2017 ABU. 05 IKUSMIRA EGUN BERAREN BI ALDEAK LIBIAKO URETAN Ainara Lertxundi Abuztuaren 2an ateratako argazkiak dira biak. Goikoan, etorkinak Europara eraman behar zituen ontzian ikus daitezke, eta, behekoan, Aquarius erreskate ontzian, bizirik daudela ospatzen. SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeetako kideek erreskatatu zituzten. Abuztuaren 2an bertan, itsasoan etorkinak erreskatatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeentzako “Jokabide Kodea” indarrean ipini zuen Italiak. Araudia sinatzen ez dutenek horren «ondorioak beren gain hartu beharko» dituztela ohartarazi du jada Barne Ministerioak. Kodearen arabera, ontziak ezin dira Libiako uretara hurbildu eta ezin dute beraien kokalekuari buruzko informaziorik igorri, ezta radarra eta argi-seinaleak erabilita ere. Kodeak tarteka polizia armatu bat ontzira igotzea aurreikusten du, eta etorkinak itsasontzi batetik bestera eramatea debekatu. MSFk eta Alemaniako Jugend Rettet erakundeak kodea ez dutela sinatuko esan eta gutxira, Kostako Poliziak azken horren Iuventa ontzia geratu zuen Lampedusa uhartean. Ainara LERTXUNDI