta bere ondorio kaltegarriak salatu ditu: Jugoslavia ohiko errepublika horietako eskola batzuetan jatorriaren arabera bereizten dituzte haurrak, hizkuntza berean hitz egiten omen ez dutelako, zentro horietako arduradunek erabilitako aitzakiaren arabera. 1992an hasi eta 1995ean amaitu zen gerran 100.000 hildako inguru jasan zituen Bosnian etnia ezberdinek bat egiten duten eremuetan ezaugarri hori duten 30en bat eskola daude. Gosea, hiru hizkuntzetan Jugoslavia zatitu zenetik, nazio ezberdinetako eliteek hizkuntzaren araberako bereizketa indartu egin dute. Esaterako, 2006an Serbiarekiko independentzia lortu zuen Montenegron bi letra erantsi dizkiote alfabetoari. Bosnian, berriz, agintariek hiru hizkuntzatan plazaratzen dituzte beren agiriak, kasu batzuetan hizki bakar bat bera ere aldatu gabe, barregarri geratzeko. Serbiako hego-mendebaldean dagoen Sandzak eskualdean populazioaren gehiengoa bosniarra eta musulmana da. Orain bi urte bertako auzitegi batek itzultzaileak kontratatu behar izan zituen, preso batzuek serbiera ez zutela ulertzen esaten zutelako. Kroazian ere barrea eragiteko moduko erabaki ugari hartu dituzte independentzia lortu zutenetik. Aireportua lehen aerodrom zen, baina orain zracna luka (“aire portua”) esan behar diote. Erakunde baten eleduna garai batean portparol baldin bazen, orain glasnogovornik da (literalki, “bozgorailua”). Izen aldaketa horietako batzuek ez dute inolako arrakastarik izan. Horrela, televizija (“telebista”) hitza alboratu eta dalekovidnica (“urrutiko ikuspegia”) lehenesteko asmoak ez zuen ezer lortu. Herrialde honetan orain urte batzuk Serbian egindako pelikulei azpitituluak ipintzen zizkieten, baina ikusleen txisteek eta barreek eragin zuten jarduera hori alde batera uztea. Snjezana Kordic Kroaziako hizkuntzalariaren iritziz, bereizketa horiek defenditzen dituztenen posizioa «barregarria» da. Bere ustez, Jugoslavia ohiko «hizkuntza estandar» horrek «zentro ugari ditu eta herri ezberdinek erabiltzen dute, eta aldaera ezberdinek ahalbidetzen dute hizketan ari denaren jatorria ezagutzea». Kasu batzuetan hizkuntzaren inguruko posizio horrek agintarien kontura barre egiteko aukera paregabea ere eskaintzen du. Esaterako, 2014an etnia ugari dituen Bosnian manifestazioak egin ziren herritarrak gosea pasatzen ari zirela salatzeko. «Gladni smo na sva tri jezika!» oihukatu zuten manifestariek, hau da, «hiru hizkuntzatan ari gara gosea pasatzen!». Belgrad Serbiako hiriburuko erdiguneko horma batean esaldi hori ikusgai egon da mural dotore batean, kendu duten arte. Mendebaldeko Balkanetan tentsioa gora egiten ari den garai honetan, Sarajevoko manifestua ez da guztien gustuko izan. «Jugoslavia ohiarekin batera hil zen proiektu politikoa zen balizko hizkuntza komuna», esan zuen Kolinda Grabar Kitarovic Kroaziako presidenteak. Agintariak eta ironia Eta ironiaz betetako esaldi batekin erantzun zion Ante Tomic idazle kroaziarrak: «Baina Aleksandar Vucic Serbiako lehen ministroarekin eta eskualdeko beste politikari ezagun batzuekin hizkuntza komun horretan oso ondo konpontzen zinela ikusi genuen». Igor Sever herritar kroaziarrak 28 urte besterik ez ditu eta berak esaten du «zalantzarik gabe» ulertzen dituela serbiarrek eta bosniarrek esandakoak: «Nire hizkuntzari kroaziera esaten diot eta ez dut ulertzen zergatik deitu behar didaten nazionalista hori esateagatik». Snjezana Kordic kroaziarra da Sarajevoko manifestuaren bultzatzaileetako bat. Bere herrialdean irainez betetako kanpaina baten jomuga izan zen hedabideetan, beste sinatzaile batzuekin ere gertatu den moduan. Davor Velnic idazleak «jugointelektualak», «parasitoak» eta «herrigabeak» deitu zien sinatzaile horiei: «Nazioartean ezagututako Kroaziako Estatua onartzera inoiz ez ziren iritsi horiek». Serbian “hizkuntza komuna” kontzeptuak onarpen maila handiagoa du Kroazian baino, baina Milos Kovacevic Serbiako Batasun Literarioko kideak suteak eragiteko moduko esaldia eskaini berri du: «Hizkuntz horri izenik ematen ez badiogu, mundu guztiak serbiar hizkuntza dela dakielako da». Izen aldaketa batzuek ez dute arrakastarik izan. Kroazian, adibidez, ez du ezer lortu «televizija» («telebista») hitza alboratu eta «dalekovidnica» («urrutiko ikuspegia») lehenesteko asmoak Orain bi urte Sandzak eskualdeko auzitegi batek itzultzaileak kontratatu behar izan zituen, bosniar etniako preso batzuek serbiera ez zutela ulertzen esaten zutelako info+ Kroaziako gerrak Petrovic eta Divac saskibaloi jokalarien artean eragin zuen urruntzeari buruzko dokumentala, Youtuben: https://www.youtube.com/watch?v=xwfMVsH23RI