GAUR8 - mila leiho zabalik

Urteak


Maiatza iritsi ahala, urteak egiten ditudalako edo, hasi ohi naiz adinari buruzko gogoeta ilunetan murgiltzen. Egun hori kanpotik bozkario puntu batekin ospatzen badut ere (lehen izarren bateko jatetxeetan izaten ziren bazkariak, orain gabeetan), barrutik harridura pixka batekin jarraitzen dut gertakaria, nik gauza asko izan nahi bainuen umetan, baina inolaz ere ez zaharra eta ez bainuen espero izatera iritsiko nintzenik ere; eta oraindik ere buruari bueltak ematen dizkiot iritsi naizen adin honetara iristeko ez ote naizen bidegurutzeren batean nahastu, ez ote naizen, Txirritak Norteko trenbidearen bertsoetan esaten zuen moduan, “guardarrayoren” batean desbideratu. Oraindik ere ametsetan urte erreskadak kentzen dizkiot neure buruari eta egiteko garrantzitsuetan edo arriskugarrietan sartuta ibiltzen naiz. Inoiz ez dut ametsik egiten bastoiarekin parketik paseatzen nabilenik, loroari alpistea ematen edo loreak ureztatzen.

Horrelako gogoeta goibelekin nenbilen orain egun batzuk afalondoko zappinga praktikatzen ari nintzela (zappingaren maisu bat naiz) “La hora punta” edo gisako programaren batean Jose Luis Cordeiro zientzialaria hilezkortasuna aldarrikatzen ikusi nuenean. «Zahartzaroa gaixotasun bat da», esan zuen, eta, gero, giza genomari buruzko azterketak aipatzen zituela, «30 urte barru gaindituko dugu heriotza» bota zuen; eta bizitza hirukoiztu dieten arratoi eta untxiei buruzko erreportaje batzuk eman zituzten gizakiekin ere antzeko emaitzak lortuko dituztela baieztatzeko. Singularity Universityn lan egiten duen zientzialari futurista honek halako aldarte arraro bat utzi zidan. «Zer egin behar dut nik bizitza hirukoizten badidate?», galdetzen nion neure buruari.

Burutazio horiekin nenbilela joan zitzaigun Juanba Berasategi, eta, Errenteriako tanatorioan bere emazte Itziarrek kontatu zigunez, beren gogorrean lasaiak eta goxoak izan omen ziren egun horiek, gaitzaren berri jakin orduko erabaki omen zuen nahiago zuela joatea hala moduz bizitza luzatzea baino. Denbora izan omen zuen gauzak atondu eta antolatzeko, eta, sinestea zaila bada ere, guztiok nahiko genukeen moduko heriotza bat izan zuela azaldu zigun, gure aurrekoek esaten zuten bezala, konformidade handikoa. Eta pentsatu nuen badaudela, Juanbak bezalaxe, bizitzen asmatu dutelako hiltzen ere badakitenak. •