2017 UZT. 22 IKUSMIRA NI ERE ERRALDOITU EGITEN NAIZ Iñigo URIZ | ARGAZKI PRESS Amagoia Mujika Telleria Hemen gaude, berriz ere, erraldoiak parez pare. Zuek oihal luze eta ederrak dantzatzen, elegante. Ni, galtza motzetan eta belaunak urratuta. Zuek begirada guztiak erakarrita. Ni, amaren sorbalda gainean, inork begiratzen ez didala, txokolatezko izozkiaren azken kondarrak kamisetaren besoetan garbitzen, disimuluan. Baina ez gara hain desberdinak. Zuek kalera ateratzen zaretenean, ni erraldoitu egiten naiz, harrotu egiten naiz, inguratzen nauen mundua maite ditudan arauetara makurtzen delako egun batzuetan sikiera. Presarik ez, ez etxeratzeko ezta etxetik ateratzeko ere. Umore txarrik ez. Kalejirak, algarak eta laineza. Puxikak eta zaldiko-maldikoak. Txokolatezko izozkiak eta kroketak. Ez dakit zenbat zentimetro hazten naizen jaiek irauten duten bitartean, baina, martxa honetan, laster iritsiko da harrapatzen zaituztedan urtea. Orduan ez dut inoren sorbaldarik beharko zuei, nire erraldoi maiteei, begietara begiratzeko. amagoia.mujika@gaur8.info