GAUR8 - mila leiho zabalik

Oporrak eta atsedena


Oporretan? Bai, azkenean bai». Onartu behar dut atseden egunak iritsi aurretik, antsietatez bizi nituela nahi eta iristen ez ziren egun horiek. Eta inguruan, zorionez, egun batzuk jai hartzeko aukera izan dutenak ere halatsu sentitu ditut... Eta hurrengo galdera honakoa da: «eta kanpora zoaz(te) ba?». Kanpoa eta etxea bereizten ditugu; askotan, bi horien arteko muga oso lausoa izan arren.

Baina dudarik ez dago, han edo hemen, ederki aprobetxatzen ditudala atseden egunak; hondartzan eguzkipean izerditan blaitzeko, lagunekin patxadazko elkarrizketak izateko, garagardoak edateko, paseoetarako, irakurtzeko, gosari maratonianoekin gozatzeko, larru jotze sosegatuetarako...

Eta deskonexio osoa sentitzeko nahiak bultzatuta, teknologiekin eta sare sozialekin dudan harremana datorkit behin eta berriz burura: «gaur ez naiz Facebooken sartuko, eta Whatsappa ere egunean pare bat aldiz ikusiko dut...» ; baina aitortu behar dizuet ez naizela gai izan. Hala ere, behintzat ordenagailua hamabost egunetan ez dut piztu, testu hau idatzi arte, eta, behintzat, zerbait badela pentsatuta, lasaitzen dut nire burua.

Badira hiru urte hilean behin zutabe hauxe idazteko proposamena onartu eta bideari ekin nionetik. Erronka gisa izan dut eginbeharra, eta, idazteko abilezia gehiegirik gabe, gogoz aritu naiz nire pentsamendua, hausnarketak eta lotura/zubiak eraikitzen. Askotan gauza asko esan nahi, guztia ezin esan eta ideiak aukeratzen; azkenaldian, berriz, dena esanda dudala sentituta, hitzak nondik atera ezinda; batzuetan, idatzitakoaren lasai, eta, maiz, berriz, urduri. Askotariko uneak izan ditut, baina ariketa interesgarria eta aberatsa izan da. Mila esker Amagoia aukera hau eskaintzegatik eta bereziki, zuei, irakurleei. Asko eskertzen ditut egin dizkidazuen kuku txikiak. Horrenbestez, oporren ostean atsedenean segituko dut plaza honetan. Deskantsu uneak eta batzuen isiluneak behar direlako, beste batzuen ahotsa entzunarazteko. Izan ongi. •