2017 MAI. 20 EMAKUMEEN OINEN BILA Emakume bertsolariak, historiatik ezabatuak inolako azalpenik gabe? Bertsolaritzaren historia, oro har historia bera bezalaxe, gizonezkoen historia da. Horrek ez du esan nahi ez dela emakume bertsolaririk izan; aitzitik, garai batean gizonak adina izan zitezkeen, baina isilduak, ezabatuak izan dira. Haien gaineko estalkiaren kausak aztertu ditu Ana Isabel Ugalde EHUko irakasleak. Xabier Izaga Gonzalez Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Erdi Aroaren, Aro Berriaren eta Amerikaren Historia saileko “Euskal Herria eta Amerika: lotura eta harreman atlantikoak” ikertalde finkatuak antolatuta, joan den maiatzaren 11n Gasteizko Letren Fakultatean “Emakumeen historia, emakumeak historian. Iraganaren ikuspegi berriak” izeneko mintegia egin zuten. Egun osoan zehar izan ziren hitzaldietako batean, “Antzinako Erregimeneko emakume bertsolariak”, Ana Isabel Ugalde Gorostiza historialariak bildu dituen datuak aurkeztu zituen: noiz eta non agertzen diren emakume bertsolariak. Artxiboetan eta zenbait autoreren obretan jasotako datu horiek guztiak sailkatzeko ahalegina, Gizarte Zientzien Didaktika Saileko kidearen hitzetan. Emakume bertsolarien historia txiki horren berri eman aurretik, bertsolaritzaren zenbait definizio gogorarazi zituen: “euskaldunen artean sendo errotutako ahozko kultura baten agerpen edo iraupena”, “herri literaturaren modalitatea” eta “ahozko genero erretoriko epidiktikoa, kantatua eta bat-batekoa”. Epidiktikoa, «bertsolariaren asmoa entzuleengan emozioak eragitea baita», eta XVIII. mende bukaeratik aurrera erruz saltzen zituzten bertso paperak edo «kanta paperak» aipatu zituen Ana Isabel Ugaldek, «bertsoak, bai kanta paperak bai bat-batekoak, kantatzeko dira-eta». Eta Xabier Amurizaren bertso bat erakutsi zuen azken definizioa emateko, bere iritziz egokiena: Neurriz eta errimaz kantatzea hitza horra hor zer kirol mota den bertsolaritza Erakutsitako Power Point dokumentuan zenbait bertso paper agertu ziren, tartean “neskazahar” batenak. Esan zuenez, zalantza dago bertso horien egilea benetan emakumea den edo “neskazaharrei” barre egiten dien gizon bat. Izan ere, paper horien atzean nor zegoen jakitea ez da erraza. Bertsolaritzaren historiaz Bertsolaritzaren historiari heltzeko, ba dira bi ideia oso kontrajarri. Baten arabera, euskaldunak Neolitikotik egin dituzte bertsoak. Bestearen arabera, bertsolaritza «asmazio» nahikoa berria da. Ugaldek bata eta bestea baztertzen dituzten zenbait autoreren lanak hartu zituen hizpide, hala nola Joxe Azurmendiren “Bertsolaritzaren estudiorako” saioa. Bertan, Azurmendik dio bertsolaritzaren jaiotza XIX. mende hasieran jartzeak pobretu baino ez duela egiten. Haren ustez, bertsolaritza XVIII. mendean euskal gizartean errotuta zegoen, musika eta bertsoa estu lotuta, batera garatu ziren, eta egileak, letratuak eta letragabeak, gizonak eta emakumeak ziren. Carmen Larrañaga ikerlariaren lanaz ere hitz egin zuen, «ikuspuntu literariotik baino historiko eta soziologikotik» heldu baitio bertsolaritzari. Larrañagak, batez ere, XIX. mendetik aurrerako emakume bertsolarien gaineko ikerketa egin du, eta bertsolaritza inprobisazioari eta batez ere gizonei lotu izana kritikatu du, dioenez, horrek aniztasuna baztertu baitu. Emakumeen bertsolaritzaz askoz gutxiago hitz egin da, eta horregatik zailagoa da haien gaineko ikerketa, askoz gutxiago agertzen baitira dokumentuetan. Gainera, Ugaldek esan zuenez, herrikoiagoa da, emakume bertsolari gehienak ez baitziren inongo elitetako kide. Desagertze luze baten azalpen bila Badira XV. mendeko emakume bertsolarien zenbait lekukotasun, Mitxelenak gaur egungo bertsolaritzaren aitzindaritzat jo zituenak, eta oro har onartuta dago garai hartan kantatzen zituzten elegia batzuen egileak beren garaiko emakume bertsolariak zirela. Baina XV. mendetik XIX. mendera bitartean emakumea desagertu egin zen bertsolaritzatik, «subjektu aktibo gisa behinik behin». Inork ez du nola eta zergatik azaldu. Azalpen falta hori izan zen, hain zuzen, Ugalderen ikerketaren motiboa, denbora tarte luze horretako hutsune horren atzean zer dagoen argitzeko ahalegina. Bildutako datuen errepaso arin bat egin zuen, emakume inprobisatzaileengandik hasita. Lekukotasunik zaharrenak XV. mendekoak dira, Esteban Garibaik jasoak. Emakume haiek tokiko nobleziakoak ziren eta eresiak egiten zituzten. Haietako bat Santxa Otxoa Ozetakoa izan zen, bando-gerretan hildako senar Martin Bañezi kantatu ziona. Beste bi, erditzean hil zen emakume baten ahizpa eta koinata, Milia Lasturkorenak, alegia. Aitari kantatu zion Alostorreko alaba ere aipatu zuen. Garai hartakoak dira, halaber, agintari zibil eta erlijiosoen debekuak, emakume inprobisatzaileen «gehiegikerien» aurka; izan ere, kantatzeaz gainera, badirudi beren mina adierazteko lurrean etzan, ileetatik tiratu eta keinu arranditsuak egiten zituztela. Hala ere, debeku haiek ez omen zuten arrakasta handirik izan. Badira Bizkaian XV. mendeko lekukotasun anonimoak, eresiak kantatzen zituzten emakumeez hitz egiten dutenak. Behin eta berriz esan izan da Foru Zaharrak debekatu zituela «espektakulu» haiek; hala ere, Ugaldek dioenez, 1526ko Bizkaiko Foru Berriak xedatu zuen debeku hura, emakumeentzat eta hildakoen senar eta gainerako senideentzat ere. Emakumeei senarra lurperatu ondoren negar egitea debekatzen zieten, elizkizunak normaltasunez egitea eragotz ez zezaten. Emakume inprobisatzaileen beste multzo bat baladak egiten zituztenek osatzen dute. Garibaik dioenez, Juana Butroekoa, handikien familia batekoa, kanta zahar baten egilea bide da. Bere amari egin zion, hark ez zuelako alaba Olasoko dorrera ezkontzerik nahi, hango jauna bere senar hilaren etsaia izan baitzen. Alabak, bere kantuan, honela esan zion amari: «Dardoak egin arren/ bere aldia/ Olaso izango da/ neure alkia». XV., XVI. eta XVII. mendeetako kanta haietako askotan emakumeak dira protagonistak, eta lehen pertsonan mintzo dira. Ugaldek Benito Lertxundik famatutako “Atharratzeko gazteluko kanta” ekarri zuen gogora: «Ama saldu nauzü/ biga bat bezala». Hala ere, kantu hori aztertu duten autore gehienek ez diote egiletzari erreparatu izan. Bakan batzuek, ordea, egilea emakumea dela diote, eta bada “Urrutiako anderia” kantaren egilea ere emakumezko poeta izan zitekeela uste duenik. Beste adibide bat 1633ko “Goizian goizik” kanta da: «Goizian goizik jeiki ninduzun/ ezkondu nintzan goizian» dio hasieran, eta «bai eta ere alargun gazte/ ekia sartu zenian», kantaren bukaeran. Dirudienez, Gabrielle Lohitegiri gertatutakoaren kontaketa da, eta baliteke Gabrielle bera izatea egilea. Jean-Baptiste Orpustanek dioenez, nobleak dira bai kantuon egileak bai horietan agertzen den jendea, baina horrek ez du esan nahi gainerako jendeak kanturik egingo ez zuenik, kantu horiek ez direla gure egunetaraino iritsi baizik. Dirudienez, ezkontzetarako, hiletetarako eta gisako ekitaldietarako funtzio poetikoa emakumeen esku uzten zuten. Ugaldek esker onez esan zuenez, Garibaik emakume haien lanaren gaineko estalkia hautsi zuen. Emakumeen aurkako epaiketak Ba omen da behin eta berriz errepikatu izan den beste gai bat: emakume profazadora direlakoak, «bazter-nahasleak» alegia, baina ez dago haien adibiderik. Foru Berriko aipu batek dioenez, baziren emakume «lotsagalduak eta auzoen bazter-nahasleak» libelo iraingarri gisako koblak eta kantak jartzen zituztenak. Horregatik epaitu zituzten zenbait emakumeren berri eman zuen Ugaldek. Delitua berbera izaten zen beti: bizilagunen «desbideratze sexualaz» hitz egitea. 1668an Antonia de Zabala ehulearen aurkako auzia izan zen Eibarren. Kartzelatu egin zuten, kanta batengatik, «hiru dontzeila eta pertsona nagusi eta oso ondratuen» gaineko hitzengatik. 1721ean, Eibarren bertan, botikari gonazale batek Angela de Armona eta Ana Maria de Gorostiza ama-alabak salatu zituen. Epaiketara lekuko asko joan ziren, denak emakumeak eta analfabetoak, eta kontatzen zutenez, lanean, sukaldean elkarrekin zeudela egiten zituzten bertsoak. Hori da, Ugaldek dioenez, emakume bertsolari haien ezaugarrietako bat, beren zereginetan eta elkarrekin daudela jardutea. 1816an beste auzi bat egon zen. Lau emakume auzipetu zituzten: Teresa Antonia Beobide, Concepcion Irazusta, Maria Madalena de Lertxundi eta Maria Antonia de Etxeberria, bikote baten amodioen berri jakinarazteagatik. Auzi-jartzaileak neskaren aita eta ahizpak ziren. Auzi horretan, aurreko kantu eta koplak izendatzeko “bertso” hitza erabiltzen dute. Halaber, bertsoek zurrumurruak eta kontuak hedatzeko eraginkortasun handia zutela nabarmentzen dute. Hiru auzietan ohorea dago jokoan, Ugaldek esan zuenez, ohorea ez baitzuen portaerak ematen, baizik eta besteek pentsatzen zutenak. Hiru auziok frogatzen dute bazirela «emakume bazter-nahasleak», besteen bizkar ondo pasatzen zutenak eta eliteari gaizki iruditzen zitzaiona egiteagatik epaituak izan zirenak. Izan ere, epaitutako emakume guztiak jatorri apalekoak ziren, eta auzi-jartzaileak gizarte-maila onekoak. Auzi haiek ez ziren emakumeen aukakoak bakarrik izan, zenbait gizon ere gauza beragatik epaitu baitzituzten. XIX. mendea XIX. mendean bertsolaritza erabat aldatu zen. Askoz errazagoa da hortik aurrerako kontaketa egitea. Aldaketa nabarmen bat bertsotan jarduteko gune publiko eta zabalak hobestea izan zen. Lantokiaren ordez, plazetara, sagardotegietara eta tabernetara jo zuten bertsolariek. Halaber, mendearen erdialdera lore jokoak ere egiten hasi ziren, eta bertsolaritza merkataritza produktu bihurtu zen, bertso paperen salerosketaren bidez. Antonio Zavala da bertso paper gehien bildu dituen ikerlarietako bat. Haren ustez, orrialde horien jatorria bilantzikoak ziren. Gabonetarako idatzi, saldu eta ondoren elizetan kantatzen zituzten. Bilbon, Iruñean, Baionan… oso ezagunak ziren. Bizenta Mogelek, lehen euskal emakume idazletzat joa eta itzultzailea ere bazena, bilantzikoak egin zituen. Ez zituen sinatu, andre bizkaitar batek eginak zirela baino ez zuen jarri, baina adituek diotenez, harenak dira. Bertso auliko batzuk ere egin zituen 1828an, Fernando VII.aren alde. Bertso paper haietan emakume gehiago ere agertzen dira, hala nola Marijuan Igoa, 1830ean bertso batzuk egin zituena. Haietan kontatzen duenez, apaiz baten etxean zerbitzatzen egon zen eta haurdun geratu zen bertan. Maria Antonia Soloagak, Munitibarkoa, datarik agertzen ez den baina ustez XVIII. mende bukaerakoak diren bertso batzuetan beste kezka bat agertzen du: azken judizioaren orduan Jainkoaren aurrean nola aurkeztuko den. Arnoldoren alargunak senarra galdu izanaren zoritxarra kontatzen du Amurizak bildutako bertso batzuetan. Rosario Artolak, bertsolari familia batekoak, garaiko aldizkarietan argitaratu zituen bere bertsoak. Izan ere, aldizkariak ere bertsoak ezagutarazteko bidea izan ziren, bai hemengoak bai Argentina eta Ameriketako Estatu Batuetako diasporako euskaldunenak. Ugaldek cordel literatura edo “literatura arruntaz” ere jardun zuen. Bada bertso paperak literatura horrekin lotzen dituenik. Zenbait lekutan “itsu-literatura” esaten diote. Jean Etxepare donapaleutarra literatura mota horretako eredutzat jotzen da. Frantsesez eta euskaraz idatzi zituen bertsoak, bere izenarekin sinatzen zituen, eta, beste inork sal ez zitzan, eskubideak ziurtatzen zituen. Halaber, beti jartzen zuen bertsoak bere emazteak eta berak salduak zirela, “Etxepare senar-emazteek salduta” nabarmenduta. Zalantza dago colpolteur edo bertso paper saltzailea zen edota bertsolaria zen eta emazteak saltzen ote zituen bere bertsoak. Bertso paper batzuetan bertsolari guztiek erabiltzen zuten terminologia bera erabili zuen Etxeparek: “bertso berriak”. Etxepareren garaikide Manuela Atxarre eta Joakin Luzuriaga Segurako Itsua izan ziren, entzuleen barrea eragiteko zuten trebetasunagatik oso ezagunak eta hil ondoren ere gogoratuak. Herriz herri joaten ziren eta jendea mezatatik ateratzean egiten zuten beren ikuskizuna, bertsoak saltzeko. Haien lau orri baino ez dira kontserbatu. Bertso haietako batzuk autobiografikoak dira, bikotekideen arteko elkarrizketak, horregatik ezaguna da emazteak saltzen zituela senarrak zorro batean zeramatzan orriak, baita gizonak gitarra jotzen zuela ere, eta andreak panderoa. Orrietako euskara ez da beti bera, ordea; Bizkaialdeko hizkera eta Errenteria ingurukoa agiri dira. Pentsatzekoa da gizona, bertsoak sinatzen zituena, ez zela haien egilea, ez guztien egilea, behinik behin. Luzuriaga ez zen bizimodu hura zuen itsu bakarra. Zalantza da nork egiten zituen bertsoak. «Hirugarren batek? Emazteak ere egiten zituen?», galdetu zuen Ugaldek, eta Jose Arrue pintore bilbotarraren koadro bat erakutsi zuen: “El ciego versolari”, itsu bat gitarra eskuan eta ondoan andre bat ageri direna. Baita Arrasateko argazki bat ere: gurdi batean bikote bat, gizona gitarra eta andrea panderoa jotzen; aurrealdean, bertso paperak dauden kaxa ikusten da. «Zer dira, bertsolariak, bertso paper saltzaile hutsak? Zein da autorea?». Zalantza asko, baina ez omen dago dudarik jende hura ikuskizun haietatik eta bertsoak saltzetik bizi zela, eta badirudi arrakasta zutela. Emakume gehienak egile anonimoak ziren, eta bat-bateko bertsoak egiten zituzten beren ohiko zereginetan. Gizonezko bertsolariak oso ospetsuak izan ziren, eta batzuek ofizio bihurtu zuten bertsolaritza, baina emakumeek ez zuten pauso hori eman. 1811n Dominique Joseph Garatek Napoleoni kontatu zion Pirinioez bi aldeetako dantzen eta kantuen berri. Esan zionez, bi sexuetako gazteak elkarrekin egoten ziren, «beren ahotsak nahastuz, bat-bateko hitzen melodiak durundarazten». 1876an, Juan Mañe y Flaquerrek, “El oasis: viaje al país de los Fueros” lanean dio euskara bertsoak egiteko erraztasun handiko hizkuntza dela, eta «bi sexuetako inprobisatzaileen kopurua infinitua» dela. Valentin Zubiaurrek 1913tik aurrera pintatu zituen hiru koadrok “Versolaris” izenburua dute. Bitan argi ikusten da inprobisatzaileak gizonezkoak direla; haietako zaharrenean, berriz, emakumeak dira inprobisatzaileak. Jakingarria da irudi hori, emakumeak kantuan eta aldi berean lanean ari baitira. Ugalderen ondorioa, beraz, koadro horietan ere betetzen da: gizonek ia profesionalak izateko aukera zuten eta emakumeak beren egunerokotasunean baztertuta zeuden. Emakumeak lehian Hala ere, izan zen lehietan parte hartu zuen emakumerik; esate baterako, Anton Abadiak antolatutako lore jokoetan. Lehiok 1851n egiten hasi ziren, eta garaiko prentsaren kronikek haien berri ematen zuten. Hasieran aldez aurretik prestatutako bertsoak abesten zituzten; ondoren, bat-bateko lehia bihurtu ziren. Batzuek diotenez, lore joko haiek nolabait egungo txapelketen kanonak zehaztu zituzten. Eta izan ziren, parte hartzaile ez ezik, emakume txapeldunak ere. Josepa Hondarribikoa oso bertsolari trebe eta ospetsua izan zen, Bilintxek aipatua, baina ez zuen lore jokoetan parte hartzen. Julien Vinsonek esan zuenez, baziren emakume bertsolariak, baina «nekez ausartzen ziren parte hartzera». Hala ere, gutxienez hiruk parte hartu eta irabazi egin zuten. Marieder Uthurralt da haietako bat. Emakumeen garaipen haiek naturaltasunez jasotzen zituen prentsak. Hala ere, “L’Avenir des Pyrénées” kazeta errepublikanoaren kronika batek, 1894an, emakume txapeldunari «inprobisatzaile bikaina» esan bazion ere, bere sorpresa agertu zuen «sexu ahula sexu indartsuari gailendu» zitzaiolako. XX. mendea: gainbehera Mende bukaera hartan emakume bertsolarien gainbehera hasi zen. Desagertzen hasi ziren, alegia. Edonola ere, XX. mende hasieran baziren baten batzuk, hala nola Joxepa Antoni Aranberri, Xenpelarren familiakoa, edo Plazida Otaño, hura ere bertsolarien familia batekoa eta Txirritarekin buruz buru jardun zuena. Gainbehera hartan eragin zuten faktoreak ugari izan ziren: industrializazioa eta nekazaritza eremuetatik hirira joatea, familia zabala, eta harekin batera transmisioa, desagertzea, euskararen atzerakada eta emakume burgesaren eredu berria. Azken horri lotuta, eskolak ere paper garrantzitsua jokatu omen zuen. Ugaldek gogorarazi zuenez, alfabetatzeko funtzioa betetzeaz gainera, integrazio politikorako eta gizarte kontrolerako tresna ere izan ziren eskolak; Europa osoan bezala, hezkuntza sistemak gobernu liberalen nahia bete eta burgesia liberalaren balioak transmititzen ahalegindu ziren. Hartara, eskolan «neska desberdinak» izaten ikasi zuten neskatilek, eta haien hezkuntza ere berezia zen; hezkuntza morala zen garrantzitsuena eta «beren sexuari dagozkien» lanak ikasten zituzten. Mutilen hezkuntza eremu publikorako zen; neskena, berriz, etxerako. Eta esandako emakumearen eredu hori etxekoandrearena zen. Eta eskolaren zeregina izan zen, halaber, herri kultura gainditzea, «arrunkeria» ezabatzea. Gizonezko bertsolarien irudia arlotekeriari eta baldarkeriari lotuta agertzen zen; hortaz, pentsatzekoa da emakume bertsolariena nolakoa izango zen. Horren guztiaren ondorioz, emakume bertsolarien «ezkutaketa prozesua oso bizkorra izan zen». Galera haren paradigma Matea Joxepa Zubeldia jarri zuen Ugaldek, zorionez, halako batean «liburuetan kabitu den bertsolaria», Amagoia Mujikak GAUR8n emakume haren gaineko erreportaje batean zioen bezala. Estitxu Eizagirrek haren historia eta zenbait bertso jaso zituen “Bertsoaren haria Hernanin” liburuan. Matea Joxepa Zubeldia, Hernaniko Ibarluze baserrikoa, Madrilera joan zen neskame, jaio zen baserriko jabeen etxera. Han ezkondu eta bost seme-alaba izan zituen. 1904an, senarra oso gaixorik zegoela, Hernanira itzuli ziren eta Matea Joxepak denda bat zabaldu zuen. Senarra eta zazpi seme alaba aurrera atera zituen, Hernanin beste bi alaba jaio zitzaizkien eta. Haren bertso batzuk baztanga epidemia baten eta hura zela-eta Hernanin izandako istiluen lekuko dira. Jendaurrean aritzen zen eta herriko bertsolari batek botatzen zizkion bertsoei etxeko leihotik ematen zien erantzuna. Haren alabak, berriz, lotsatu egiten ziren batere ohikoak ez ziren amaren ohitura haiekin, eta, garai berriko espiritua barneratuta, ama hil zenean haren koaderno guztiak, berak eskuz eginak eta bertsoz eta poemaz beteak, erre egin zituzten. Emakume bertsolarien historia estalia. Emakumeen historia. Izan zen lore jokoetan parte hartu ez ezik, irabazi ere egin zuen emakumerik. Prentsak naturaltasunez jasotzen zituen garaipen haiek Matea Joxepa Zubeldiaren alabak lotsatu egiten ziren amak bertsotan egiten zuelako eta hil zenean haren koaderno guztiak erre zituzten