GAUR8 - mila leiho zabalik

HTX: profesionaltasuna, boluntariotza eta metodoa


Bere helburu zuzenaz harago –euskal preso politikoen egoeraren onartezinaz jabetzea eta hauen kaleratzea babestea–, iragan berri den Hatortxu berezi honek bestelako balio handi bat ere izan du: boluntariotzaren artikulazio berritua garatzea. Auzolana eta militantzia gure tradizio politikoan txertatuta dauden kodeak dira, zalantzarik gabe; hor ez da ezer berririk asmatu. Baina Lakuntzan era berezi batean formulatu direla iruditzen zait. Hobetzeko asko egongo den arren, hein batean boluntariotzaren ideia garai berrietara egokitu dela iruditzen zait.

Lehenik eta behin, boluntariotza ez zaiolako hemen profesionaltasunari kontrajartzen. Emaitzak profesionala behar zuen izan. Horrek tentsioa eragiten du, denbora eta esperientziarekin kudeatzen ikasi behar dena. Baina onenak izatearen anbizioa asko eskertzen da garaiotan. Horrek baditu beste arrisku batzuk, noski, tartean fordismoaren eta toyotismoaren nahasketa bitxia. Herri gisa kooperatiboagoak izaten ikasi behar dugula uste dut, autonomia bi norabideko errepidea baita. Alor horretan Lakuntzan esperientzia politak izan direla aipatu behar da, adibidez Hatortxu-NAIZ elkarlan emankorra.

Edonola ere, militantziaren ikuspuntu indartsu hau boluntariotza amateurismora eta, ondorioz, asmo onetara edo printzipioen adostasunera eta ez helburu zehatzetara lotzen dituen ikuspegia baino emankorragoa dela uste dut. Beti txunditu naute ekimen baten helburuak “saiatuko gara…” erara formulatzen dituzten pertsonak eta egiturak, ebaluazioan beti bikain ateratzen baitute, helburu bakar bat ere lortu ez arren –jakina, saiatu, saiatu dira–.

Espezializazioaren puntua ere azpimarragarria iruditzen zait. Noski, denok mugi ditzakegu hesiak alde batetik bestera, ez erritmo berdinean ezta indar berdinarekin ere, baina arazorik gabe. Hori egin behar da eta egin nahi ez duenak toki txikia du hemen. Norberak eman dezakeen onena ematearen ideia, ordea, ez dago borondateari lotuta, baizik eta gaitasunei. Gaitasun horiek gara daitezke, zalantzarik gabe, ikas eta entrena daitezke. Baina iturgina edo argazkilaria bokatak egiten jartzeak, baldin eta hoditeria konpondu behar bada edo argazkiak atera behar badira, ez du bere horretan bestelako baliorik. Adi, klasismoa beste zerbait da. Baita guevarismoa ere. “Norberari bere beharren arabera, norberak bere ahalmenen arabera” leloak zentzu politiko sakona du, eta Hatortxun egoki egiten da.

Alor honetan, kapitalismoan “publiko-pribatu elkarlana” deitzen denak ere badu tokia. Profesionala ez da soilik ordainpekoa, baina ordaindu behar diren gauzak egon badira.

Ekimena zehatza, mugatua eta tasatua izateak ere laguntzen du. Baita ekimena izatea ere, alegia, ekintza bat, egin behar den zerbait. Asebetetzea berehalakoa da. Dinamikak eta prozesuak beharrezkoak dira, baina baita kanpainak ere. Zure ekintzen ondorioak bertan ikusten dituzu, emaitza zure begien aurrean dago. Zuk boluntario gisa onena eman ahal izateko aurretik beste batzuek egindako lana ere ikusgai zegoen, asignatutako tokira heldu bezain pronto. Segida horrek zentzua ematen dio boluntarioen lanari.

Efikazak izatea gauza handia da, jarritako helburuak lortzea, alegia. Efizientzian, ordea, helburu horiek lortzeko ahalik eta energia txikiena erabiltzean, asko dugu aurreratzeko. Mugimendu eta herri gisa dugun erronka handienetakoa dela esango nuke. Gardentasunaren auzia ere aztertu behar da, joera orokorra eta geldiezina baita.

Hatortxu Rock 20 hain ondo atera da –denak lagundu du, baita eguraldiak ere–, arrakastak berak arrisku batzuk ere badituela. Agian orain ez da unea, baina deskonpresioaren ondoren aztertu beharko dira. Emaitza zuzenaz harago, sinergiak, ekimen enpresarialak, proiektu txikiagoak, beste alor batzuetara aplikatzeko metodoak, nazioartera zabaltzeko aukerak, belaunaldien arteko harremanak sendotzeko bideak, bestelako kanpainetarako segmentazioak… atera daitezke hemendik. Balio orokorrez harago, know-how eta metodoak garatu dira hemen, eta horiek errentagarri bihurtzen eta kapitalizatzen asmatu behar da, Lakuntzako arrakasta are borobilagoa izan dadin. •