GAUR8 - mila leiho zabalik

Bi enara bidaiariren amodio istorioa


Olaus Magnus artzapezpikuak 1555. urteko “Iparraldeko jendearen historia” obran idatzi bezala, udazkenean enarak ur sakonetan urperatzen dira, hurrengo udaberrira bitarte. Izan ere, “desagertu” baino lehen, urria erdialdean, ohikoa zen enarak urmaeletan pilatuta ikustea, lezka eta kanaberen artean. Bat-bateko desagerpena azaltzeko, lokatzetan lurperaturik hibernatzen zutela proposatu zen. Hurrengo urteetan egindako ikerketen ondorioz, errealitatea guztiz ezberdina zela ikusi zen. Enarek, beste hainbat hegaztik egiten duten antzera, migrazioak burutzen dituzte, eta ez kilometro gutxikoak: oso distantzia luzeko bidaiak egiten dituzte.

Arrazoi horrengatik, Urdaibai Bird Center zentroak enara bere ikonotzat hartu zuen. Bada, ezagut dezagun zertxobait gehiago enaren bizitzaz. Horretarako, Urdaibaiko baserri bateko enara bikote bat hartuko dugu abiapuntu modura. Beraien istorioa ezagutuko dugu, bidean planteatutako galderen erantzuna bilatuz.

Galdera horien erantzunak argitzeko, 2014. urteko uztailaren 18an geolokalizatzaile bana jarri zitzaien baserri batean habia egina zuen enara bikote bateko arrari zein emeari. Gailua transmisore txiki bat zen, txori bakoitzak lepoan eramango zuena, motxila bat bailitzan, Afrikarainoko bidaian. Gailu horrek, hain zuzen ere, hegazti fin eta trebe hauek burutuko zuten bidaia liluragarriaren sekretu guztiak gordeko zituen.

Behin transmisorea ipinita, enarak agurtu genituen Muxikako Etxebarrieta baserrian. Erronka itzela zen, izan ere, Afrikarantz abiatzen diren enaren erdia baino gehiago bidean zehar hiltzen dira. Hori bai, itzultzea lortzen duten enarek hainbat urte bizitzeko aukera izaten dute. Pentsa, jakin badakigu ezagutzen diren enara zaharrenak 16 urte betetzera heltzen direla.

Migrazioan jatorri anitzeko milaka enarekin batu arren, gure bikotea ez zen elkarrengandik banatu Afrikarako bidaia luzean. Txundigarria benetan! Irailaren 9an Urdaibaitik hasi zuten joanaldia, Iberiar penintsula osoa eta Saharako basamortua zeharkatu zituzten, eta, hamar egunen buruan, irailaren 19an, Monrovia Liberiako hiriburuaren inguruetan bukatu zuten beraien bidaia. 4.000 kilometro inguru egin zituzten, beraz, hegaz, eguneko 400 kilometro batez beste. Esan bezala, Liberia izan zen bikotearen helmuga, eta, bertan, sei hilabete igaron zituzten ehunka milaka enarek eratzen dituzten Afrikako etzalekuetan. Negua pasata, martxoaren 28an hasi zuten Urdaibaira bueltako bidaia.

Hau bai poza! Bikotea Etxebarrieta baserrira bueltatu zen egun bateko aldearekin. Arra apirilaren 10ean bueltatu zen baserrira, habia okupatu eta babestera; emea, aldiz, egun bat beranduago heldu zen bien arteko amodio istorio zoriontsua gorenera eramateko. Zorteduna da enarak etxean dauzkan baserritarra, milaka intsektu ehizatzen baitituzte, ia atsedenik hartu gabe, beraien umaldiak elikatzeko.

Txoriak eta nekazaritza ereduak

Nekazaritza modernoa da Europako hegazti arrunt ugarik azken hamarkadetan izan duten beherakada nabarmenaren arduradun nagusia. 2014an Erresuma Batuko Exeterreko Unibertsitateko ikerketa batek hala ondorioztatu zuen. Nekazaritza modernoan erabiltzen diren pozoi kimiko ugariak (erleentzat horren kaltegarriak diren neonikotinoideak kasu) txori askoren elikaduraren oinarria desagerrarazten ari dira –intsektuak, alegia–. Hori ez da inolaz ere nolanahiko kontua: intsektuen eta txorien populazioek garrantzi handia dute ekosistemen orekan. Ez hori bakarrik, txoriek oso zerbitzu baliagarria eskaintzen diote gizakiari, izurriak kontrolpean mantentzeko “tresna” natural oso baliagarria baitira. Beste alde batetik, zenbait espeziek landare espezie ezberdinak polinizatzen dituzte, edota zuhaitzen haziak sakabanatzen laguntzen dute.

SEO Birdlife erakundeak emandako datuen arabera, enara baten dietan euliak, eltxoak, inurri hegalariak, liztorrak, zimitzak eta kakalardo txikiak dira nagusi. Orduro, 60 intsektu jan ditzakete. Alegia, 850 intsektu egunean (gutxi gorabehera, 150 gramo intsektu egunero). Urte osoa hartuta, enara batek 310.000 intsektu jaten ditu (55 kilo guztira). Izurrien kontrolatzaile aparta, ezbairik gabe.