GAUR8 - mila leiho zabalik

Lurraldearen eraikuntzan parte hartu


Lurraldearekin eta oro har espazioarekin eta publikotasunarekin harremanean diren hartu-emanak despolitizatu egin dira. Bi prozesuk eragin dute lurraldearen eraikuntza gizartearen eragite esparrutik aldentzea: teknifikazioak ulergaitza eta adituen jarduna delakoan eta lurraldearen eraikuntza politikagintzaren parte bilakatzeak interes desberdin asko direlako jokoan. Azken hamarkadan nagusitu den parte hartze eskubidearen aldarrikapenak joera horri buelta emateko helburua du. Garaipen gisa uler daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak udalerrietako plangintza aurrera eramateko programa parte hartzaile bat ezartzera behartzen duela administrazioa. Baina ez gaitezen azkarregi poztu. Parte hartzea gauzatzea ez da panazea bat, lurralde ereduaren gaineko erabakietarako osasungarria eta beharrezkoa bada ere –lurraldetasuna ereiten du eta bidegabekeriei aurre egiteko aukera bat da–, partaidetza prozesuen eraginkortasuna aztertzeke dago.

Egun, lurralde edo espazio publikoaren inguruko parte hartzeak onarpen kuota handia du. Handiegia esango nuke. Salbuespenak salbuespen, parte hartzearen instituzionalizazio azkarrak parte hartzearen metodologia arautuegiak, aurreformulatuegiak eta estetizatuak sortzea ekarri du. Gauzak horrela, gizartearen parte hartzeari ateak ireki zaizkion arren, lurralde politikagintzaren norabideak berdintsu darrai, martxan jarritako parte hartze prozesu gutxik jartzen baitute arriskuan erakundearen kontrol esparrua. Ahantzi dugu partaidetza ez dela soilik herritar edo erabiltzailearen iritzia entzun eta jasotzea –gizartearen rol aktiboa definitu eta subjektu politiko bilakatzea–; parte hartzeak lurraldearen eraikuntza beste modu batean ulertzeko eta eraldatzeko tresna izan beharko luke. Hots, parte hartzea transformaziorako erreminta bat da.

Bestalde, parte hartzearen praktika kritika gutxirekin onartu ohi dugu. Parte hartze eskubidearen aldarrikapenetik berau idealizatzera salto egin dugu: partaidetza prozesu bat gauzatzeagatik erabaki baten zilegitasun bermea automatikoki lortuko balitz bezala. Parte hartzea kritikotasunez begiratzeak deseroso sentiarazten gaitu, hausnarketa kritikoak berak esku hartze partekatuaren beharra ezbaian jartzearekin harremanik ez badu ere. Hainbat aspektuk parte hartzearen kalitatea, erabilgarritasuna eta eraginkortasuna baldintzatzen dute: parte hartze prozesuaren erabaki-gaiaren transzendentzia, kolektiboki hartzen den erabakiaren eragin maila, iritzi heldu bat eratzeko eskainitako informazioaren egokitasuna, prozesuaren gardentasuna, prozesu izaera izatea, ikuspegi desberdin eta anitzak ordezkatzen dituztenen partaidetza bermatzea, prozesuaren gidaritza malgutasunez eramatea –ustekabeko natura izateko–, eztabaida hierarkikoa ekiditea eta ahots kontrajarrien hitza suspertzea.

Bi joera nagusi detekta daitezke orain arteko parte hartze esperientzietan: alde batetik, produktibotasuna lehenesten dela hausnarketaren gainetik –denbora eta diru mugaketek bultzatuta segur aski–. Ohikoena da, izan ere, partaidetza arazo baten soluzioa erdiesteko planteatzea, prozesuak mahai gainean jarritako alternatiben artean bat hobetsi edota tarteko bat proposatzeko helburu zehatzarekin –egoerarik okerrenean, aldez aurretik hartutako erabaki baten legitimatze prozesua da–. Eta bigarrena, parte hartze prozesuak adostasun espazioak izaten direla, gatazka arbuiatuz gehienetan. Abiapuntu neutral eta biderapen harmoniatsu bat sortzeko ideala nagusitu ohi da, manipulazioa disolbaturik balego bezala. Erabaki esparru batean jokoan dagoena zera da: kontrola nork duen eta botere harremanak nola gauzatuko diren, eta, beraz, kudeatzeko gaia izan behar du.

Bukatzeko esan, partaidetzaren aldarrikapenaren gailurra, parte hartzea tresna izatetik politika egiteko egitura izatera jauzia ematea litzatekeela. Partaidetza, etengabeko negoziaketa modura ulertuta, lurraldearen eraikuntzan hartuko liratekeen erabakiak une oro gizartearekin aurrez adosteko egitura dinamiko eta eraldatzailea izan zitekeen. Baliteke hori esatean idealismotik utopiara itzulipurdi egin izana... •