GAUR8 - mila leiho zabalik

Ezkerra: erabaki ezinik egon eta erabakitasunez ekin?


Interesez jarraitu ditut EH Bilduk gonbidatuta Europako ezkerraren ordezkariek gure artean esan dituztenak. Krisian dela ezkerra entzun dut, urgenteak diren arazoei erantzuteko gaitasun gabe. XX. mendea bukatu dela eta XXI. mendean ezkerrak benetako boterea nola eskura dezakeen zalantzaz betetako galdera dela. Politika puska txikitan zatitu den honetan, alderdi edo ideologia bakar batek jendearen gehiengoa ordezka dezakeen ideiak iraganeko erlikia dirudi. Baikortasun berri baterako arrazoiak eta adibideak falta ez diren arren, energia eta ikonoklasia freskoa dakarten mugimenduak ugaldu arren, oraingoz, boterea eskuratzeko aukera erreal baino, bat egiten ez dutenen protesta olatu gisa adierazi dira.

Globalizazioaren indar suntsitzaileari, lan tradizionalaren eta ezkerrarentzat sakratua den “langile” kontzeptuaren gainbeherari, antisistemaz mozorrotutako eskuin berri baten indartzeari nola aurre egin ez du asmatzen ezkerrak. Globalizazioaren aurkako oposizioan eskuina da liderra, bertako izate sentimenduarekin batera, kanpoarekiko eta kanpotarrekiko errezeloa azpimarratuz. Goizeko txandan milaka langile fabrikara sartzen zireneko egunerokoa aldatu egin da. Aurrera egiten saiatuz nahiko lan badu jendeak, denboran oso mugatuak diren lanen eta ugaltzen doazen autoenpleguen garaian. Eta, aurki, automatizazio zorrotz baten uhin indartsua etor liteke, urte gutxian freelance bezala lan egiten dutenen kopurua biderkatuz. Gainera, gero eta maizago, langileez hitz egiten da, elkartasunaren ikur baino indibidualizazioaren totem gisa aurkeztuz.

Hain abiada handikoak eta aldakorrak diren garaiotan, ezkerrak ez du lortu ahal duen guztia lortzen asmatzen, besteak beste, ez dakielako zer nahi duen. Ez dauka ziurtasunik, ez daki itxaron egin behar duen edo erasoa jo behar duen. Ez du erabakitasunez ekiten, ez ditu gainontzekoak hala egitera inspiratzen, eta, segur aski, horren arrazoi nagusia erabaki ezinik segitzen duela da.

Ez dago ezkerreko alderdirik betirako denik. Tradizio politikoak gainbeheran sar daitezke, gero forma berriak hartuta berragertzeko, edo, sentzilloki, desagertzeko. Ziurtasunez esan daitekeen bakarra zera da: ezkerrak iragan mendea atzean utziko badu, modernitatearen erronkei erantzuten dieten ideia eta konbikzioekin egin beharko du. Norabide horretan, esnatzen, ulertzen ez esateagatik, hasi berri baino ez dela dirudi.

Inork ezin du esan erronka erraza denik. Asmatu egin beharko da. Asmatu, erabaki zuzenak hartzen; asmatu, existitzen ez diren formulak asmatzen. Soluzioak bilatzeko behar diren tenplea, enpatia eta sen ona, egoeraren larritasunak eskatzen duen tentsioa, antagonismo eta intentsitate altuarekin orekatu beharko dira. Zentzu pragmatikoa beharko da, Rosa Luxemburgek zioen bezala, jendeak orain dituen beharrei erantzun praktikoa emanez, ez egoera hondatzen utziz horrek iraultzarako baldintza hobeak ekarriko lituzkeelakoan. Eta beti-beti, printzipio eta idealetan sendo mantenduz.

Aldaketa oro susmagarria izan ohi da, ia-ia iraganaren krimen bat. Europan bezala Euskal Herrian ere, gauza asko aldatu dira denbora gutxian eta askoz ere gehiago aldatuko dira. Europako ezkerra bezala EH Bildu bera ere, guztiz kontrolaezina den pronostiko idatzirik gabeko abentura politiko horretan sartuta dago. Ahalegin hori aurkikuntza etengabea izango da, kontraesana politikaren baldintza denez gero, zorionez, kontraesanez beterikoa. Bizitzan bezala politikan ere ez daude soluzioak, martxan dauden indarrak baizik. Horiek sortu, elikatu eta indartu beharko dira, gero, soluzioak etortzeko. Jokoan bezala, politikan ere apustua ez dela errenta jakinda. Esperantzaren bidetik saiatuz beti, ez inpazientziaren bultzadak eraginda ala desesperantzak uzten duen aukera bakarra hautatuz. Europako ezkerrak eta EH Bilduk ez dute berehalako emaitzen irrikaren itolarrian edo besteek egiten dituzten gauzen esperoan jokatzerik. Eta egiteko grina beharko dute beti, ez eginda egotearen nahia. •