GAUR8 - mila leiho zabalik
SEXU LANA, BESTE LAN BAT

«No sigo el guión...», sexu langileen ahotsa zabaltzen duen dokumentala

Iritzi ugari daude prostituzioaren gainean, fenomeno horren trataera sozial eta legalean eragina dutenak. Sexu langileen aurka edo haien «hobe beharrez». Zein da euren iritzia, ordea? «No sigo el guión...» dokumentalak haien bizipenak eta nahiak bildu ditu beraien ahotsen bidez. Ez dira gaizkileak, ezta biktimak ere: pertsonak dira eta eskubideak dituzte.


Badira prostituzioari begiratzeko hainbat era eta jarrera. Delitutzat jo eta erabateko debekua ezartzearen aldekotik, beste edozein lan bezala erregulatzeko eskatzen dueneraino. Kanpotiko begiradak dira. Baina zer pentsatzen dute protagonistek, sexu langileek berek?

Galdera hori mahaigaineratu bide zuten Sidalava Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeko lagunek. Izan ere, Batzordearen Nahikari egitasmoak sexu langileei gizarte arreta eta laguntza ematen dizkie, eta, ezagutza horretatik, errealitatea «gizarte agendan eta iritzi publikoan jartzeko» asmoa erakutsi du, prostituzioan aritzen direnen eskubideen ikuspegitik eta eman izan zaien paper biktimista eta pasiboa gaindituta, prostituzioaren gaineko ikuspegi nagusiek sexu langileak ikusezin egin eta ahultasun egoeran jartzen omen baitituzte. Beren asmo horretan aurrera, emakume sexu langileak boteretzeko tailerrak “No sigo el guión…” dokumentala sortu du, lagun anonimo baina egiazko, «ageriko baina ikusezin» horiengana hurbilduz. Betiere, protagonisten lekukotasunen eskutik: «Haien ahotsa lehenengo pertsonan, beraien ikuspegitik, pentsaeratik eta sentieratik, entzuteko apustua da».

Hilaren 2an, Emakume Sexu Langilearen Nazioarteko Egunean, aurkeztu zuten dokumentala Artium Museoko auditoriumean. Dokumentaleko protagonistak, jakina, emakume sexu langileak dira, eta gizarte eta kultura esparruko zenbait lagun ezagunek ere kolaboratu dute, hala nola Amalia Emborujo, Alex Martinez eta Silvia Gay EHUko irakasleek. Saioa La Omega abeslariak soinu banda eta abestiak egin ditu, eta Sidalavako zenbait kidek ere parte hartu dute, zehazki, Blanca Bastida gizarte integratzaileak, Claudia Martinez gizarte langileak eta Mikel Resa sexologoak.

Goiz osoko jardunaldia

Alba Merchan genero arloko erreferenteak aurkeztuta, Lide Amilibia EAEko Gizarte Politiketako sailburuordeak eta Claudia Martinezek zabaldu zuten goiz osoa iraun zuen jardunaldia. Ondoren, Ana Gomez Perez-Nieves Amnesty International erakundeko baliabide arduradunak munduan zehar sexu langileek instituzioetatik, hedabideetatik zein gizartetik jasaten dituzten eskubide urraketen berri eman zuen, eta sexu langileen giza eskubideak babestea posible dela esanez bukatu zuen. Horretarako, despenalizazioa ez ezik, estigmekin eta lagun horiek jasaten dituzten gehiegikeriekin bukatzeko neurriak aldarrikatu zituen: emakumeon ahalduntzea sustatzea, bizirauteko inor sexu lana egitera behartuta ez dela egongo ziurtatzea, sexu lanean ari dela inork esplotazioa eta biolentzia ez duela jasango bermatzea. Halaber, hezkuntzaren garrantzia azpimarratu zuen.

Hurrengo gonbidatua Paula Ezkerra ekintzaile eta sexu langile argentinarra izan zen. Putas y Alianzas eta Putas Indignadas kolektiboetako kidea, bost urtez Katalunian kargu politiko batean jardun ondoren, kalera itzuli da, sexu lanera. “Puta estigmari aurre egitea borroka feministako hurrengo pausoa da” izenburuko hitzaldia eskaini zuen.

Sexu langileen gaineko estigmak errazten omen die estatuei, legeei, beren eskubideak urratzea. Ustez emakumeak babesteko sortutako lege askok egiaz emakumeak ahuldu egiten dituztela esan zuen, jasaten duten genero indarkeria emakume guztiek jasaten duten berbera bada ere, areagotu egiten da legeek eskubideen jabe direla aitortzen ez dieten heinean.

Lanari dagokionez, esan zuen gizarte honetan halako estatusa duten zenbait lan sortu direla: «Ondo ikusita dago arkitektoa izatea, edo abokatua, baina ez ipurdiak garbitzea edo adineko jendea zaintzea; hala ere, gizarte hau emakumeek egiten dituzten doako lanetan oinarrituta dago. Mende askoan emakumeek egindako doako lanean». Zaintza lan guztiak, gehienbat emakumeek eginak, aitortu eta ordaindu egin behar dira. Eta aitorpen horrek sexu langileei ere eragin behar die, beren jardunak lan estatusa hartuta eta kontuan izanda, halaber, badirela pertsona ugari sexu lanik egin nahi ez dutenak, eta pertsona horiei lagundu egin behar zaiela beste irtenbide bati heltzen. Esan zuenez, zenbait herrialdetan erregulatuta dago sexu lana, baina ez sexu langileen ikuspuntutik, «eta hori arriskutsua da». Ez dute nahi sexu langileen ikuspuntua baztertzen duen erregulaziorik, eta sexu laneko kooperatibak aipatu zituen, erabateko autonomia dutenak eta beren lana esplotatuko duen inoren mende egon nahi ez duten emakumeek sortuak.

«Sexu langileak baino ez»

Dokumentaleko «ahotsen ordezkari» gisa, Carolinak hainbat sexu langilek agertzen dituzten kezkak, nahiak, esperientziak eta iritziak laburbildu zituen jarraian. Lekukotasun horiek ez ezik, prostituzioaren historia, instituzioen trataera eta zenbait gizarte langileren ikuspegia ere tartekatzen ditu dokumentalak.

Sylvia Gayk lege trataeraz dihardu filmean, eta trataera horietan eragina duten jarrerak zerrendatzen ditu. Lehena, debekua zigorraren bidez, prostituta gaizkilea den kontsiderazio sozialarekin batera. Bigarrena, abolizionista delakoa, prostituta biktimatzat daukana, eta, beraz, babestu beharrekotzat. Joera horixe a nagusi Europar Batasuneko estatuetan. Hirugarren bidea arautzearen aldekoa da: toleratu egiten du, baina benetako helburua kaleko prostituzioa ezabatzea da, «molestatzen duelako», prostituta komunitatearen bizikidetzarako gatazkatsua izan daitekeela uste baitu. Laugarren bidea erregulazionista da, mundu juridikoan eta sozialean, «eta eztabaida ideologiko feministan ere», oihartzun handiegirik izan ez duena, sexu langileen babeserako erregimen juridikoa ezartzearen aldekoa. Ikuspegi horren arabera, prostituta ez da ez gaizkilea, ez biktima, ez lagun gatazkatsua. «Sexu langilea baino ez».

Amalia Emborujok ibilbide historikoa egiten du dokumentalean. Antzinateko prostituta batzuk esklaboak zirela azaltzen du, eta, besteak, libertoak. Mundu grekoerromatarrean prostituzioa jarduera onartua zen, beharrezkotzat jotzen zuten, gaizki ikusita bazegoen ere. Ondoren, moral judu-kristauak, bekatuaren zama gehitu zuen prostituten gainean.

Mikel Resak ezinbestekotzat jotzen du dokumentalean sexu langileen arazoei heltzeko eta haren gainean hezteko, haiek zer nahi duten jakitea. Eta beraiek diote zer nahi duten: sexu langilea izateko motibo nagusia beharra da. Haietako bat 17 urterekin hasi zen lanean, ama izan zenean. Ez da bakarra. Azkar lortzen dute dirua, «baina ez da erraza». Gehienek ezkutatu egiten dute zertan lan egiten duten. Batzuek, aldiz, ez. Eta asko gaizki sentitzen dira beren lana ezkutatzeagatik.

Carolinak berak dokumentala hasi baino lehen esan zuenez, aurkeztutako lana elkarrekin emandako ordu askoren emaitza da. «Ordu horietan partekatu, ikasi eta barrena lasaitu egin dugu. Ahalduntze feminista prozesu bati ekin diogu, seguruenik bizitza osoa iraungo duen prozesu bati». Gune horretan elkar ezagutu eta batak bestearengan ikusi du bere burua, errespetu eta, batez ere, askatasun giroan, hainbesteko mina ematen dien gizarte estigma hori gainditzeko borrokan. «Gure lana ez da erraza, baina zer lan da erraza?», galdetu zuen. Sexu langileek ondradutzat jotzen dute beren lana, jan, jantzi, etxebizitza ordaindu eta beren familia aurrera ateratzeko dirua beraien sakrifizioaren bidez lortzen baitute. «Jende guztiak du zerbait esateko gutaz, denek hitz egiten dute gutaz, baina ez digute entzuten. Estigmatizatu egiten gaituzte baina ez dira informatzen. Ez dute ulertzen. Ez gara emakume txarrak, ez gara kaleak eta gizartea kutsatzen dituen zaborra, eta ez dugu lotsarik sentitu behar. Pertsonak gara, eskubideak eta berdintasuna nahi ditugunak, baldintza duinetan lan egin nahi dugunak; gaixorik gaudelako lan egiterik ez dugun egunean jango dugun segurtasuna izan nahi dugu, osasun arreta eta gizarte segurantza izatea, eta, zergatik ez, erretiroa». Azken batean, beren lanarekin ekonomiaren hazkundeari ekarpena egin nahi diote. Bestetik, biktima izateari uko egiten diotela esan zuen, eta ez direla ezer berezirik eskatzen ari, «beste edozein langilek duen segurtasun juridiko berbera baizik, estigmarik eta bazterkeriarik gabe». Erregularizazio argi baten faltak sexu langileei sortutako indarkeria eta arrisku egoerak salatzeko ere baliatu zuen aurkezpena.

Hezkuntza, gakoa

Bukatzeko, Carolinak esan zuen egun horretako agerpenek eta gisako ekitaldiek gizarteari emakume bakoitzaren atzean dagoen pertsona erakustea errazten dutela, maiz kantoietatik igarotzean barre egiten dieten emakume horien atzean dagoen pertsona. Eta ez dute nahi euren ordez hitz egin dezaten, eurek hitz egin baizik, «gure historiaren protagonista izan nahi dugu».

Sexu langileen ahotsa entzunda, estigma, aurreiritziak nola hautsi mahaigaineratzen du dokumentalak, baita erantzun ere: pentsamoldea aldatuz. «Sexu lana ez da arazo bat, mende askoko fenomenoa baizik», «ez da inor salbatu behar», diote. Eta hartarako hezkuntza «gakoa» dela argi dute, inplikatuen, kolektiboen, hezkuntza esparruaren, hedabideen zeregina.

Azkenik, beren ametsak agertzeko eskatu diete dokumentalean. Eta hainbati gutxieneko baldintzak irudituko litzaizkiokeen ametsok aipatu zituzten: etxe bat izatea, negozio bat izatea, herrira itzultzea, ikastea, bidaiatzea, beren egoera legeztatzea, zoriontsu izatea, bizimodu normala izatea. Amets xumeok betetzeko, ez litzateke hasiera txarra haien eskubideak aitortzea.